Bidaide  IV. urtea // 154. zenbakia

Unai Aranzadi (I): Gerra kazetaritzea


Gatazkak dagozan herrialdeetan ikusitakoak ikusita, zelako sentsazinoagaz
zatoz etxera?

Arraroa da. Kanpoan nagoanean, bizimodua erabat aldatzen jat eta etxera natorrenean, barriz, errudun sentiduten naz ezagutzen ez dodazan personen miseriak erakusteagaitik eta, azken batean, kazetariok horretaz biziteagaitik. Baina astebete eskas behar dot mendebaldeko erosotasun girora ohitzeko eta betiko dinamikan sartzeko. Horrek ez dau esan gura, logikoa dan legez, gatazketan bizitakoak eragina ez daukanik, baina egia da gure dinamikeak goiz bat baino ez dauela behar sentsibilizazinoa ahaztuarazoteko.

Hogeta hamar urtegaz planetako hainbat gatazka ezagutzen dozuz. Zein izan zan zure lehenengo kontaktua gerra kazetaritzeagaz?

1994an izan zan, Palestinan, 19 urtegaz. Komunikabideetan bekadun izateko etapea pasau jatan eta lehenengo bidaia horrek argi itxi eustan gerra-kazetaria izan gura nebala. Giza Eskubideen arloan sakontzeko gogoa neukan eta, hortik, Nazinoarteko Amnistia eta Mugarik Bako Kazetariak alkarteak ezagutu nebazan eta kolaborazino ugari egin dodaz eurakaz. Egia esan, lehenengo bidaiak ez eban hasiera batean pentsau neban legez urten. Arazo asko izan nebazan, batez be esperientzia falteagaitik eta nire inozotasuna zala eta. Baina mundu horretan sartzeko eta indar armatuakaz kontaktuak egiteko balio eustan. Palestinarren eguneroko bizimodua ezagutzea gogorra izan zan. Deigarria egin jatan, berbarako, Hebronen israeldarrek bideak zelan zarratzen ebezan ikustea. Kontrolak han hemenka jarten ebezan eta airera egiten eben tiro populazinoa bildurtzeko. Atxilotuak, ganera, torturau egiten ebezan.

Lehenengo esperientzia horrek barruko sua biztu eta hainbat herrialdetara eroan deutsu. Zeintzuk izan dira zure bidaiarik garrantzitsuenak?

Palestinan hainbat biderrez egon naz eta Iraken lautan egon naz. Han, gerrearen barri emon neban: Mosul, Kirkuk eta Tikriten hondamendiak, Ansar Al-islamek hainbat alderdi kurdugaz izandako gatazkak eta PKK kurduaren egoerearen azterketea, besteak beste. Afrikan, bestalde, Uganda iparraldean egon nintzan beharrean bertako gatazka zibilaren ganean. Amerikan, Kolonbian izan naz, drogen munduan aztertzen. Drogen kontrako operazino batean be parte hartu neban ELNgaz. Eta Nepalen, maoista gerrillearen gaia jorratu neban gerrillarien eta Armadearen ikuspuntutik.

Nepal, Kolonbia, Uganda... Ahaztutako gatazkak dira eta ez dabe komunikabideen arretea erakarten. Halanda be, Unai Aranzadi hor dago. Zergaitik?

Komunikabideek, askotan, kazetaritzeagaz zerikusirik ez daukiezan interesen arabera egiten dabe lan. Horregaitik geratzen dira hainbat gatazka ahaztuta. Halanda be, leku horreetako errealidadea erakustea ezinbestekoa dala uste dot. Ugandara joan nintzanean hartu neban horren kontzientzia. Bertara joan baino lehenago, ohiko telebista kateetatik jasoten neban hango egoerearen barri, izan be, eurak baino ez eben emoten informazino hori. Plazaratzen ebezan datuak harrigarriak zirala konturatu nintzan: 25.000 ume bahituta, miloe bat eta erdi lagun baino gehiago euren etxeetatik urrun eta milaka hildako. Heldu nintzanean, inguruetako erreportari bakarra neu nintzala konturatu nintzan. Misiolari katoliko bati esker lan bat egitea lortu neban eta erlijinoaz neukan pentsakerea aldarazo eustan. Zorionez, egindako erreportajeek zeozelako oihartzuna euki eben eta Antena 3 eta Televisión Española telebista-kateetan eta El País egunkarian agertu ziran, besteak beste. Gero, ganerako komunikabideak gaiaz arduratzen hasi ziran. Baina interes geopolitikorik edota ekonomikorik ez dagoan lekuak bazterrean geratzen dira. Egunkariak irakurtea edo telebista ikustea besterik ez dago horretaz konturatzeko.

