Euskaldunok munduan  II. urtea // 21. zenbakia - 2003ko martiaren 1a

Euskaldunak Txile, Kalifornia eta Nevadan


Kaliforniako San Franciscoko Kultur Etxearen 21. urtebetetzea

AEBetako San Franciscoko Euskal Kultur Etxeak 21. urteurrena ospatu dau oraintsu eta berenberegi preparautako ekitaldiak ugari izan ziran. Ospakizunaren harian, NABOren (Ipar Ameriketako Euskal Etxeen Erakundea) neguko topaketea be bertan egin eben. Eguneko aztergaien zerrendan gai asko jorratu zituen baina garrantzitsuenetakoa Euskadin datorren garagarrilean egingo dan Euskal Kolektibidadeen Nazinoarteko Kongresura joango diran ordezkarien aukeraketea izan zan.

San Franciscoko Euskal Kultur Etxearen 21. urteurreneko ekitaldien artean kirolak be aparteko lekua izan eban eta oso interesgarriak izan ziran bertako eta Euskal Herritik joandako pelotarien arteko partiduak. Abesbatzak, euskal dantzak eta bazkalordurako menu bereziak..., giro aparta Euskal Herritik urrun.

Nevadan bizi diran euskaldunentzako (UNR) bekea

Laguntza horreek Nevadako euskaldunen oroigarri sortu ziran.

1995. urtean Dolores Saval Trigueroren oroigarri beka bat eskaini eben.

Horreetako bat lortzeko aukerea izateko, Nevadan bizitea nahitaezkoa da eta euskaldunen seme-alabea izatea. Baldintza horreek beteten dituenen artean ganera, lehentasuna izango dabe nekazaritza-eremuan bizi diranek.

'Peter Echevarria' bekea, 2002-2003 ikasturtean emon eben lehenengo aldiz eta datu legez baino ez bada, jakin eizue Peter Echevarriak 30 urte daroazala Nevadan zuzenbidea irakasten; horrezaz ganera, Nevadako Senatuan eta Alderdien komisinoan parte hartzen dau.

Kontuak kontu, aitatutako bekea eskatzeko beraz, unibersidadean matrikulauta egon behar da eta gitxienez 2,75 puntu (GPA) euki behar dira.

Eskaerak www.basque.unr.edu. web orrian edo unibersidadeko beka bulegoetan topau daitekez.

Bizkaie!
eitb.com
Euskaletxeak Virtual

Xabier Mendiguren jn.a (Kontseilua) Maputxeen Udako unibersidadean

Bertako berbetea berreskuratzeko eta normalizazino prozesuan laguntzeko asmoagaz, Panguipullin (Txilen) egindako Maputxeen Udako Unibersidadean, Euskal Herrian euskerearen normalizazino prozesuan emondako pausuen barri eta maputxeek emon leikiezan pausuen ganean egin eban berba Xabier Mendigurenek, Gizarte Erakundeen Kontseiluko Buruak.

Mendiguren jn.ak hizkuntzearen corpusa eta Euskaltzaindia lako hizkuntza akademia bat sortzearen garrantzia aitatu eutsen ikastaroetan alkartu ziran 250 bat aditu eta irakasleei. Egokitzat eta beharrezkotzat jo eben erronka hori baina egitekoak edo asmoak asko dira. Udako ikastaroak lehenengoz antolatzea pausu handia izan da baina Maputxeen Unibersidade Indigena sortzea da helburu nagusia.

Gaur egun, Txilen 600 mila maputxe inguru bizi dira eta horreen erdiek baino gehiagok erabilten dabe maputxeen hizkuntzearen dialektoren bat.

Juan M. Urdangarinek Txilen argitaratu dau 'Cuentos, leyendas y poemas del norte' liburua

Juan M. Urdangarin Euskal Herrian jaio zan, baina mende erdi baino gehiago daroa Txilen. Berrogei urtetik gora emon ditu lurralde haretako mendikate bakartien, urmael eta panpen zehar eta han bizitakoak erakusten deutsoz orain irakurleari.

Urdangarinek Txileko basamortuaren errealidadea azaltzen dau; neurri bakoa, gizaki libreak bereganatzeko gai dana, lagun moduan jasoteko prest. Egileari panpa bero eta zabal horreek begiratzea itzel gustetan jako. 'Behe lainoen artean', hantxe, 'arimeak irribarre egiten dau'. Horregaitik, behar honek gogoeta eragingo dau eta, aldi berean, 'betikotasunari begiratzea' gustetan jakon gizona ezagutarazoko.

Juan eta Koldo Urdangarin anaiak Hernaniko semeak dira, eta 1951 eta 1952. urteetan finkatu ziren Txilen. Urdangarin Belonzategi de Segura familiaren ondorengoak dira aitaren partetik, eta Legarralde baserriko Abalabide Arrietatarrenak amarenetik. Osaba itsu bat izan eben, Miguel Mari Arrieta, ipuin kontalaria. Itsua izan arren, magiaz betetako mundu bat erakutsi eutsen anaiei. Akaso, hareri ikasita, Juanek Ande garaietako istorio harrigarri eta misteriotsuak idatzi zituan.