Kulturea  IV. urtea // 155. zenbakia

Enkarterrietako Museoan Bernat Vidal eskultorearen 'Norabideak' erakusketea ikusgai


Bizkaie!

Bizkaiko Batzar Nagusiek Abellanedako Batzarretxean (Sopuertan) daben Enkarterrietako Museoak Bernat Vidal AbadiƱoko eskultorearen zenbait piezaren erakusketea zabaldu dau eta apirilaren 23ra arte egongo da ikusgai, 'Norabideak' izenburupean. Piezak altzairuzkoak eta arbelezkoak dira eta Museoaren kanpoaldean zein barruan ikus daitekez.

Modu honetan, bi erakusketa izango dira aldi berean Museoan, bata Vidalena eta bestea 'Historiaurreko horma-artea Enkarterriko kobazuloetan' deritzona, zezeilaren 23an inaugurau eta apirilaren 30era arte izango dana.

'Norabideak' izenburupean, Bernat Vidalen erakusketak hausnarketea egiten dau biziaren norabide eta bidegurutzeen inguruan, bizitzan zehar uneoro topetan diranak. 'Bidean aurrera egiten dala izaten diran bira eta aldaketek lerroak eta bideak atontzen dabez, argi-argiak eta zuzen-zuzenak batzuetan eta bihurriak beste batzuetan. Helmugea barik, ibilbidea bera da garrantzitsua', azaldu dabe Museoko arduradunek artista abadiƱoarraren erakusketearen inguruan.

Erakusketan ikusgai dagozan zirkulu-sortek ikuspegi intimistagoa agertzen dabe, gizakien sinismenik zaharrenetatik datorrena (eguzkia, lurra). Enkarterrietako Museoan ikusi daitekezan piezak ikuslearen aurrez-aurre antolaturik dagoz, hilarriak balira legez, euskal hilarrien omenaldi eta gomutagarritzat, eskultorearentzat Euskal Herriaren kulturearen ikur dira eta.

Bernat Vidalen lana euskal eskulturearen eskolakoa da, nahiz eta berak bere burua inoiz ez dauen ezetariko artista-taldetan sartu gura, bere bidea beti eroan dauelako ofizioen miresmenerantz. Erakusketa honen bitartez ikusleak hausnarketara eta norbera sakonago ezagutzera eroan gura ditu Bernat Vidalek.