Musikea  IV. urtea // 154. zenbakia

Jazz eta soul doinuek Brasilgoagaz bat egingo dabe 'Bilbao Distrito Jazz programan


Programea:

- Martia:

17an: Ramón Díaz Quintet (Deustuko Udaltegia, 20:00).
24an: Ignasi González Quartet (Barrainkuako Udaltegia, 20:00).
31n: Violeta Curry (Begoñako Udaltegia, 20:00).

- Apirila:

7an: The Papis (Ametzolako Geltokia, Errekalde, 20:00).
21ean: Saravah! (Deustuko Udaltegia, 20:00).
28an: Ben Besiakov/Ole Jacob Hystad Group (San Frantziskoko Udaltegia, 20:00).
29an: Kontzertu Didaktikoa (Begoñako Udaltegia, 12:00).

Bizkaie!

Bilboko Udalaren Kultura eta Euskara Sailak, Bilbaína Jazz Club alkarte beteranoagaz batera, Bilbao Distrito Jazz programearen VII. edizinoa antolatu dau. Martiaren 17tik apirilaren 29ra arte, astero kontzertu bat izango da. Kontzertuok Begoña, Barrainkua eta Deustuko udaltegietan izango dira eta, aurtengo berrikuntza lez, Errekalde auzoko Ametzolako Geltokian eta San Frantziskoko udaltegian be eskainiko dira.

Aurtengo barrikuntza nagusia, edizino honetan aurrekoei gehitu jaken agertoki berezia izango da: Ametzolako Geltokia, Errekalden. Bertan izango da apirilaren 7an The Papis taldeak eskainiko dauen kontzertua. San Frantziskoko udaltegiak be lehenengo aldiz hartuko dau parte programazinoan.

Era berean, Kontzertu Didaktikoa (lehenengo aldiz 2004an egindakoa,)programazinoan finkatu da, haurren artean izan dauen arrakastea dala eta. 'El Jazz y los niños' emonaldiak jazz musikea txikienei hurreratuko deutse, musika eta jokoa buztartzen dituan metodologia parte-hartzaile baten bidez. Emonaldia apirilaren 29an izango da, eguerdiko 12:00etan Begoñan. Bertan egongo dira Yolanda Bustillo aktorea, Itxaso González kantaria, Daniel Pérez gitarra jotzailea, Carlos Gracia ‘Tato’ kontrabaxu jotzailea, eta Mariano Steinberg bateria jotzailea.

Edizino honetako emonaldiak Bilbaína Jazz Clubeko lokaletan izango dira (eguenetan), eta udaltegietan (barikuetan 20:00etan eta sarrerea doban). Konbidautako taldeek hainbat estilo errepasauko dabez, besteak beste, 60ko hamarkadako jazza, soula, bluesa, funka eta, kontrapuntu exotiko lez, musika brasildarra. Programazinoa martiaren 17an hasi zan Ramón Díaz Quintet taldearen emonaldiagaz.

Konbidautako ganerako taldeak ondokoak dira: Ignasi González Quartet, lehenengo edizinoan be egon ziran, eta 50 eta 60ko hamarkadetako jazz taldeen bersinoak egingo ditu. Filadelfian jaiotako Violeta Curry kantariak, barriz, agertokietan dauen 20 urte baino gehiagoko eskarmentuaren erakustaldia egingo dau, jazz, soul, funk eta blues sustraiko klasiko bilduma bategaz. Beste alde batetik, The Papis hirukoteak soinu barriak ekarriko deuskuz orkestra sinfoniko baten elementu guztiakaz. Nabarmendu beharreko beste konbidatu bat Saravah! da: Brasilgo herri erritmoak jazz eta funkyagaz nahastauta eskainiko ditu. Ben Besiakov/Ole Jacob Hystad Group, bestetik, jazz nordikoaren ordezkaria izango da. Besiakov musikari daniarrak Jazzpar Price saria jaso barri dau, nazinoarteko jazz munduko saririk garrantzitsuenetakoa, eta Ole Jacob Hystad Norvegiako saxofoi jotzailerik onenetakoa da.

Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailaren ekimen honek hainbat helburu ditu: uriko auzoetan jente gitxik entzuten dauen musika estiloa zabaltzea, publiko gehiago erakartea, Bilbaína Jazz Club alkarte beteranoaren lanari babesa emotea (1991tik emonaldiak antolatzen ditu astero), eta auzoen kultura-egitarauaren kalidadea handitzea.