Payatarrak, a ze parea
Azaleko edo azal aldaketako kontuon ostean, Deustuko Jaietarako bidean jarri genduzan bertsolariak, Deustuko zubi zabaldu barrian eskegita, eta puntukako saio bizi bategaz emon eutsien amaierea saioari, ordu biak emoteko zirala. Gero bai, batzuk Deustura bidean joan ziran, jai girora, eta beste batzuk erretiradea hartu genduan eguneko azken garaipen modura. Hori bai, afari goxo eta bertso saio sakona baino umoretsuagoa gozau ostean. Abante Kulturgunea hurrengo saioak preparetan dabil. Apirilean bertso-poteo barria izango da Zazpikaleetan, eta Maiatzaren 26rako saio berezia dauka iragarrita: igazko Irudimenaren Merkatuan saioaren aritik, aurton Bilborock aretoan izango dira Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio, esperimentaletik dezente izango dauen bertso-saioan. Bagilean amaituko da saioen ekimen hau, eta bertso-bazkari bategaz emongo jako amaierea.
Iñaki Aurrekoetxea
Joan dan barikuan, hilak 10, bertso-afaria izan zan Bilboko Zazpikaleetako Errondabide Herriko Tabernan. Abante Kulturguneak antolatuta, hileroko bertso-poteoetan beste formatuetako saioak tartekatzen dabez, eta oraingoan afaria preparau eben Fredi eta Xabier Payagaz. Morboa eragiten dauen bikotea kartelean, biak puntako bertsolari gazteak: Fredi Bizkaiko azken txapelketan aurreko laukotean sartu zan, eta Xabik Txapelketa Nagusi bikaina osotu eban, besteak beste anaia Fredi sailkapenean atzean itxi ostean. Saioa ona izan zan, baina bikaina izateko zatia faltau izan jakon, batez be bertsolariak ur sakonetan sartzeko gogo handirik barik ikusi genduzalako. Saioa barikuz izateak zerikusia eukiko dau horretan, ez bertsolariak bakarrik, ezpadaze entzuleak eurak be nekatuta doaz afarira, eta ondo pasetako asmoagaz urreratzen diranez, badakigu zein dan biderik eta laburrena: barre egitea. Payatarrek hasikeratik egin eben, antza, irakurketa hori, eta egia esateko, umorea sortzen asmau egin eben, momentu batzutan barre algaraka ibili ginenok ondo dakigun lez.
Berrogei bat lagun batu ziran afarian, eta bertsolariak gauerdirako hogei minutu falta ziranean hasi ziran kantuan. Librean hasi eben saioa, modu horretan atsedenaldira arte irauteko asmoagaz. Fredik hartu eban saioa zabaltzeko ardurea, eta doinutik doinurako aldaketak egiteaz be berau arduratu zan. Irlandarren santuaren eguna zan barikuan, eta agurretako bueltetan euki eben aitamenik:
Fredi Paya
San Patrick egun zerbezatuak
gurago dodaz nik askoz,
baina Errondan ospatzeak be
emoten dost hainbeste poz.
Gaur Irlandatik Euskal Herrira
zubia eraikiz bertsoz,
baina Irlandan bakea dago
eta gu gerrara gatoz.
Xabi Paya
Ikusten danez gogoko dozu
gai lez ba Euskal Herria,
hala ez bada be norantza hori
argi deutsut igerria.
Baina akatsa iruditen jat
anaia sano larria
beti ezberdintzen ez dozuz eta
san Patrick ta San Patria.
Batak besteagaz sartzeko aukereari ez eutson ukorik egin gau osoan, eta alkar ondo ezagutzen daben anaiak izanda, entzuleari oso erakargarria egiten jako besteren ezkaratzeko barri entzutea. Lehenengo doinu aldaketan euren aurreko entzuleak seminarista itxurea hartzen hasita zirala bota eban Fredik, eta Xabiren erantzuna eta anaiaren kontraerasoa:
(...)
neuk aldiz Fredi ezin dot egin
orain zeure gogoeta,
Botafumeiro horrexen keaz
ez dodaz ikusten eta.
(...)
hain molestoa eiten al jatzu
nire Luckyaren kea?
Inposatzera etorri al zara
tabakoaren legea.
