Leire Bilbao: 'poesian ez dago sasoi bateko lirikarik'
‘Ezkatak’ Leire Bilbaoren (Ondarroa, 1978) lehen poesia liburua kaleratu barri dau Susak. Azken bi urteotan idatzitako poemak dira liburura bildutakoak.
Aurten Elorrion ‘Batzen gaituena’ lemapean egingo dan Ibilaldiaren harian, ‘Hitzak batzen gaitu’ ipuin liburuan be parte hartu dau.
Zutabegilea, idazlea, poeta, sortzailea, abeslaria, bertsolaria izandakoa, gai-jartzailea...
Makinatxu bat kontu, beraz, Leire Bilbaogaz jorratzeko eta, hona hemen, berak kontau deuskuzanak:
1.- Azalean arrain baten irudia eta ‘Ezkatak’ izenburua ikusita, arrainak eta itsasoa jatorkuz burura. Zer adierazo gura izan dozu liburuaren izenagaz?
Bai, arrain baten irudia, Ezkatak izenburua ikusita eta ondarrutarra izanda, itsas gizon baten alabea nazala jakinda, pentsau lei liburuaren haria hortik joango dala eta egia esan, itsasoa, ezkatak agiri dira bai poemotan baina ezkata mueta asko dagoz. Norbanakoei be azala jausten jakunean eztatatan jausten jaku eta horretatik dauka asko liburuak.
Horrezaz ganera, ezkata berbea bera be gustetan jatan, Ondarrun eskamea erabilten dogu baina Txomin Agirrek be ezkatak erabili izan ditu eta baneukan gogoa ezkatak jarteko, indar handiko berbea da.
Beste alde batetik, poema asko ezinei buruzkoak dira eta, esangura horretan ezinaren ederra bilatzen saiatu naz batzuetan eta poema baten dinodan lez, ezinakaz jolasteak ez dau esan gura jolastu ezin danik.
Bitxikeria lez, liburuaren azalean agiri dan irudia japoniar ikono zaharra da arraina adierazoteko.
2.- Azken urte eta erdian idatzitako poesiak bildu dozuzan liburuan atarikoa eta lau zati bereiztu dozuz. Zergaitik?
Liburuaren izenburuagaz jarraituz, ezkatea gauza txikia da eta niretzako zan etxean aitak ekarten eban arraina garbitukeran, gitxien pentsetan dan lekuan topetan dogun hori eta ezustekoan topetea deigarria egiten jatan, gauza hain txiki batek zelan euki leiken bere gorputza, bere nortasuna eta gorputz osoago bat zelan tapetan dauen. Nire irudimenean, ezkatak solte, libre ikusten nebazan baina poemotan ez nebazan sakabanatuta laga gura; poema bakotxa ezkata bat da, nortasun propioagaz baina, liburu bat osotzen dabe, liburu osoa hartzen dabe eta horregatik egin dot banaketea. 0 atala, badira berbeagaz hasten dan lehenengo poemea girotzeko asmoagaz sartuta dago; lehenengo atalean ni bat zu bati berbetan agiri da, zutasunerako bidea dago, hurreraketea, komunikazinora gogoa; bigarrenean, nia, lehenego personea agiri da, emakumea agertzen da, odola, galderak...; hirugarrenean, ni, zu eta gu agiri dira eta laugarrenean be 3. personea da nagusi, zalantzak, deskribapenak...
Liburuari osotasuna emoteko, ‘Badira’ berbea aukeratu neban hasteko eta ‘Badirudi’ amaitzeko. ‘Badira’ horreek ez dira baieztapenak, deskribapenak baino eta, azkenean, ‘Badirudi’ horregaz amaituta, liburua zabalik geratzen da
3.- Bertsolaritza arloan egindako ibilbideak poesiarako balio izan deutsu? Zerk eraginda hasi zinan poesia idazten?
Bai, danak balio dau. Dana da sorkuntzea. Errimakaz edo errima barik. Gazterik hasi ginan bertsotan, 14 bat urtegaz edo. Orduantxe hasi ginan hizkuntzea maitatzen eta berbakaz jolasten. Literaturea eta bertsogintzea be berbakaz jolastea da niretzako eta niri hori gustetan jat. Geldiro-geldiro, bertsotan nenbilela poemak eta ipuin txikiak idazten hasi nintzan literatura lehiaketetarako eta holan. Zortziko txikiaren zalea nazala esaten dot beti, neurri motzekoa.
4.- Ezkatak kentzea, biluztea izan da liburu hau zuretzako? Terapia lez hartzen dozu poesia idaztea? Zer da zuretzako poesia?
Ez. Terapiaren teoria horregaz ez nago ados. Liburuan lehenengo personea agertu arren, horrek ez dau esan gura neu nazanik, ez dot uste nire barrua biluzten dodanik. Poesia plazerragaitik idatzi behar dala pentsetan dot, sarritan irudi bat etorten jatzu edo esaldi polit bat, berba joko bat eta horretan oinarritzen zara idazteko.
