Gogoratu nitaz
Ideia hau Sarera zabaldu da, ‘Stop AIDS Now!’ (HIESA gelditu orain) erakundearen eskutik. Honeek ‘Remenber me when I’m gone’ proiektua plazaratu dabe eta lan honek alde bi beteten ditu: batetik, umeari aita edo amaren heriotzearen ondorioz sortu jakon hutsunea zelan edo holan betetea eta, bestetik, hur dagoan heriotzearen aurrean familiako hartu-emonak estututea.
HIESA dala eta, heriotzako ordua ‘aurreratu’ egiten da. Agian, Natureari itxi ezkero, bizitza luzeagoa izango leuke persona horrek baina HIESAz jota dagoanaren bizia laburtu egiten da. Bitartean, ume oso txikiak euki ezkero, eurentzako oroit-liburua egin daiteke. Umeak falta handia izango dau baina, zelan edo holan, aita edo ama ezagutzeko aukerea eukiko dau.
www.remerbermewhenimgone.org orrian (ingelesez dago) holako liburuak egiteko jarraibideak lortzeko aukerea emoten jaku. Azken batean, gidoi antzeko bat izango da. Artxiboa PDF edo Word formatuan dago eta, besteak beste, holako puntuak daukaz: jaiotza data eta lekua, txikitan izandako lagunak, oroimenak, zer gustetan jakon eta zer ez, zelako sinismenak, ilusinoak... Jarraibideak 29 hizkuntzatan dagoz (katalanez be bai, baina euskeraz ez) eta doban lor geinkez.
Gotzon Plaza,
informatikoa
Planeta txiki eta urdin honetan emoten dogun egonaldia nahiko laburra da. Momentutxu bat baino ez gara egongo eta nahiz eta denbora hori guretzat garrantzitsuena izan, zist-zast batean alde egingo dogu hemendik. Bizitzak alde bi daukaz, Bizitza eta Heriotza. Gure kultura honetan eta gure gizarte honetan lehenengoari emoten deutsagu garrantzi gehiago eta bigarren atala, sarritan, aitatu be ez dogu gura. Aitatu ala ez, hor dago eta inork ezin izango deutso holako ziteari uko egin.
Guk alde egingo dogu baina, akaso, ondorengoren bat edo familiaren bat itxiko dogu hemen. Batzutan, gurasoak hilten diranean, seme-alabak oso txikiak diralako edota guraso eta seme-alaben arteko hartu-emona estuegia ez dalako izan, gauza asko esan barik geratzen dira. Ume horreek ez dukie euren gurasoen oroimenik, nortzuk ziran, zelakoak, zelako ardurakaz, zelako asmo eta amesakaz. Izena baino ez dabe ezagutuko askotan.
Gizarte batzuetan, hutsune hori beteteko edo, nahiko zabalduta dago gurasoek oroit-liburuak egitea seme-alabentzako. Hau da, persona bat gaixorik dagoanean, honako galderak etorri ahal jakoz burura: zelako oroimena izango dabe nire seme-alabek nitaz? Zelan ikusiko naue? Nor izango naz neu eurentzako? Oroit-liburuak umeek euren gurasoen ganean izango daben ezagumena hobetzeko balio dabe.