Tabakoaren legeari buelta batzuk eskaini ostean, Galiako personaiak hartu ebezan ahotan, eta afariko lagunen artean Panoramix eta Asuranceturis topau. Xabik Ideafix txakurra faltan bota eta, jarraian, aurretik jandako sukalkia gogoan, saltsea oso goxo egon zala autortu eban. Galiatik Greziako Olinpora egin eben salto, Bilboko Kafe Antzokiko eragile Jabi Lauzirika “Apolo” mahaian zala aprobetxauta. Apoloren ondoan Afrodita, Zeus... eta Xabik gero Rodinen pentsalariaren harrizko azalean imini eban anaia, baina garuna falarta jakola gehituta. Anaiaren erantzuna ez zan xamurragoa, eskulturearen artetik urten barik Xabi Oteizaren asmakizun hutsean bihurtu ebalako. Gaia edozein zala, anaia batek bestea zirikatzen eban lantzean lantzean, eta entzuleak gerra horregaz gozau.
Saioko momentu gorenetako bat Barrio Sesamoko personaia biren papelean jardun ebenean etorri zan. Eurak sartu ziran, kasualidadez, Epi eta Blasen azalean, Xabik publikoaren eskuma, ezkerra eta zentroa aitatu, Fredik Bilbo zentroa ez, baina epizentroa dala, eta Xabik bera Epi bada, Fredi Blas. Txiste tonto eta infantila emoten dau, baina kontua da holako baten Xabi Epi pesonaiaren ahotsa imitatuz hasi zala kantetan, eta Frediri ez jakola beste erremediorik geratu Blasena imitetea baino, eta han jarri eban eskua sudurrean bertsoa kantetako. Barre algaraka jarri ginduezan, hiruna bertsotan edo modu berean aritu ziralako, askoren umezaroko telebista saioa gogora ekarrita:
Epi
Ni ere ibili naiz
imsomnioarekin
eta zer egin dudan
ez dakizu jakin.
Kalera irten nintzen
lasai, gustura, fin,
ta orain gorputzean dut
ez dakit zenbat min,
gero lo egin bainuen
Espineterekin.
Blas
(...)
Espineteri egin
zenion jaramon.
Txemaren ogiari
ez gehiago itxaron,
eta beste laguna
jakizu non dagon:
barne sailburua da
Lakuan Don Pimpon.
Atsedenaldian Abantek preparautako kantu orritik kantetan aritu ziran bertaratutakoak, tartean bertsolarien parajeko kantu bi, Zortzi nobioak eta Santiago eta Santana. Saioaren bigarren zatian gaiak jarri geuntsiezan bertsolariei (idazten dabilen hau aritu zan zeregin horretan). Hasteko gai serio antzekoa tokau zan, eta entzuleek ez dakit, baina bertsolariek ez eben aproposa ikusi bertsolarien eta idazleen arteko balizko gerran sakontzeko, eta orduan saioaren aurreko zatiko tonorantz bueltetea erabagi gendun. Anaiak azalez aldatu eta Txapelketearen balantzea egiten jarri genduzan. Orduan be, Txapelketeari kasu askorik ez eta bestearen azalean ondo sartzeko ahaleginean zentrau ziran, baita lortu be. Epi eta Blasen antzerkia hobetu egin eben. Xabik zigarroa eskuetan hartu, aulkian batera eta bestera mobidu, hatza bizar eta burura eroan, anaiaren hizkera trabatua esajeratuz... eta Fredi geldi geldi, eta garbi, kantaera geldoago eta ahozkatuagoan:
Xabi (Frediren azalean)
Anaia plasta da bai,
oraingo honetan,
beharrezkoa genuke...beharrezkoa dugu
benetan benetan.
Jode, ez naiz aurkitzen
ni hementxe bertan,
zerbait daukat kanpoan,
zerbaiten alertan:
jo, hobe egon banintz
Deustuko Jaietan.
(jarraian Xabi bere petxe basoa hartzera joian)
Fredi (Xabiren azalean)
Hau nirea da Fredi,
mesedez parkatu,
ez nioke nai, noski,
amari kontatu.
Fredik berriro dula
nire tragoa hartu,
nik nezazkizuetenez
hori komentatu,
kontxolis, petxea ez da
ondino ebaporatu.
Xabi
Silverrek flipatuko
luke halako baten,
luckyari begira
zenbat astakirten!
Pataxarana badaukat
erdi irakiten,
ai Xabiertxu maitia
utzidazu esaten:
aspaldi ez nizula
“papitos” egiten.
Fredi
Zazpi alditan egin
didazula aurten
ta hori ez diodala
amari esaten.
Zure marihuana hau
galduta nonbaiten,
ta nahiz eta ikusi
zaitudan haur baten (?),
ikusi nahi zintuzket
peta bat egiten.