Tristán & Isolda
Erromatarren inperioa desegin eta gero, Britainia hainbat eremutan bananduta dago, irlandarren menpe. Britainiako buruzagietariko batek, Lord Marke, irla osoko tribuak batu gura dauz, nazino sendoa osotzeko eta ugartearen burujabetasuna bermatzeko. Agintepean daukan zaldunik garrantzitsuena Tristan da; Markek txiker-txikerretatik hazi dau, irlandarren eraso baten ondorioz umezurtz geratu eta gero. Tristanen laguntzinoagaz, Markek irlandarrei irabazi eta Britainia osoaren kontrola eskuratuko dauela pentsetan dau.
Horixe da film honen abiapuntua; barria izan ez eta hainbat biderrez ikusi dogun arren, gauza txukun bat atontzeko oinarri sendoa izan daiteke, baina, zoritxarrez, pelikula honek hutsune larria dauka: gidoia. Alkarrizketak guztiz ganorabakoak eta hutsalak dira, kalidade eskasekoak. Ganera, filmaren egitureak ez deutso bape laguntzen eta dan-dana Irlandako erregearen alabearen eta Tristanen arteko ezinezko amodio beroaldi merke baten inguruan oinarritzen da.
Bestalde, alkarrizketa burubakoei eta egitura makalari laguntzeko, neurriz kanpoko burruka saio ilunak ikusi daitekez, baina James Francori zer edo zer emon behar jako, bere burua agertzeko; izan be, antzezpen beharrari jagokonez, ez dakigu zelango aktorea dan film osoan musturtuta agertzen jakulako, odol txarrez eta saminduta. Sophia Myles-k apur bat hobeto jardun dau, baina ez zoragarri. Maila pattal honen ganetik dagoan bakarra Rufus Sewell da, baina horrek, jakina danez, ezin dau erreskatau salbetako oralekurik bape ez daukana. Film hau zinema aretoan lo egin gura dabenei baino ezin jake gomendatu.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Kevin Reynolds.
- Herrialdeak: Erresuma Batua, Alemania eta AEB.
Iraupena: 125 minutu.
- Antzezleak: James Franco (Tristan), Sophia Myles (Isolda), Rufus Sewell (Lord Marke), David Patrick O'Hara (Rey Donnchadh), Henry Cavill (Melot), J.B. Blanc (Leon), Thomas Sangster (Tristán [Joven]), Jamie King (Anwick), Leo Gregory (Simon), Richard Dillane (Aragon), Wolfgang Müller (Rothgar).
- Gidoia: Dean Georgaris.
- Argazkia: Arthur Reinhart.
- Muntaia: Peter Boyle.