Kulturea  IV. urtea // 155. zenbakia

Euskaltzaindiak Andolin Eguzkitzaren lanak katalogauko ditu


Biografia

Andolin Eguzkitza Bilbao Santurtzin jaio zan 1953ko abenduaren 6an eta 2004ko martiaren 24an hil zan Bilbon. Euskerearen eta euskal kulturearen aldeko langile nekaezina, ezkerraldeko lehen euskaltzaina izan zan.

Oinarrizko ikasketak egin ondoren, Deustuko Unibersidadean Filologia Erromanikoa ikasi eban eta 1975ean lizentziau zan. Lizentziaturea eskuratu bezain laster, Salamancara joan zan, Koldo Mitxelena zanaren ondoan ikasketak egitera. Urtebete beranduago, 1976an, Koloniara joan zan eta hando Unibersidadeko Hizkuntzalaritza Institutuan urte bi emon ebazan. Ondoren, Estadu Batuetara joan zan eta Iowa-ko Unibersidadean, 1980an, Hizkuntzalaritza Orokorrean irakasletzea lortu eban. Hurrengo helburua doktoregoa eskuratzea izan zan eta 1986an egin eban, Kaliforniako Unibersidadean, Los Angeles-en (UCLA), Hizkuntzalaritza erromanikoan. Bere tesiaren izenburua ‘Topics on the Syntax of Basque and Romance’ izan zan.

Danetara, hamabi urte emon ebazan Euskal Herritik kanpora eta bueltau zanean, irakasle legez hasi zan lanean, Deustuko Unibersidadean lehenengo eta Euskal Herriko Unibersidadean gero, Gasteizko campusean. Bertan egin eban lan hil arte, Hizkuntzalaritza Orokorra, Semantikea eta Tipologia Linguistikoa irakasten.

2003ko irailean, Hizkuntzalaritza Orokorra eta Tipologoa izeneko katedrea lortu eban.

Euskaltzaindiak 1991n izentau eban euskaltzain urgazle eta 2001eko martiaren 31n, euskaltzain oso. Luis Villasanteren hutsunea bete eban Akademian. Sarrera berbaldia 2005ko zezeilaren 23an egin eban Santurtzin, ‘Xalotasunaren laudorioa’ gaiaren inguruan. Xabier Kintanak emon eutson erantzuna. Akademian, Deialektologia batzordeko burua zan, Gramatika batzordeko kidea, Exonomastika azpibatzordearen arduraduna eta Azkue Biblioteka batzordeko kidea.

Eguzkitza Euskal Idazleen Alkartearen lehendakaria izan zan 1977tik 2002ko martira arte. Bestetik, Eusko Jaurlaritzearen Euskerearen Aholku Batzordeko kide be izan zan, 1997tik hil arte.

Ikastaro eta berbaldi ugari emon ebazan, Euskal Herriko zein kanpoko unibersidadeetan, hizkuntzalaritzaz zein literaturaz. Udako Euskal Unibersidadean be urtero egiten ebazan irakasle lanak. Horrezaz ganera, artikulu asko (zientifikoak eta literarioak) argitaratu ebazan hainbat argitalpenetan.

Saioa Torre Gereketa

Euskaltzaindiak eta Santurtziko Udalak Andolin Eguzkitza idazle, hizkuntzalari eta euskaltzain zanaren lanak digitalizetako eta katalogetako hitzarmena sinatu dabe. Euskaltzaindiaren ordezkari legez Andres Urrutia izan zan sinatze-ekitaldian eta Santurtziko Udalaren ordezkaria Javier Cruz alkatea izan zan.

Akordio horren arabera, Euskaltzaindiak Eguzkitzak itxitako bilduma zabala eta idatzi propioak euskarri digitalera pasau eta katalogetako ardurea hartuko dau. Horretarako, Akademiak beste hitzarmen bat sinatu dau Andolin Eguzkitzaren familiagaz, eurak baitira egile-eskubideen jaubeak.

Hitzarmenean jasotako akordioen jarraipena egiteko, Euskaltzaindiak batzorde edo komisino berezia osotuko dau. Santurtziko Udaleko Hizkuntza Normalkuntza eta Itzulpen saileko buruak eta Euskaltzaindiako kudeatzaile batek osotuko dabe batzorde hori. Sei hilebete eskas eukiko dabez 2.500-3.000 liburu (literatur lanak dira gehienak baina badagoz hizkuntzalaritzearen eta filosofiaren ganekoak be) eta oro har hizkuntzalaritzearen ganeko 1.500 artikulu inguru aztertzeko eta sailkatzeko. Lanok euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta alemaneraz dagoz.

Eguzkitzaren obrea eta artxiboa jentearentzat eta ikertzaileentzat eskuragai jartea da Euskaltzaindiaren helburua, Urrutiak zehaztu eban legez. Halanda be, oraindino ez dago zehaztuta non jarriko daben katalogazinoa.

Euskal Gaien Ikerketa Zentroa Eguzkitzaren izenean

Santurtzin Euskal Gaien Ikerketa Zentroa egiteko proiektuaren barri be emon eban Javier Cruz Alkateak. Pasa dan astean zabaldu eben euskaltzain santurtziarraren izena daroan parkea. Bertan, Andolinen bustoa jarri dabe eta aurrerantzean beraren izena eroango dauen zentroa zabaltzea da udalaren helburua.