Barriketan  IV. urtea // 155. zenbakia

Laura Mintegi: 'lotsea galdu eta emakumearen apologia egin dot'

1955ean Lizarran jaio arren, Venezuelan, Bilbon eta Algortan bizi izan da eta Getxoko herrian daborduko 30 urtetik gora daroaz.

Euskerea Bilbon ikasi eban 17 bat urtegaz. Deustuko Unibersidadean Historia lizentziaduna da eta Psikologian doktore.
1981tik aurrera EHUn dabil Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasle.

’Anaitasuna’ aldizkariko partaide izan zan, desagertu arte, ‘Ttua-ttua’ literatur aldizkaria sortu eta zuzendu eban, Joanes Urkijogaz batera. Era berean, hainbat aldizkari, egunkari eta irratitan kolaborau izan dau.
’Ilusioaren ordaina’ narrazino laburrak argitaratu ebazan 1983an eta oraingoz bost nobela argitaratu ditu ‘Bai...baina ez’, ‘Legez kanpo’, ‘Nerea eta biok’, ‘Sisifo maiteminez’ eta, azkena, oraintsu argitaratutako ‘Ecce Homo’, maskulinidadea eta politikea buztartuz datorrena.

Gaur egun, Euskal Herriko PEN Klubeko lehendakaria da.

1.- Aurrekoetan lez, egoera gatx eta gogorrak (tortura, maitemina, ardura existentziala) bizi dabezan personaien gorabeherak kontetan dozuz, muturreko egoeretan, gizakiek emoten dabezan erantzunen gainean, hain zuzen. Liburuan zenbat da fikzinoa eta zenbat zeuk bizitako esperientzia eta gogoetak?

Dana da fikzinoa, ez dot inoren bizitza kontau gura izan eta gitxiago nirea baina emakumearen ikuspuntua da nagusi; edozelan be, ezer ez da guzurra, dana da egia. Jakina, ezagutzeko moduko personaia eta egoera asko dagoz liburuan, geure begien aurrean ipini gura izan dot egunerokotasuna gu guztiok jaubetu gaitezan esperientzia horreek benetan baliogarriak dirala hausnarketak egiteko. Askotan ez doguz baloretan gure esperientziak pentsaurik arruntak dirala baina ez dira uste bezain arruntak, hau da, herri honetan dogun bizitasuna eta esperientzia metaketea ikaragarri aberatsa da eta zeozelan horixe agertu gura izan dot.

2.- Jose eta Begoren artekoa kontetan dozu baina historia atxakia hutsa da zure barruko gogoetak plazaratzeko. Zergaitik aukeratu zenduan nobelea beste formatu batzuen alde egin beharrean?

Ikusten dodalako nobelea sormen lana dan neurrian, aukerea emoten dauela esan ezina esateko; beste aukera bat saiakerea egitea izan eitekean ze holakoetan hasieratik badakizu zer esan behar dozun, hipotesi batetik abiatzen zara. Sormen lanean, barriz, abiapuntu bati ekin arren, zehatz ez dakizu noraino helduko zaran, intuizinotik asko dago eta beti dago plus bat; zintzo jokatu ezkero, sormenak aukerea emoten dau ezustekoa azaltzeko eta horregaitik jo neban nobelara.

3.- ‘Ecce homo’ nobeleak genesi luzea izan dau, hiruzpalau urteko lanaren emoitzea da eta, antza, gaia argi euki arren, kontau gura zenduana kontetako modua, baliabideak topetan ibili zara luzaroan...

Bai, hiruzpalau baino gehiago laupabost edo bospasei urteko genesia izan dau liburuak. Hasierako apunteak aztertzen hasten nazanean, aspaldi-aspaldikoak dirala konturatzen naz. Inoiz baino zirriborro gehiago egin dot liburu honetarako, esango neuke sei aldiz hasi dodala nobela hau. Banekian maskulinidadea zala gai nagusia politikeagaz batera baina gizonezkoei bakarrik ezin neutsen berbea emon, ze gizonezko baten ahotik bakarrik berba egin ezkero, nahikoa artifizial ikusten neban. Zeozer ezagutzen badot emakume ikuspuntua da baina ahots bikotxa behar neban, interlokutorea eta formula horregaz asmau arte trabauta egon naz. Jakina, nobela batean garrantzitsuena historia nork kontetan dauen izaten da; hori klabea da eta hori asmau ezean, ez atzera ez aurrera zagoz.

