'Hiriko istorioak', J C Perezen disko barria
Juan Carlos Perez Itoiz taldeko abeslari legez ezagutu genduan orain 30 urtetik gora. Euskerazko pop musikearen barruan Itoiz izan da erreferentzia; 1974an sortu zan, Euskal Herrian rock mobimenturik ez egoanean, eta hasieratik lilurea sortu eban entzuleen artean. Aurrerago, 80ko hamarkadako euskal talderik arrakastatsuena izan zan.
Juan Carlos Perezek musikea ez dau sekula baztertu eta bakarka be disko batzuk plazaratu izan ditu. Zenbait talderentzat produkzino artistikoak egin izan ditu (Jotakie, Tahúres Zurdos eta Piztiak. Geroago Maixa Ta Ixiar taldearen 'Uhinez Uhin' diskoaren produkzino artistikoabe bai. 1983 eta 1984 urteen bitartean, bibolina ikasi eban bi urtez eta, era berean, Bilboko Kontserbatorioan, solfeo, armonia eta pianoa ikasten hasi zan. 1984an, Itoiz-egaz batera, Telesailetako soinu bandatan lan egiten hasi zan (La Aventura Humana, Los Tres Anillos,...). 1989an, Musika Elektroakustikako Konposizino ikastaro bat egin eban Cuenca-ko Kontserbatorioan, Gabriel Brnzic maisuaren zuzendaritzapean. Harrez gero, beste lan ugari egin ditu antzerki, dantza edota zinerako.
Bizkaie!
Apirilaren lehenengo astean kaleratuko dau disko barria Juan Carlos Perezek: 'Hiriko istorioak', hain zuzen be. Estudioan baina zuzenean grabautako diskoa da eta bakarka ataratako 'Atlantic River', 'Hau berua' eta 'Ikaro' diskoetako zenbait abestiz gan, inoiz argitara emon bako hiruzpalau kantu agertuko dira. Era berean, Itoiz taldearen lehen diskoko 'Astelehen urdin batean' (1978) abestiaren birmoldaketea be sartu dau disko barrian.
Pop-rock estilotik aldendu eta jazz formazinora hurreratu da oraingoan. Fernan Irazoki (bateria), Chris Kase (Tronpetea), Gonzalo Tejada (kontrabaxua, Andrzej Olejniczak (saxoa) eta Alberto Urretxo (tronboia) ditu abentura honetan bidelagun.