Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 155. zenbakia

Osasungarria plastikozko botiletan ontziraturiko ura?


Diru piloa mobiduten dauen salgaia

Azken 30 urteotan ontziraturiko ura munduan dirurik gehien mobiduten dauen legezko hirugarren salgaia bihurtu dala kalkuletan da, petrolio eta kafearen aurretik. Munduko biztanleek urtean 148.000 miloe ur ontziratu edaten dabe, Nestlé multinazionalak emondako datuen arabera, eta urtero 84.000 miloe euro inguru gastetan dabez honetan.

Zientzialariek hobeto aztertu gura dabe plastikozko botiletan ontziratuta saltzen dan uraren auzi hau. Ganera, ez dau emoten guztiak bat datozenik. Izan be, Shotyk-ek topautako antimonio dosiak txiker-txikerrak ei dira, baimenduta ez dagoan kopurutik urrun.

'Jenteak ontziraturiko ura erosten dau, bizi kalidaderako hobea dala pentsetan dauelako. Baina, kontsumitzaileek datu guztiak euki behar leukiez eta gero horren araberako erabagiak hartu. Etxera botila bat ur mineral eroaten danean, publizidadeak saltzen dauen garbitasunaren irudia erosten da', adierazo dau kimiko alemanak. 'Jenteari ez jako ziririk sartu behar'.

Beste alde batetik, petrolioa erruz erabilten da botila mueta honeek egiteko. AEBetako herritarrek ur botiletan urtean 1,5 miloe upel petrolio erabilten dabez, urtean 100.000 auto martxan eukiteko beste. Mundu osoan, urtean, ur botiletarako 2,7 milioe tona plastiko behar da. Fabrikazinoan behar dan energiatarako erabilten dan petrolioa ahaztu barik.

Antza danez, datuok kontuan hartuta, ontziraturiko ur gardena ez da hain osasungarria, ez kontsumitzaileei begira, ezta ingurumenari begira be. Ganera, mundu industrializatuan sarritan botilako urak ez dau iturrikoak baino berme handiagoa eskaintzen, eta hainbat eta hainbat dira iturriko ura erabiliz merkaturaturiko freskagarriak nahiz ur mineralak be.

Begiluzea

Heidelberg-eko Unibersidadeko William Shotyk zientzialariak egindako azken ikerlanaren arabera, plastikozko botiletan ontziraturiko urak nahiz freskagarriak ez dira hasikera batean emoten daben baizen osasungarriak. Shotyk-en esanetan, plastikozko ontzi honeek antimonioa botaten dabe, besteak beste nerbio sistemearen desordenak eta gonbitoak sortu eragiteko gauza dan toxikoa. Zientzialariak dinoan lez, bidea beti bardina izaten da: pozoia plastikotik likidora pasetan da te zorro batetik kikara bete uretara pasauko litzateken modu berean.

Ikerlari honen ondorio polemikoak nahiko modu garratzean hartuak izan dira uraren industriagintzan. Dana dala, Shotyk-ek argi adierazo dau ez daukala ezelako dudarik azterlanaren ganean. 'Are gehiago, edarien industriagintzan gehien erabilten diran plastikozko PET botilei alternatibak bilatu behar jakoz, edariak eta ingurumena kutsatuko ez dauzan botila biodegradagarria garatuz'.

Ikerlan hau Royal Society of Chemistry Journal-en hurrengo zenbakian emongo da argitara eta Europan salgai dagozan ur mineraleko 48 markatan oinarritzen da, bai eta Kanadako beste 15etan be. 'Polietilen tereftalatoz egindako botila guztiek antimonioa botaten dabe', ziurtatzen dau zientzialariak. Areago, 'likidoak zenbat eta denpora luzeago emon botilan, pozoi honen kontzentrazinoa orduan eta handiagoa da'.