'Berdel Astea' Mutrikun, martiaren 22tik aurrera
Azken buruan, apirilaren 1ean 'Berdel Egunaren' XI. edizinoa izango da. Eguneko ekitaldien artean, goizeko 10:30etan hasiko da Mutrikuko Kalatxori Bela Elkarteak antolaturiko II. Belauntzien arteko Txapelketea. 13:00etan, Zabiel Plazan, herriko abesbatzek kontzertu bat eskainiko dabe. Edozelan be, arratsaldeko 17:00etatik aurrera Mutrikuko portuan egingo dan Berdel Pintxo Dastaketa herrikoia izango da eguneko protagonista nagusia.
Bizkaie!
Mutriku udalerri gipuzkoarrak 'Berdel Astea' ekimenaren inguruko egitaraua potoloa preparau dau, arrain mueta honen salmentea eta kontsumoa sustatzeko asmoz. Gauzak holan dirala, apirilaren 1eko Berdel Pintxo Dastaketa herrikoiaz aparte datorren martiaren 22an hasiko diran beste hainbat ekimen be antolatu dabez.
Hilaren 22an, Anaiarte Biltokiko jubilatu talde bat eta Udaletxeko Turismo eta Kulturako zinegotzia, Ion Ganbra, Euskal Herriko Unibersidadeko Leioako Kanpusera joango dira ikasleei berdel errea eta berdela kontserban eskaintzera, gazteen artean arrain honen kontsumoa bultzatzeko asmoz. Goizeko 11:00etatik 14:00etara izango dira bertan, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak be bertan egongo dira aurten 'Loreak Mendian' diseinua izango daben berdela promozionetako kamisetak emoten.
Hurrengo ekimena martiaren 24an izango da, 'Mutrikuko Berdela' aitamena emoteko. Aurten, 'Elenita Berria' eta 'Krexal' itsasuntzien jaubeei emongo jake, arrantzearen alde egindako apostuagaitik. Ekitaldia arratsaldeko 20:00etan izango da Zabiel Kultur Etxean.
Martiaren 27an, 'Kantauriko Koloreak' argazki erakusketea zabalduko da Zabiel Kultur Etxean, eta bertan Txomin Rivera argazkilari errenteriarrak Kantauri itxasoan ataratako ur-azpiko argazki sorta bikaina ikusteko aukerea izango da apirilaren 9rarte.
Martiaren 30 eta 31rako Mutrikuko Institutuko Akuakultura Eskolak itsasoa eta arrantzaren inguruko jardunaldi batzuk antolatu ditu. 'Itsasoaren sektorea eta barrikuntzea' izenpean, itsasoagaz eta arrantza sektoreagaz lotutako hainbat aditu bilduko ditu herrian egun horreetan. Itsasoaren inguruko ikasketak, Mutrikuko Akuikultura Zentruaren kasua, sektorearen etorkizuna eta sektorearen barriztapena lako gaiak jorratuko dira eta baita beste erkidegotan aurrera eroandako proiektuak aurkeztu. Besteak beste, Aztiko Zuzendaria, Javier Telleria; Innovamar Fundazinoko ordezkaria, Angel Soto Perez; Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Nekazaritza Zuzendaria, Jose Santiago; Lanbide Heziketako Sailburuordea, IƱaki Mujika; eta Galiziako Automozio Zentru Teknologikoko Zuzendaria, Antonio Mateosek parte hartuko dabe jardunaldiotan.