Poesia edozer izan daiteke, lagun bategaz kafe bat hartzen egotea, paseetan zoazela momentua gozetea, margolan bat... Barruan klak, bueltatxu bat emotea gauzarik txikienari.
5.- Liburuaren hasieran, Joseba Sarrionaindiaren: ‘ez diren gauzak ere badira’... aitamena jarri dozu. Ezkatak, ‘badira’, ‘badirudi’, mundu guztiak arpegi bat baino gehiago daukagula pentsetan dozu?
Jokua ez da hori. Poesiak ez diran gauzak be badirala esateko balio dau, geu garan horretan sartzeko eta geu zer garan galdetzeko. Askotan momentu bat bizi dozu, badakizu hor dagoala baina ezin dozu berbakaz adierazo eta literatureak horretarako be balio dau. Bizitzan gauza batzuk pasetan dira, data eta momentu zehatzetakoak, hain zuzen baina badira beste gauza batzuk pasau eitekezan arren jazo ez diranak eta alderantziz eta askotan poesia horretarako da, errealidadea fikzino bihurtzeko eta alderantziz, hor zeozer, ezkata bat dagoala esateko.
6.- Poetak erromantikoak ei zarie...
Topikoa da hori. Poesian ez dago sasoi bateko lirikarik, Nerudaren poesiaren garaiak pasau ziran, gaur egun poeten kezka edo ardurak bestelakoak dirala pentsetan dot. Erromantiko berbea, berez, gustetan jat San Valentin eguna eta holakoetan jausi barik. Poesian amodioa, desamodioa lako gaiak jorratzeko jokerea dago baina ez dot uste bereziki erromantikoak garanik.
7.- Berbakaz jolastea, aditzak asmetea gustetan jatzula argi dago. Edozelan be, zein jolasetan zabiz gustorago prosan ala poesian? ‘Hitzak batzen gaitu’ ipuin liburuan be parte hartu dozu...
Lehen be esan deutsut, berbakaz jolastea gustetan jat, ni neu zortziko txikian nabil gustora, bai bertsotan, bai poesian eta bai prosan. Ez dot ikusten neure burua, berbarako, nobela bat idazten. Presazko bizimodu honetan, neure buruari galdetzen deutsat sarritan ia zer gustetan jatan eta zer gustauko jaken ganerakoei irakurteko eta normalean, ipuin laburrak, poesia aukeratzen dodaz, danok be asti barik gabiltzalako. Boladak egoten dira baina dana tartekatu daiteke.
Ezkatak poema liburua barruak eskatu eustalako atara dot eta oraintsu, barriz, aurten Elorrion egingo dan Ibilaldiaren harian, ‘Hitzak batzen gaitu’ bildumarako ipuin bat idatzi dot: ‘Aterkipean oinez’.
8.- Bertsotan orain 5-6 bat urte egin zenduan azkenekoz baina gai-jartzaile lanetan jarraitzen dozu. Azken urteotan ze gorabehera ikusi dozu Bizkaiko bertsogintzan?
Bai, Bizkaiko txapelketan kantuan nenbilela urtebeterako kanpora joan nintzan ikasten eta di-da, lar pentsau barik errotik itxi neban. Hori bai, esan dozun lez, bertsozalea naz, Bertsozale Elkartean nago eta pare bat urte daroadaz gai-jartzaile taldean. Aurten, Bizkaiko Txapelketan be parte hartuko dogu.
Bertsolaritzea, oro har, sano ikusten dot, indartsu; alkartea sendo dago, lan asko egin dau eta perspektibak daukaz gerora begira. Azken Txapelketa Nagusian, BECera batutako jentetzea oso adierazgarria izan zan.
9.- Mikel Urdangarinegaz kantetan ibilitakoa zara eta ‘Badator Marijaia’ kantuan be parte hartu zenduan. Musika arloa baztertuta daukazu?
Zoritxarrez, bai. Nik kantetan asko disfrutetan neban. Mikel Urdangarinek eta biok zeozertxu egin genduan, maketa bat, hain zuzen. ‘Badator Marijaia’ kantuan koruak egin nebazan eta Bizkaiko Kopla Zaharrak lanean, Tapia eta Amurizagaz be kolaborazino txiki batzuk egin nebazan.
10.- Ze erronka dozu bihar-etzirako?
Alde batetik, udabarrian Elkar argitaletxeko Zer bilduman, haur literaturako ipuin bat argitaratuko dot 8 urtetik gorako umeentzako: ‘Amonak mutil laguna dauka, eta zer!.
Horrezaz ganera, ‘Ezkatak’ liburuan oinarrituta, musikea eta poesia buztartuz, poesia errezitaldiak emoteko asmoa daukagu, musikari lagun bigaz batera, Karidadeko Bentako Domentx Uzin eta bere lagun Jon Basaurigaz. Ensaio bat edo beste egin dogu eta gustora gabiz.
Horrezaz ganera, idazten be disfrutau egiten dot eta Berriako zutabeakaz jarraitzeko gogoa daukat eta neure erritmoan idazten jarraitzeko.
Koldo Isusi Zuazo