Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 154. zenbakia

Gazteak eta boteiloiak


Halanda ze, datorren martiaren 31n makroboteiloiarako deialdia eginda dago; horren haritik, Bilboko alkateak, IƱaki Azkunak, adierazo dau, azkenean topaketa hau aurrera eroaten bada, 'neurriak hartu behar izango dirala'. 'Hogei mila badatoz, ez dogu zalditeria atarako, baina ez gara bape pozik egongo eta zer edo zer egin behar izango da'. Ikusi beharko.

Begiluzea

Azken egunotan Interneten eta gazteen ahotan bala-bala dabil datorren martiaren 31n Bilboko Etxebarria parkean makroboteiloia ospatzeko egindako deialdia. Antza danez, ekimen hau Sevillan eta Granadan sortu zan, baina e-posta bidezko deialdia estaduko beste uri batzuetara zabaldu da, berbarako Madril, Bartzelona, Zaragoza, Oviedo edo Murtziara, eta aurreko astegoein honetan ospatu dabez euren makroboteiloiak. Bilbokoa, ostera, aste bi barru egingo da, gaueko bederatzi eta erdietatik aurrera.

Deialdiaren posta elektronikoan mezua ahalik eta jenterik gehieni birbialtzeko gomendioa be emoten da. Bestalde, gitxienez pare bat web gunetan jai honen aldeko eta kontrako mezu dexente irakurri daitekez Interneten. Baina zer dago alkohola edateko jazokizun honen atzean?

Boteiloiaren logikea

Jakina danez, boteiloiaren ondorio nagusia alkohola neurriz kanpo kontsumidutea da, baina sano gitxi aztertu dan fenomeno honetako datu batzuk nahiko interesgarriak dira: batetik, 'litroak egiten' diharduen gazteak 13tik 30 urtera bitartekoak dira, baina talderik handiena 16tik 24 urtera bitartekoek osotzen dabe. Drogamenpekotasunen Euskal Behatokiak emondako datuen arabera, 15etik 24 urtera bitarteko 175.000 gaztek gauez urteten dabe ondo pasetako, lagunakaz kalean egoteko edota taberna edo pubetara joateko. Arazoa zera da: gazteen gaueko astialdi horretan alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoa nahiko kezkagarria dala.

2002an Drogen Plangintzearen inkesta batek ondorioztatzen eban estaduan gazteen % 38,1ek boteiloian jarduten ebala astegoienetan. Gaur egungo datuak, ostera, ez dira hobeak: 14tik 18ra bitarteko gaztetxuen % 47k alkohola kontsumiduten dau behar baino sarriago eta bigarren hezkuntzako ikasleen % 65,5ek zapatu eta domeketan edaten dabe. Ganera, astegoieneko kontsumo hau edadeari modu estuan lotuta dago: zenbat eta gazteago, kontsumoa hainbat eta handiagoa da.

Bestalde, jazokizun honen ganean Madrilgo Soziologoen Alkarteak 14tik 17 urtera bitarteko 424 gazteren artean egindako azterlan batek dino, alkohola edateaz ganera, % 73,1ek tabakoa erreten dauela, % 57,7k porroak erreten dauzela, % 15,4k azidoak edo pastillak kontsumiduten dauzala (5-8 euroko kontsumoak) eta % 7,8k inoiz koka esnifau dauela (gramo erdi, bost dosi, 30 euro).

Baina, kopuruak eta zenbatekoak gorabehera, zergaitik edaten dabe gazteek? Ondo pasetako, arazoez ahazteko eta jente barria ezagutzeko. Eta gazte honeetariko askok tabernetan kontsumoa mugatzen jaken edo dirua ailegetan ez jaken edadea daukien ezkero, errezena kalean edatea da.