Kulturea  IV. urtea // 155. zenbakia

Spencer Tunick artisteak persona biluziak bilduko ditu apirilaren 22an Donostian


Bizkaie!

Spencer Tunick artista garaikidea boluntario bila dabil datorren apirilaren 22an Donostian egingo dauen instalazinorako. Tunick ezaguna da leku publikoetan persona biluzi ugari bilduz egiten dituan instalazino ospetsuengaitik, eta apirilaren 22an Donostian izango da Estaduko bigarren instalazino handiena egiteko, 2003an Bartzelonan egin ebanaren ondoren.

COFF fundazinoak prentsa-ohar bidez jakinarazo dauenez, parte hartu gura daben boluntarioek www.coff.es webgunean emon leikie izena.

Instalazino horreekaz artista iparamerikarrak landu nahi dauen artelanak gorputzaren zentzu eskultorikoa goretsi, uriko paisaien konfigurazinoan dauen plastizidadea nabarmendu eta giza gorputzak eremu publikoaren eta pribatuaren artean ezartzen dauen mugea aditzera emotea dau helburu.

Spencer Tunick nazinoartean da ospetsua leku publikoetan biluzi ugarien erretratu masiboak egiteagaitik. Bere artelanak, leku jakinetarako aldi baterako instalazino lez sailkatuak, mundu guztiko uri desbardinetan landu izan ditu aldi bakotxean, besteak beste, Montreal, Melbourne, Santiago, Sao Paulo eta Buenos Airesen.

Milaka boluntariok parte hartu izan dabe instalazino horreetan, 300 eta 7.000 parte-hartzaile bitartean erakarriz. Lyongo azkeneko Arte Garaikideko Biurtekoan 1.500 persona baino gehiago biltzea lortu eban.

Ordoñez-Falcón Argazkigintza Fundazinoa (COFF) dabil ekimen hau Donostian bultzatzen, eta esperientzia honetan parte hartu gura daben guztiak konbidau nahi ditu, artelan berezi baten sorkuntzan partaide izatea eskainiz.

Ekimenean parte hartzeko baldintzak ondokoak dira: 18 urtetik gorakoa izatea (edo gurasoen baimena izatea adin txikikoak diranen kasuan) eta www.coff.es web-orrian izena emotea; bertan jakinarazoko jake nora eta zer ordutan bertaratu behar daben ekitaldian parte hartzeko eta argibide gehiago. Parte-hartzaileek bakarrik izango dabe baimena instalazinoa egingo dan esparruan sartzeko.