Musikea  IV. urtea // 154. zenbakia

'Folk me, laztana', Joseba Irazoki eta Michael Roff


Gotzon Uribe

'Folk me, laztana' (Moonpalace 2006) deitzen da Joseba Irazoki kantari beratarrak eta Michael Roff estadubatuarrak alkarregaz plazaratuko daben disko berezia. Ezustekorik ezean, martiaren 24an izango da kalean.

Disko honetan musikea ulertzeko bi mundu desbardin batzen jakuz nahasketa ederra sortarazoz. Michael Roff AEBetako country musikan aditua dogu eta horregaz batera bertako folk mundua eta doinu tradizionalen bideak ondo aztertu eta ausnartu dituana.

Joseba Irazokiri jagokonez, Onddo moduko proiektuak bideratu izan ditu, Petti beratarragaz be ibilitakoa da eta, era berean, bere bakarkako ibilbidea jorratzen dabil disko ederrak plazaratuz.

Diskoan kantari bakotxak bost abesti egin ditu eta, bitxikerai lez, martiaren 24an Joseba Irazoki bera izango da Donostiako Drum disko dendan zuzenean disko honetako abestiak aurkezten. Diskoa edizino mugatu batean aterako da, izan be, eskuz egindako 100 kopia baino ez dira izango eskuragai. Diskoa Moonpalace disketxe gipuzkoarrak plazaratuko dau.

Diskoen eskaerak: pedidos@moonpalacerecords.com helbidera egin daitekez; martiaren 24 baino lehen diskoa erreserbetan dabenentzako 10 eurotan egongo da salgai eta, ondoren, 12 eurotan.

Michael Roff musikariari buruzko informazinoa www.brianmichaelroff.com webgunean topau daiteke eta Joseba Irazokiri buruzko, barriz, www.myspace.com/josebairazoki webgunean.

Diskoa Roff-en abestiakaz zabaltzen da, gitarra eta pianoa lagun ditualarik folk doinuetatik abiatzen da geroago pop mundura salto egiteko, berezkoak dituan sustrai klasikoetan barruratuz eta Will Oldham moduko kantarien oihartzuna guregana ekarriz. Ondoren ,Joseba Irazokiren txandea da, euskerazko bost abesti eder, berezko dituan Nafarroako paisajeak koloreztatuz bere abestiakaz.

Eta bitxia dirudien arren, alkar ezagutu barik egin dabe diskoa, bata besteakanako mirespena kontuan izanda, besterik barik abesti ederrak egiteko gogoa gailenduz.

Azken buruan, sosegua eta lasaitasuna dakartzan diskoa da berau