Kulturea  IV. urtea // 154. zenbakia

1600. urteko pintura espainiarraren mestizajea, Bilbon ikusgai


Erakusketa hiru esparrutan dago bananduta. Lehenengoan, 1600. urtearen inguruko Sevillako pintura ederto erakusten daben obra manieristak erakutsiko dira. Bigarren atalean, Caravaggio eta haren jarraitzaileen (Oracio Borgianni, Bartolomeo Cavarozzi, Artemisia Gentileschi) obrak edo kopiak Sevillara zelan heldu ziran erakusten da. Horrek eragin handia euki eban Sevillako margolarien artean, eta, esate baterako, Velázquezek, bere gaztaroko konposizino batzuetan, tenebrismoaren eragina eta Sevillako aspaldiko beste elementu batzuk buztartu zituan. Hirugarren eta azken esparruak 1600. urtearen inguruan jaiotako maisu sevillarren lana jasoten dau. Horreen artean dagoz Velázquez (1599an jaioa), Zurbarán (1598) edo Alonso Cano (1601). Gaztaroan egin zituen lanetan eta Ribera, Pacheco edo Tristánen obretan Caravaggioren ezaugarriak eta naturalismoaren indarra ikusten dira.

Julen Gabiria

Gaurtik hasi eta maiatzaren 28ra arte, Bilboko Arte Eder Museoan 'Herreratik Velázquezera. Lehen naturalismoa Sevillan' izeneko erakusketea ikusi ahal izango da, eta hirurogeita hamar obra baino gehiagoren bitartez, XVII. gizaldiko Sevillako pintureak naturalismo barrokoari egin eutsan ekarpena errepasetan dau erakusketeak. Izan be, garai haretako pieza garrantzitsuak dagoz bilduta: tartean, Caravaggio, Artemisia Gentileschi, Herrera Zaharra, Tristán, Ribera, Zurbarán, Velázquez eta Alonso Canoren obrak.

Naturalismo barrokoa Caravaggioren eta haren jarraitzaileen tenebrismoagaz sortu zan, eta Velázquez gaztearen obrean euki eban gailurra. Sasoi artistiko hori XVII. gizaldiaren lehenengo hereneko Sevillan dago kokatuta: sasoi haretan, Sevilla uri kosmopolita eta indartsua zan, bildumagile, margolari, mezenas eta bidaiari askoren topalekua. Ondorioz, pintura flandestarraren ekarpenak eta Italiako eraginak nahastau ziran bertan, eta indar bereziko etapa artistikoa sortu zan. Sevillak ordena erlijiosoentzat lan egiteko aukerea emoten eutsien artista askori. Modu horretan, eleizak eta komentuak aberastu egin ziran eta, batez be, artista horreek hizkera naturalista barri bat praktikau eben, eragin flandestarraren manierismo artifiziosoa albo batean itxita eta Caravaggioren eta haren jarraitzaileen pintureagaz sortutako naturalismo italiarraren sinisgarritasuna hartuta.

Manierismoaren eta naturalismoaren artean kokatutako margolari-belaunaldiaren ostean (tartean Francisco de Herrera Zaharra egoan), pinturearen panoramea goitik behera aldatuko eben jenio batzuk agertu ziran: Francisco de Zurbarán, Diego Velázquez eta Alonso Cano. Artista horreek zeresan handia euki eben pintura modernizetako prozesuan, eta prozesu hori ulertzeko obrarik esanguratsuenen artean, lehenengo eta behin, Artzainen adorazinoa aitatu behar da. Lan horren egilea nor izan zan ez dago argi, baina funtsezko lana da sasoi haretako pintura sevillarraren aldaketak ikusteko eta konposizino horren naturalismoak sortu eban iraultza piktorikoa ulertzeko.

Gainera, Herrera Zaharraren Alexandriako Santa Katalinaren agerpena San Buenaventuraren familiari eta Afari Santua lanak ikusi ahal izango dira. Guztira, Herrera Zaharraren hamabi bat lan erakutsiko dira Bilbon. Sano margolari garrantzitsua bada be, ez da aukera handirik egoten bere margoakaz gozau ahal izateko.

Bestetik, Velázquezen Apostoluaren burua, Velázquezen zirkuluan egindako San Pedro penitentzigilea eta Alonso Canoren San Joan Bataiatzailea basamortuan egongo dira ikusgai, danak be obra ezagun eta garrantzitsuak pinturearen historiarako. Erakusketearen ibilbidea osotzeko, Velázquezen Neska mulatoa eta Mutiko baten burua ekarri dira, lehenengoa Chicagotik eta bigarrena San Petersburgetik