Gatxa da komunikabide handiek mueta horreetako erreportajeak argitaratzea?

Bai, oso gatxa. Egunero-egunero egon behar dozu ganean eta ez da bape erraza. Behin, aldizkari garrantzitsu bateko editore ezagun batek honakoa esan eustan: ‘baltzen kupoa beteta daukat’; horregaitik, ez eban Ugandaren ganeko testu bat argitaratu gura. Oso krudela da hori baina egia da munduko leku bakotxean, hildakoen balioa desbardina dala: ehun baltzek hamar palestinarren balioa daukie eta horreek, aldi berean, mendebaldeko bat izatea lakoak dira.

Zer eretxi dozu egungo prentsaren ganean?

Salbuespen errespetagarri batzuk kenduta, prisa asko eta gogoetarako denpora gitxi dagoala uste dot. Ganera, azkenean, publizidadeak baldintzatzen ditu edukiak, batez be domeketako gehigarrietan. Gosez hilten dagozan umeen alboan ez da ondo geratzen produktu garestien publizidadea egitea. Bestalde, interes politikoak be hor dagoz eta komunikabide bakotxaren bidea zehazten dabe. Eta, danatan garrantzitsuena, presino ekonomikoa da. Afrikako Darfur lurraldeko gatazkea da horren adibide garbia: beste gatazka afrikar batzukaz konparetan badogu, oihartzun gehiago dauka Darfurrekoak. Zergaitik? Estadu Batuek interesak daukiez bertan, petrolioa dagoalako, eta kate estadubatuar handienek atentzino berezia jarten dabe horretan.


Alkarrizketearen bigarren partean, Unai Aranzadik Irakeko egoerea aztertuko dau.

Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Zigor Aldama / Unai Aranzadi

Gerra kazetaria izatea lanbide oso arriskutsua da baina, aldi berean, ederra. Kazetaritza ikastea erabagiten daben askok eukiten dabe buruan lanbide hori. Halanda be, gitxik daukie horretan jarduteko ‘subertea’. Unai Aranzadi, Madrilen bizi dan 30 urteko bilbotarra da horreetariko bat. Ganera, lanbideak berez gitxi eskatuko baleu legez, libretik egiten dau behar, hau da, ‘freelance’ da. Egunotan Espainiako tropakaz dago Afganistanen baina bertara joan baino lehenago egin genduan berba beragaz Madrilen. Igaz Iraken egon zan eta horren ganean jardun dogu. Bera izan zan iparramerikarren Mackenzie basean telebista-kamara bategaz sartu zan lehenengo kazetaria. Canal + katean ikusi dira berak egindako dokumentalak.

‘Hasieran, Irakera heldu nintzanean, sinisten nebanagaitik egiten neban burrukea, sentimentu patriotikoari eusten neutsan; orain, nire lagunen alde baino ez dot egiten, hemendik urtetea da gure helburua’. Familia irakiar baten etxeko teilatuan dagoan frankotiratzaile estadubatuar baten berbak dira. ‘Tiro egiten dodanean lasaitu egiten naz. Irakiarrak zer egiteko kapaz diran jakin badakit eta niretzat animaliak baino ez dira. Ez dot personakan pentsetan tiro egiten deutsedanean’, dino soldaduak. Unai Aranzadik jaso ditu adierazpen harrigarri eta polemiko horreek. Kazetari bilbotarrak, gaztea izan arren, gerrearen hainbat arpegi ezagutzen ditu: Irakeko inbasino militarretik hasi eta Ugandako aurrez-aurreko zibiletara, Nepal eta Kolonbiako egoera negargarriak ahaztu barik. Leku danetan, erabilitako arma bakarrak argazki-makinea eta telebista-kamarea izan dira. Arma horreei esker, askotan ezagutu be egiten ez diran gatazken errealidade gordina erakutsi ahal izan dau. Behin baino gehiagotan, astekarien edota telebistako informatiboen albiste nagusi izan dira irudiok.

Aranzadi ez da ‘kazetari izar’ horreetakoa. Gatazken bihotzean egiten dau lan, baliabide gitxigaz eta imajinazino askogaz. ‘Gerrikoan ostendutako mila eurogaz egiten dot bidaia bakotxa; hegaldi merkea, bisadua eta akreditazinoak lortu ostean, neure lana egiteko moduak topetan dodaz’, dino bilbotarrak. Holan, lau kontinentetako gatazkatan egon da eta biolentzia, ezkortasuna eta desesperazinoa bertatik bertara bizi izan ditu.