Eretxia  IV. urtea // 154. zenbakia

Ezker abertzalea presinopean. Bake prozesua arriskuan?


IƱaki Atxutegi

Lagun batek esaten eustan orain gitxi obsesionauta gabilzala Euskadin ditxosozko bake prozesuagaz. Nire lagun honen esanetan, jazo beharrekoa jazoko da eta alperrekakoa da horreenbeste hausnarketa, eretxi, pentsamentu eta interpretazino lan egitea. Erantzun neutson konponduta ikusi gura izateak monotematiko izatera eroaten gaituala, eta horrexegaitik emon izan doguzala (eta emongo doguzala) asteak gai beraren ganean jo ta ke, nahiz eta sarritan zer esan jakin ez. Prozesua bideratuta ikusi arte, behintzat.

Jazoten dana kontestu zuzenean imintea ez da erraza behar beste daturik ez daukagulako. Ez dabil oker nire laguna, alde horretatik. Batzuetan kosta egiten jat egunen batean bake prozesua hasi egingo dala sinistea. Horra azken boladan jazotakoa: orain pare bat aste ETAko preso bi hil ziran kartzelan. Joan dan astean Arnaldo Otegi kartzelara joateko zorian egon izan da. Bronkitis bati esker librau da elgoibartarra. Euren komunikazinno arduraduna kartzelan dago daborduko eta beste goi mailako arduradun batzuek berme handiak pagau beharko dabez 'libre' geratzeko. Kanpotik ikusita badirudi botere batzuek ez dabela benetako borondaterik bakea lortzeko.

Halanda be, ez dau emoten ETAk hildakoak eragiteko borondaterik agertzen dauenik. Ezker abertzaleko arduradunek behin eta barriro esaten dabe prozesuak aurrera jarraitzen dauela eta oztopoek ezin izango dabela gelditu. Borondatea agertzen dabe, jakina, baina indarkeriak jarraitzen dauen bitartean izango ete dabe mobimentu erabagiorra egiteko aukerarik?

Erabili dodan indarkeria berbea lar gogorra izan daitekee batzuen ustez. Nire eretxiz, oraingo egoerea argi definiduten dau berbeak. Danok egon gara, eta bagagoz oraindino ETAren su-etenare aldarrikapenaren zain. Horretarako, pentsau leiteke zeozelako lasaitasuna beharko dauela eta ez dabela presinopean egin beharrekoa egingo. Ez dot ulertzen nik zergaitik horrenbeste deklaratzeko deialdi, horrenbeste bisita epaitegietan eta, batez be, negoziazino prozesu batean ustez ezinbestekoak diranak itzalpetara sartzeko horrenbeste ahalegin. Ez dira gitxi Justizia independientea dala esaten dabenak eta horren ibilbideak ez daukala zerikusirik eguneroko politikagintzeagaz. Eta sinistu egiten dogula esan beharko dogu.

Oraingo momentuan daukadan duda bakarra da ia nor dabilen epaile jakin baten lana bultzatzen. Qui prodest (norentzat da onuragarria) jaio ez dan prozesua pikutara joaten bada? Sozialistek aldeko apustu handia egin dabela emoten dau eta ez dot uste ondo geldituko litzatekezanik pozesua pikutara joango balitz. Argi dago, nire ustez, nortzuk dagozan atzetik bazterrak nahasten.

Edozein kasutan, ezker abertzaleak arazo serioa dauka. Orain arte eutsi izan dautso ilegalizazino egoereari. Kostata, dana esan behar da. Lau urte emon izan ditu instituzinoetatik kanpo, horreenbeste arazokaz, dana esan behar da. Beste lau urte gehiago ilegalizauta are gatxagoak izan leitekez. Argi dago, nire eretxiz, ezker abertzaleak hauteskundeetan egon behar dauela era legalean. Horretarako badago urrats bat ezinbestekoa dana eta danok dakigu zer esan gura dodan. Egungo presinopean pausu hori emoteko modurik izango ete dabe?