Diasporeak be su-etenaren barri emon dau
New Yorkeko Eusko Etxeko sareko eeny.org aldizkariak AEBetan bizi diran euskaldunen eretxiak batu ditu. Boiseko Cenarrusa Euskal Ikasketetako lehendakari Joseba Chertudik adierazo dau inportantea dala su-etena iraunkorra izatea, ez dala behin-behinekoa, horrek bidea zabaltzen dauelako Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko negoziazinoan, konponbide baketsuan amaituko dauen prozesuan. David Bieter Boiseko lehen alkate euskaldunaren berbetan, ETAk indarkeria alde batera ixtean, auto-gobernurako aukera gehiago egongo dira. Bieter, 2002an, Idahoko Ordezkarien Ganberako kidea izan zanean, ebazpen bat bultzatu eban: Euskal Herriarten autodeterminazioa eskubidearen alde, Euskal Herrian indarkeria amaitzearen alde eta Espainiako, Frantziako eta Euskal Herriko gobernuek bakea lortzeko ildoak jorratzearen alde.
Azkenik, Txilen, Santiago uriburuko Euskal Etxeko webgunean Eusko Jaurlaritzaren komunikadua argitara emon dabe. Kanadan, Vancourverreko Zazpiak Bat euskal etxeko kideek oraintsu webgune barri bat sarean jarri dabe eta bertan ETAren agiriaren barri emon dabe.
Daborduko albistea mundu osoan zabaldu da. Diasporako euskaldunek esaten dabe eurak zortzigarrenak dirala; holan ba, eurak be eukiko dabe zer esan eta eretxiak agertzeko aukerea prozesuan. Izan be, egin beharreko bidea luzea izango da.
Iratxe Ormatza
Sarean ibili gara munduan zehar ETAren su-etenak izan dauen zabalkundea jakin guran. Europako eta Ameriketako hainbat egunkarik berehala plazaratu eben albistea, espaniar eta frantziar komunkabideez gan. Erresuma Batuko BBCk eta egunkariek eta Italiako, Finlandiako, Alemaniako, Portugaleko eta Suitzako egunkariek be barria zabaldu eben. Itsasoaren bestaldean bardin jokatu eben AEBetako CNNek eta egunkariek eta Argentinako, Boliviako, Brasileko, Kanadako, Txileko, Konlonbiako, Costa Ricako, Ekuadorreko, Hondurasko, Mexikoko, Nikaraguako, Puerto Ricoko, Dominikar Errepublikako, Urugaiko eta Venezuelako egunkariek albistea kaleratu eben.
Diasporako euskal etxeetako sareko guneek eta aldizkariek be albistea jorratu dabe. NABOko (AEBetako euskal alkarteen federazinoa) kultura sustatzaile John Isursak Astero aldizkaria sarean argitaratzeari ekin barri deutso. Bigarren zenbakian zabal jorratu dau albistea: ETA zelan sortu zan, orain arte egin dauen bidea eta gaur egungo egoeran su-etena iragarteko azaltzeko bere arrazoiak emon ditu. Aurrera begira itxaropentsu agertu da Isursa.