4.- Liburuaren gaia gizon zein emakumeen maskulinidadea eta politikea dala autortu dozu baina feminidadeaz be asko dago liburuan, gizon eta emakumeen arteko hartu-emonez, ezintasuna, faltsukeria, gatazkak konpontzeko alkarrizketearen beharra... ‘Ecce mulier’ be izan eitekean izenburua?

Bai, izan eitekean baina bi arrazoirengaitik ez neban ipini; autortu behar dot maskulinidadeaz ezin dala berba egin feminidadeaz berba egin barik eta, egia esan, nire hurreko gizonezkoek beti esan deustie askosaz interesgarriagoa, sakonagoa dala feminidadez berba egitea, maskulinidadeaz baino. Maskulinidadea, zoritxarrez, gaur egun nahiko laua da, bolumen bakoa. Edozelan be, nik ez neban emakumeaz berba egin gura, batetik, markatuta geratuko litzatekelako eta, bestetik, aspertuta nagoalako emakume izateagaitik emakumeen inguruan berba egin beharraz. Gurago neban emakumeaz berba egitea baina gizonari buruz berba egiten dozun atxakiagaz.


5.- Emakumearen gorespena eta apologia atzemoten da liburuan...

Bai. Pudorea galdu eta lotsa barik jokatu dot, ez dot sentiduten parkamena eskatu behar dodanik emakume izateagaitik, ez dogu bizitza osoan diskulpetan ibili beharrik, holakoa naz, holakoak gara eta emakumearen ahotik berba egiteko askatasuna sentidu dot; ganera, ekarpena dala pentsetan dot, hau da, zenbat eta personalagoa izan liburua orduan eta ekarpen handiagoa egiten jako literaturearen panorameari.

6.- Idealismoa, militantzia, herri mobimentuak... ahaztu eta edozer egiteko kapaz da Jose ospearen, diruaren, estatusaren eta boterearen truk. Izan ala eduki, bizitzan egin beharreko autu garrantzitsuenetakoa ete da?

Ahaztu barik nahastau egin ditu Josek horreek guztiak. Askotan oso mehea da idealismo, militantzia eta botere nahiaren arteko lerroa eta orduan, momentu batean uste dot bera politika femenino, paritario, horizontal eta bardintasunezko batetik abiatu arren, izakereagaitik bere jokerea politika maskulinoa egitea dala, liderra gainetik, hierarkikoa, besteei berbea emon barik... Kontraesan horretan jausten da eta horregaitik pasetan jako arerioaren irudi bera hartzen dauela; arerioaren kontra burrukatzen dozunean, amaieran arerioren kalko bihurtzen zara, ez bazara kapaz gogoratzeko zeren alde egiten zenduan burrukan. Ganera arerioa mirestu egiten dau. Hori pasetan jako Joseri, momentu batean ahaztu egiten ditu hasierako mobimentuaren printzipioak (izan) eta joten dau (eduki) horretara.

7.- Jarduera politikoa eta Politika bereizten ditu Begok eta Politikaren motorra boterea eskuratzea dala. Horretan bat zatoz?

Politikea letra larriz, justizia soziala da eta batzuetan justizia soziala lortzeko ez da ezinbesteko baldintza boterea eskuratzea ezpada, boterea konpartidutea. Benetako motorra Politikea izan beharko litzateke. Gauza bat da gizateriak aurrera egitea ikuspuntu historizista batetik (zertan egin dogu aurrera mundua mundu danetik) Politikeari esker; beste kontu bat da boterea helburu dauen aditiboa, politikoa, sano gaitzezgarria eta nazkagarria askotan.

