Musikea  IV. urtea // 154. zenbakia

Drive By Truckers, The (International) Noise Conspiracy eta Danko Jones, Bilbon


Bizkaie!

Bilbon nazinoarteko rock taldeak erakarteko moduko rock kontzertuen eszenatokiak ugariak ez izan arren --Azkena, Kafe Antzokia, Bilborock Santana Aretoa, Rock Star-- zenbait talde interesgarri hurreratuko dira uriburu bizkaitarrera.

Lehenak, Glamour To Kill erdi espainiar erdi alemaniarrak izango dira, izan be, Berlinera orain dala lau urte joandako hirukote espainiar bat baita. Underground punk ikutuakaz, 'Musik pour the ratas' lehen diskoagaz ezagunak egin ziran eta lan hori igaz Mexiko eta Europa osoan berargitaratu zan.

Martiaren 17an, Bilboko Rock Star Aretoan aurkeztu eben euren azken lana, 'Pecados Eléctricos'.

Martiaren 23an, eguenean, gaueko 22:00etan Bilboko Kafe Antzokian, Drive By Truckers estadubatuarrak, euren country-rock abesti ederrakaz izango dira lehen aldiz Bilbon 'The Dirty South' azken diskoa aurkezten, igaz Gasteizko Azkena Jaialdian talderik onenetakoa izan ondoren.

Arrakastaren gorenean dagoan taldea da Drive By Truckers. Amerikako Estadu Batuetako hegoaldeko rockaren tradizinoari eusten deutse. Southern soul estiloa gogoko dabe eta euren musikan rock'n'roll doinuak soul musikeagaz batzen dira.

Aste berean, martiaren 24an, Bilboko Bolueta auzoko Santana Aretoan joko dabe, Noise On Tour Rocks 2006 jaialdiaren barruan. Eurekaz batera, The (International) Noise Conspiracy suediarrak, euren 'The Capitalism Stole my Virginity' barriagaz azalduko dira.

Santana Aretoak bi egunetan hartuko dau jaialdi hau --bigarren egunean Kuraia izango da nagusi-- eta suediarrak gauerdiko 00,30etan hasiko dira joten.

Apirilaren 6rako aurreikusita dauka Kafe Antzokiak Danko Jones hirukote kanadiarraren kontzertua, zuzeneko talderik potenteena.

Beste alde batetik, Bergarako Jam Aretoan, heavy, metal eta zarata gogorra izango da entzungai datozen asteetan, izan be, In Flames, Soulfly eta Sepulturak joko dabe.

Martiaren 24an, Max Cavalera-ren Soulfly taldearen txandea izango da gaueko 22:00ak aldera, 'Prophecy' diskoa aurkezten.

Azkenik, apirilak 6an In Flames eta Sepulturaren kontzertu ikaragarria izango da udalerri gipuzkoar horretan. Metal, Hardcore, Thrash, Punk edota Tribal doinuak landu dituan Brasilgo taldeak (www.sepultura.com) aurretik bira mundial batean dabilen In Flames taldea izango dau lagun (www.inflames.com).