Bidaide  II. urtea // 22. zenbakia - 2003ko martiaren 15a

Maroko (II)

Uri inperialak


Meknes eta Rabat

Meknes, uri inperial txikiena da eta interes historikoko ezaugarri eta monumentu gitxiagokoa izan arren, uri lasaiena eta abegikorrena da eta normalean turista larregi be ez da egoten. Uriak mila urte baino gehiagoko historia dauka eta antxinatasun hori edonon igarriko dogu. Segurutik hasieran pentsautakoa baino denpora gehiago egingo dogu Meknesen.

Beste alde batetik, Rabat, Erresumako egungo uriburua da eta beharbada uri inperial ezezagunena. Dana dala, horrek ez dau esan gura merezidu ez dauenik. Akaso, mendebaldeko ukutu handieneko uria da Rabat eta garapen maila handienekoa; duda barik, uriburu ekonomikoa dan Casablanca baino atseginagoa. Beste hiru uri inperialakaz konparauta kontraste edo alde handiak igarriko doguz: alde batetik, Rabateko etorbide luze dotoreak eta kosmopolitismoa eta, bestetik, ganerako urietako azpigarapena. Medinetako labirintoak faltan hartzen badoguz, ibaiaren beste aldean, Sale dago eta hor lehen aitatutako urietako ezaugarri guztiak topauko doguz. Dana dala, Rabat ezin hobeto kokatuta dago, hondartzak Atlantiko itsosora begira dagoz eta oro har, gaur egungo Marokoren eta etorkizunaren ikur berezia da.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.


Marokoko Erresumako uririk ezagunenak eta bisitatuenak, duda barik, uri inperialak dira: Marrakex, Rabat, Fez eta Meknes. Uri horreetan dagoz lurraldeko harribitxi arkitektoniko ederrenak eta gaur egungo Marokoren irudi zehatza dira. Historiako momentu jakinetan uri horreek guztiak nazinoaren uriburu izan dira eta hori adierazoten daben eraikin erraldoiak edonon topau daitekez. Kaleetan bizi dan giroagaitik eta gehienbat Atlasaren atea dalako (kokapen geografiko bereziagaitik) Marrakex da urtean zehar bisitari gehien hartzen dauen uria.

Marrakex

Uri honetan miloe bat eta erdi lagun bizi dira eta Marokoko laugarren uri jentetsuena da; horrezaz ganera, beste uri inperialakaz zerikusi gitxien dauen uria da. Kolore gorria da Marrakexen ezaugarri. Kobreaire okreko harresiak, inguruko basamortuko tonalidade gorrixkak eta etxe askotako kolore arrosa oso esanguratsuak dira. Koloreen harian, Bereber legenda baten arabera, uriko meskitarik garrantzitsuena eregiten isuritako odolak eraginda gaur egun guztia da gorria...; legendak bazterrean itxita, Marrakex Marokoko uririk ospetsuena da eta berbarako Djemaa el Fna plazea, metropoliko bihotz zaratatsu zoragarria da. Plaza erraldoia da eta egun osoan zehar jentez ganezka dago; egunez, guztien gozamenerako laranja ur eta beste edari batzuen saltokiak, suge enkantatzaileak, ipuin kontalariak eta urketariak gatza eta berakatza ipinten dabe. Dana dala, benetako ikuskizuna gauez hasten da: minutu gitxitan karpa asko eregiten ditue, gehienak jatetxeak baina bestelako saltokiak be bai. Artxoa erreta (baita burua be), lurreko karakolak, cous-cous eta bertako beste jateko batzuk prezio onean lortuko doguz. Hori bai, dudazko garbitasun eta higiene baldintzakaz ausartzen ez diranentzat hobe izango da plaza inguruetako jatetxeetara joatea (jatetxe honeetatik be badago modua plazako giroa ikusteko). Urian meskita eta monumentu erlijioso ugari topauko dozuez baina, duda barik, ganerako uri inperialetan legez, Djemaa el Fna plazearen iparraldean dagoan Medina da interesgunerik garrantzitsuena bisitariarentzat.

Medinak

Medina uriko alde zaharra da eta hortxe egoten dira zoco edo azoka ospetsuak, denda eta jentez ganezka topauko doguzan kale estu eta nahaspilatsuak; batzuen gozamenerako eta beste batzuen zoramenerako era guztietako usain eta sentsazinoak hartuko doguz leku horretan. Duda barik, medinan dago Marokoko esentzia edo muina. Kalezuloak benetako labirinto edo galmendia dira eta sarritan turista askok faux guide edo gidari faltsua (momentuan negozietan dan diru kopurua eskatuko deuskuen gida marokiarrak) kontratau behar izaten dabe leku horreetatik urtetako. Arrazoi askogaitik zoco edo azoka horreek benetan ikusgarriak dira eta argiztapena be benetan ederra izaten da; kale estuen estalkitzat, lastoa erabilten dabe eta, beraz, eguzki izpi gitxi batzuk baino ez dira barrura sartzen sekulako itzal eta argigune irudi magikoak osotuz. Argi apur hori kaleko hautsagaz nahastauta argi-sorta misteriotsuak sortzen dira eta emakumeen jantzi koloretsuen distira eta magia pare bakoa izaten da.

Fez

Beharbada hauxe da glamour gehien gordetan dauen uria eta ganera zaharrena da. Medina inguratzen daben harresiek eta medinaren neurri erraldoiak argi erakusten dabe munduko erdi aroko uri bizi esanguratsuenetakoa dala, Marrakexen ondoren, garrantzitsuenetakoa. Ikuspegi historikoa kontuan hartuta uririk interesgarriena da baina arrisku bizian dago, izan be, apurka-apurka alde zaharra (Fez el Bali) alperrik galtzen joan da; azken aldian, nouvelle ville joan da indarra hartzen eta gaur egun hortxe bizi dira herritar gehienak. Fezeko auzo judutarra ikusgarria da: egurrezko etxeak, errege jauregia eta harresiko ateak, batez be, Bab Bou Jeloudekoak uriko gunerik ederrenetarikoak dira. Ikastetxe erlijioso zaharrak (medersa) be ikusgarriak dira, batez be, barrualdeko zur-lanketeagaitik. Halan da be, guztiaren gainetik, taneria bat bisitetea proposatzen deutsuet, hau da, larruak tindetako lekuak, izan be, erdi aroko ogibideetako bat ezagutzeko aukera aparta eskaintzen deuskue. Edozelan be, Marokoren gaineko III. Kapituluan luze eta zabal aztertuko dogu gai hau.