8.- ‘Maskulinoak izateari uzten dioten heinean, emazteek ere feminitatea galtzen dute’, ‘maite dut gizona den gizona’, ‘gizon bakanok emakume jokatzen dute’ lako baieztapen biribilak botaten dozuz. Gaur egungo gizona zelan definiduko zeunke?

Emakumeak izan dira lehen elementu matxistak askotan, hau da, emakumeak maskulinidadearen balio soziala bereganatzen dauenean, oso matxista bihurtu daiteke eta gure herrian argi ikusten da hori; Alardearen kontua hor dago. Balore maskulinoa goresten eta femeninoa gaitzesten danean, emakumea da sistema igualitarioaren arerio handiena.

Gazte batzuei entzun izan deutset esaten gizon osoak, sentiberak, bigunak izaten erakutsi deutsien arren, gero edozein kamioilari edo marinelek eroaten dabezala neska guztiak. Oso barruratuta daukagu gizon mueta bat, kalte gehien egin leigun gizonagaz maitemintzen gara eta sarritan pentsetan dot Haegel kontuan hartu beharko geunkela, esklabuaren sindromeaz, izan be, esklabua ez da menpean, esklabutzan bizi dana, bere burua esklabutzat daukana baino eta emakumeen kasuan askotan pasetan da hori.

Bigarren itaunari erantzunez, gizonak galduta dagozala uste dot euren rola aldatzen doalako oso arin eta ez eurek aukeratuta, behartuta baino. Emakumeak presaka eta bultzaka datoz eta horregaitik galduta ikusten dodaz gizonak. Gizonik sensibleenek, barriz, galtzeko baino gehiago irabazteko daukiela ikusi dabe aldaketeagaz. Beste batzuk ez dabe aldaketarik gura galduko dabena baino ez dabelako ikusten eta, ganera, ez daukielako sensibilidade nahikorik ikusteko irabazteko daukien guztia. Aldaketea norberak bultzatzen dauenean, galduta egon zaitekez baina badakizu nora jo; emakumeen kasua da hori, argi daukielako euren ama eta amamak bezela ez dabela bizi gura, beste zeozer gura dabela eurentzat eta euren alabentzat.

9.- Liburu biribilena, landuena ei da hau, ‘tontoleszentzia’ baztertu eta helduaroan sartzeko pausua. Obra bakararren azken kapituluetarako bidean zagozala sentiduten dozu?

Ez. Oraindino bide luzea geratzen jatala uste dot, ikasteko asko falta jat. Ganera, oraintxe hasi nazala ikasten tresnak erabilten esango neuke; erosoago sentiduten naz. Orain 23 urte kaleratu neban lehenengo liburua eta horregaz be harro nago baina teknikea gero eta hobeto kontroletan dot. Espero dot beste 23 aurretik eukitea eta, beraz, ekuadorrean nagoala esan daiteke. Jakina, hurrengo liburua kakazarra izan daiteke nire buruari zintzotasuna eskatzen ez badeutsat. Akaso, hau be ez da ona, hori irakurleek esan beharko dabe. Fikzinoa egin daiteke baina simulakrorik ez.

Hurrengo libururako gaia badaukat eta aspalditik nabil horri bueltak emoten baina aurreratuko deutsut hor be ardura existentziala egongo dala aurrekoetan lez.

10.- Euskal Pen kluba sortzeko akuilua Egunkaria-ren itxierea izan zan baina ordutik zertan zabizie?

Lan bikotxa egiten gabiz eta Euskal Pen Kluba daborduko ezaguna izatea lortu dogu; barrura begira taldea sendotzen gabiz eta geure taldea bera eta euskal literaturea, euskal idazleak, euskal kulturea eta euskerearen egoerea ezagutzera emoten.

Ganera, proiektu asko daukaguz eta bat nabarmentzekotan orain urte batzuk Unescoren babespean Bartzelonan argitaratutako hizkuntza eskubideen deklarazino unibersalarren gaineko argitalpen bat aitatuko neuke, euskeraz eta inglesez, mundu ososko idazleen adierazpenakaz atarako doguna gero Europan banatzeko.

Koldo Isusi Zuazo