‘Hitzak batzen gaitu’, Ibilaldia´06 Elorrion
Liburua
Euskerearen erabilerea, hezkuntza barritzailea, aniztasuna, parte-hartzea, herri ekimena... Horreek kontzeptu guztiak batzen dabezan hainbat ipuin eta istorio argitaratu ditu Txintxirri ikastolak ‘Hitzak batzen gaitu’ liburutxuan. Unai Elorriaga, Julen Gabiria, Gotzon Hermosilla, Miren Agur Meabe, Manu Etxebarria, Gontzal Mendibil, Igor Estankona, Leire Bilbao, Arrate Egaña eta Jon Arretxe izan dira idazleak. Elea argitaletxearen eskutik dator liburua.
‘Liburuan berbak eta asmoak alkartzen dira, Bizkaiko ikastolen proiektuari hauspoa emon guran’. Horixe da liburuaren kontra-azalean dagoan lehenengo esaldia eta, azken batean, egitasmoa laburbiltzen dauena.
Saioa Torre Gereketa
Maiatzaren 28an hitzordu berezia dago Elorrion: Ibilaldia 2006. ‘Hitzak batzen gaitu’ lelopean, Txintxirri Ikastoleak antolatuko dau aurten Bizkaiko Ikastolen aldeko jaia. Oraintsu, kantea aurkeztu dabe Bilboko Kafe Antzokian, Mamen Rodrigo ‘Vulpes’ taldeko abeslariaren eta Urko Igartiburu musikariaren eskutik. Bestalde, ipuin liburutxua be argitaratu dabe Julen Gabiria, Gontzal Mendibil, Igor Estankona eta beste hainbat idazleren kolaborazinoari esker.
Kantea
Ibilaldia 2006ko abestiaren letrea Aritz Luzarezek egin dau eta soinuaz Urko Igartiburu arduratu da. Mamen Rodrigo, ‘Vulpes’ talde mitikoko abeslariak be ekarpentxua egin dau eta bere ahotsa entzun geinke ikastolako beste hainbat umerenagaz batera. ‘Niretzat erronka garrantzitsua izan da euskeraz abestea; hasieran, ez neban parte hartzeko asmorik baina proiektuak eukan indarra ikusita, animau egin naz’, autortu dau Mamen Rodrigok. Baina euskereaz gan, Afrikako dialekto bat entzuteko aukerea eskaini deuskue, izan be, ‘aurtengo Ibilaldiaren oinarrietako bat aniztasuna da’.
Kantearen soinuaz Urko Igartiburu arduratu da eta berbak Aritz Luzar bertsolariak jarri deutsoz. ‘Kontuan hartu behar da abestia norentzat dan. Estilo zabala jorratu dogu, era guztietako jentearentzat. Erraz ulertzen da eta erraz kantau daiteke’, dino Igartiburuk.