Euskerea berbagai  IV. urtea // 155. zenbakia

Tximeleta efektua?

Hizkuntzen eta bioaniztasunaren arteko buztarduraz


Hainbat lurralde astindu dauzen hegazti gripearen jatorria espliketako orduan, arrazoi batzuen artean, gizakiok ekosistemetan dogun esku-hartze bortitzaren teoria aitatu izan da. Horren arabera, mendeetan zarratu antzean egon diran ekosistemak inbadidu ahala, han ziranei beste baldintza batzuetara mutatzeko aukerak eskaini jakez, mutazino horri aurre egiteko defentsarik ez eukien espezietan-eta eraginez. Gauzak holan, gizakion eragina tarteko dala, ekosistemak sasoi baten egokitzeko eukien gaitasuna galtzen eta hondatzen ari dira. Baina, ekosistemen gainbehera honek badauka hizkuntzen eta kulturen biziraupenagaz zerikusirik.

Izan be, ezagutzen doguzan espezie biologikoen kopuruagaz alderatuta, hizkuntzen eta kulturen kopurua are urriagoa bada be, azken horreei erreparauta, 5.000 eta 7.000 arteko kopuruak dira egun darabilguzan zenbakiak. Horreetatik 300 bat hizkuntza dira miloe bat hiztun baino gehiago daukiezanak, eta munduko biztanleriaren % 95ek egiten dau berba horreetariko batean edota bestean. Osterantzeko hizkuntza guzti-guztietan, barriz, munduko biztanleriaren % 51k bakarrik egiten dau berba. Ganera, 2.500-3.500 hizkuntzek hamar mila hiztun baino gitxiago daukiez, eta lehenago aitatutako kopuru orokor horren laurenak, ostera, mila hiztun baino gitxiago daukie.

Halan da be, hizkuntza batek belaunik belaun iraun ahal izateko ehun mila hiztun behar dauz, gitxienez. Halan da ze, urtero, gu jabetzen ez garala, munduan, bataz beste, hamar hizkuntza desagertu egiten dira. Eta hizkuntzakaz kulturak, menderik mende gizakiok sortutako pentsamentuaren eta ideien unibersoa ezerezean amiltzen doaz, eta holan, hizkuntza bakotxa munduaren ikuspegi bakarraren emoitzea danez, hiztun alkarteak ekinean-ekinean bere inguruneagaz eregi dauen harremana, formulau dauen pentsamentua, ondare kulturalaren memoria desagertuz. Eta hizkuntzak desagertzean, hiztun alkarteak be desagertu egiten dira, hagatik, hizkuntz aniztasuna babestu beharreko balioa da, ez batzuen jakin-mina asebeteteko bakar-bakarrik, ezpada personen eta giza komunidadeen duintasuna mantentzeko.

Baina, zifren dantza horretan badago atentzinoa deitzen dauen beste zeozer. Izan be, aniztasun biologikoan oparoak diran guneak, aldi berean, hizkuntza eta kultur aniztasunean be emonkorrak dira, testuinguru horretan, egon badago ekosistemen eta hizkuntzen zein kulturen arteko harremanak aztertzen diharduanik. Horrexetara dator tximeleta efektuaren aipua, zientzia alorreko jazoera batzuk irudikatzeko edota deskribiduteko erabili ohi dan arren, hizkuntza eta kultura kontuetan be beste zeozer adierazoteko erabili leiteke, egin-eginean tximeleta espezie ugari dagoan lekuan, hizkuntza eta kultura ugari izango dirala lako baieztapenei ateak zabalduz.

Inguruabar horretan, hizkuntza aniztasuna, ingurune biologiko zabalak mantentzea eta modu jasangarrian ustiatzea izango litzatekez gizakion egungo eta etorkizuneko jokabidea gidatuko leukien hagak. Garapen iraunkorrak, holan, bizitzearen oinarri diran sistema naturalak (atmosferea, ura, lurrak eta izaki bizidunak) arriskuan ez dirala jarriko aintzat hartuko leuke. Bertan, izaki bizidunei gagokezala, gizakia eta haren pentsamentua, baita ideien unibersoa be (hizkuntzak eta kulturak), irauteko eta garatzeko egiazko aukerak eskainiz.

Baina, gizakion interbentzinoa bitarte dala, ekosistementzat ez da sasoirik onena. Izan be, Wilson biologoaren berbak gogoan, gaur egungo joereak jarraitzen badau, atzerabide bako espezien pobretzean jausiko gara. Eta bide batez, gizakiarentzat etorkizunean informazino genetiko mailan oso erabilgarriak izan leitekezan biblioteka biziak galduko dira. Gauzak holan, ekosistemen kopurua murriztu ahala, bizirauteko aukerak eskastu ahala, hizkuntzen eta kulturen kopurua be murrizteko joerea dagoala azpimarratu da.

Beraz, iragarpen baltza, baina, etorkizunak..., etorkizunak ez dau, derrigorrean, egin diran aurreikuspenik zertan bete.

Erramun Osa


'Guk ez dogu eskatzen baztertzeko, eta are gitxiago beste lorarik mozteko, geurea bizirik izteko baino. Ondasun kolektibo diran animalia eta landarak be, euren balioa babestua eta bultzatua daukien zibilizazino honetan, gehiegi eskatzea da hori? Ba, horixe da eskatzen doguna'. J. M. Barandiaran