Musikea  IV. urtea // 154. zenbakia

Kanten ehiztariak


Diskoa pasa dan udan grabau arren, masterizazinoa aurten egin dabe, urtarrilean. Oihuka disketxeko Ritxi Aizpuru pozik dago taldearen erantzunagaz: ‘eurak ezetz esan arren, nire ustez exijentzia mailea oso altu daukie jarrita. Sarritan baztertzen dabez kantak mailea emoten ez dabelako eta hori ez da erraza’. Melodiari eta ahotsei garrantzi berezia emoten deutso Ehiztarik, gitarrak ahaztu barik. Halanda be, ‘diskoan garbiagoak emoten dogu, finagoak; zuzenekoetan, gogorragoak gara, bortitzagoak’, uste dau Asier Martinez bateriak.

Berbei jagokenez, danetariko gaiak jorratzen dabez, ‘batez be sentimentuek eta hartu-emon personalek eragindako egoeren ganekoak’. Halanda be, ‘egunero-egunero telebistan, irratian eta, oro har, komunikabideetan entzuten diran bidebakokeriak ez doguz ahaztu’.

Aurkezpen-kontzertu badarra daukie berbatuta, martiaren 24an Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.

Bizkaie!

Erromotik jatorku Ehiztari laukotea. Orain dala 11 urte hasi eben ibilbide musikala baina ataraten daben lehenengo diskoa aurkeztu barri dabe, taldearen izen berekoa. ‘Momentu egokia zala pentsau dogu ze orain arte zuzenekoek beteten izan gaitue’. Halanda be, hiru maketa argitaratu dabez eta hainbat lehiaketa ezagunetan irabazle edo finalista izandakoak dira.

Iñigo Rozas (baxua eta ahotsa), Iurgi Latxa (gitarrea), Jon Montanchez (ahotsa) eta Asier Martinez (bateria) dira taldekideak eta betidanik ezagutzen eben elkar. Jon, baina, orain dala lau urte sartu zan taldean eta ‘ordutik aurrera, lana modu serioagoan egiten hasi ginan, taldearen estiloa definiduten’, autortzen dabe.