Kaliforniako ardaoak
Zorionak Mikel Garaizabal
Mikel Garaizabal enologo eta Bizkaie!-ko kolaboratzaileak idatzitako 'Mahatsaren orpotik dator. Euskal Herriko ardoak' gida eta hiztegia Gourmand Worl Cook Awards 2002 sarietarako proposatu dabe.
Ardaoaren ganean euskeraz idatzitako lehenengo liburua da eta aitatutako sarietan hautagai izateko euskeraz idatzitako liburu bat aukeratzen daben lehenengo aldia.
Sukaldaritza eta ardaoen ganeko argitalpenen nazinoarteko lehiaketa bakarra da hori eta esan daiteke ardaoen ganeko liburuen 'Oskarrak' dirala. Aurten, 60 herrialdetako eta 40 hizkuntzatan idatzitako 3.500 liburu aurkeztu dira.
Hezkuntza arloko saria Toralf Bolgen norvegiarrari emon deutsie 'Bolgens Vin' liburuagaitik baina duda barik hautagai izatea be oso garrantzitsua da. Zorionak Mikel.
Kaliforniako ardaogintzan bariedade europarrak izan dira protagonista lehenengoko mahastietan beharrean hasi ziranetik.
1521. urtean, Hernán Cortés kolonialista espainolak Mexikon ezarri zituan espainiatik ekarritako mahastiak. Ehun urte geroago, espainolek, Mexiko Barrian eta Texasen mahastiak ezartzea lortu eben. 1769. urtetik aurrera, barriz, espainiako koroak, kalifornian zituan interesak babesteko asmotan, fraile frantziskotarrak bialdu zituan. Honeen eguneroko bizitzan, 'misinoa' eta ardaogintzea zuzenean lotuta egozan eta, beraz, frantziskotarrak heltzeaz batera, ardaogintzeak bultzada garrantzitsua jaso eban paraje horreetan. Apurka apurka iparralderantz jo eben 21 misino sortuz, besteak beste, Sonoma 1823an sortua, San Francisco iparraldean kokaturik, gaur egun be garrantzi handiko azpigunea da.
Bestalde 1833an, Los Angeleseko eskualdean, Jean-Louis Vignes bordeldarrak, bere mahasti propioak ezarri zituan frantziatik eroandako mahats klaseakaz.
1846an Mariano Vallejo, Kaliforniako komandante mexikarrak boterea galdu eta Kalifornia estadu independiente legez sortu zan, urte bi geroago AEBetako 'federazino' barruan sartzeko.
Kaliforniako ardaogintzan eta batez be iparraldeko eskualdeetarako ikaragarrizko garrantzia izan eban hurrengoko jazoereak, 1848. urtean Sacramenton urrea bilatzea hain zuzen be. Hortik aurrera, milaka etorkinekaz batera, europatik etorritako ardaogileak be asko izan ziran, biztanleria barriaren egarria asetzeko usteagaz eta kontua da ze urrearen bila ibiltea baino probetxugarriagoa izan zala; denpora tarte txikian ardaogintzeak eboluzino ikaragarria izan eban. Europarren barrikuntzearen eragile nagusietako bat, Agoston Haraszthy hungariarra izan zan. Sonoma bailaran bere upeldegia eregi eta europan zehar ibili ondoren, jakituriagaz batera, 300 mahats mueta desbardin eroan zituan Kaliforniara barrikuntzak zabaltzeko asmoagaz.
Unibersidadeko ikerketak, mahastizaintza eta ardaogintza metodo barrien eta kokapen geografiko egokiak, kaliforniako ardaoen izena munduko ardaoen artean bere izen propioa izatera eroan dabe, nahiz eta XIX. mendeko azken urteetan mahastietan filoxera parasitoak kalte handiak egin eta 'lege sikuko' sasoiak edota 'depresino handiak' ardaogintzan atzerapausu esanguratsuak ekarri.
Gaur egun, legeraren aldetik, AEBetako eta Kaliforniako ardaoen ganean, AVA (American Viticultural Area) sistemea ezarrita dago. Europako Jatorri Deituren antzera legeztatzen ditue AEBetan produzidutako ardaoak. Kalifornian eta estadu federatu guztietan 55 AVA inguru dagoz; Kalifornian, barriz, 70 AVA onarturik dagoz, Bordeleko ardaoen kasuan legez estruktura piramidalean egiruraturik. Honeen artean gitxi batzuk aitatuko doguz.
Iparraldeko Kostaldean:
· Sonoma Valley eta honen barruan: Russian River Valley, Dry Creek Valley,…
· Los Carneros
· Mendocino
· Napa Valley; Oakville, Rutherford…
Kaliforniako ardaorik gehienak monobarietalak dira, hau da, mahats bariedade bakarragaz egindakoak, legez % 75ean behintzat eta honeen artean prezio eta kalidade maila askotakoak topetea posiblea da, edateko errazak, gusto gogorrekoak, bikainak…; bariedade nagusiak baltzen artean, Cabernet Sauvignon, Merlot, Pinot Noir eta espezialidade autoktono bihurtu dan Zinfandel mahats muetak aitatu geinkez, beste batzuen artean. Bariedade zurietan, barriz, Chardonnay, Sauvignon Blanc Riesling eta Chenin Blanc dira nagusi.
Etiketan AVA baten izena agertu ezkero, ardaoaren % 85 bertan egindakoa izatea nahitaezkoa da. Mahasti zehatz baten izena agertzen bada, mahatsaren % 95 gitxienez bertakoa izatea eskatzen dau legeak.
Ivan Vega Alberdi,
Enologoa.