Upelako berbalagunak
Ekintza horreen adibide, Bizkaiko berbalagun batzuek (Urtuella, Getxo, Muskiz, Bilbo eta inguruetakoak) osteratxo bat egin eben Gipuzkoara joan dan zapatuan (martiak 18). Goizean goiz Bilbon batu eta Zumaiara joan ziran. Bertan kostaldeko herriaren paraje ederra ezagutzeko aukerea izan eben (bai oinez, bai txalupan, bai erakusketa batean) eta ondoren Asteasuko Sarasola sagardotegira joan ziran.
Sagardotegian giro ederra sortu zan kupelen inguruan, bertsolariak eroan ebezelako okasinorako. Euskaldunen meketako ohiturak zaharrak bizi ebezan lehenengo personan, sagardotegira bertaratutako zaragozar, ekuadortar eta euskaldunen artean. Esan beharra dago berbalagunen artean be jatorri askotako jentea batu zala taldean. Iluntzean Azpeitira joan ziran eta herriko tabernetan ligetako ikastaro praktikoen saiakerak ikusi ahal izan ziran. Hala eta guztiz be, nahiko euskaldunak izan ziran berbalagunak horretan be.
Egun polita ekimen politagoaren barruan. Ostera, badauka berbalaguna proiektuak behar dauen osogai garrantzitsu bat: euskeraz erreztasunez berba egiten dauen jentea. Egon badagoz, baina gehiago dira euskeraz ikasten dabizanak ikasprozesua amaitutzat emoten dabenak baino. Alde horretatik, ondo egongo zan Bizkaieko irakurle berbalapiko batzuk berbalagun proiektuan parte hartzera animetea.
Euskereak eskertuko deutsue!
Xabier Paia
Prozesu berbeak gero eta garrantzi handiagoa daukan egunotan, euskalduntze eta hizkuntz normalizazino prozesuak ezin doguz bazterrean itxi. Izan be, gero eta jente gehiagok erakusten dau euskeraz biziteko borondatea eta ideologien arteko gatazka nabarmena baldin bada gure inguruan, hizkuntzen arteko burrukea askozaz be agirikoagoa da; nahiz eta batzuetan agirikoa bietako hizkuntza baten absentzia izaten dan.
Esandako legez, euskal herritar askok hizkuntzen balantzea orekatu gura dau (argi dago dan-danak ez dirala, ostantzean...), baita atzerritik (asagokotik zein parajekotik) etorritako hainbat euskal herritar barrik be. Eta hain zuzen be horreen guztien gogoak eta asmoak bateratzeko sortu zan berbalaguna proiektua.
Berbalaguna proiektuak euskeraz berba egiteko jarioa daukien eta euki gura dauen jentea batzeko egitasmoa da. Herriz herri, berbalagun taldeak palan ibilten dira, poteoan, zinemara joaten dira... bizimodu normalean jente normalak egiten dauen hori egiten dabe. Desbardintasuna bakarra da: euren bizitza normalean ez bezela, berbalagunek euskeraz egiten dabela. Horretara, zinemara joanda be, filma euskeraz komentauko dabe eta gitxinaka, ez dakienek jakingo dabe, dakienak irakasle lana egin dauela sumatu barik.
Hain zuzen be, hor dagoalako euskerearen zabalkunderako programa honen gakoa: euskeraz ondo dakienak ez dau sentidu behar inoren begiralea danik. Hori baino, lagunakaz egingo leuken bizimodua euki behar dau bere berbalagunakaz. Azken batean, laguntasuna ezartzen bada hizkuntzearen beharrizan eta ikasprozesuaren ganetik, euskerea ekintzak egiteko atxakia izatetik ekintza horreen kode izatera pasau beharko dalako.