Bertsotan  IV. urtea // 153. zenbakia

Deustu


Prakadun edo gonadun
hogeitamar mila lagun
esan daustenez Deustu honetan
badira gaur egun.
Eta zelan kantuz iardun
beharra berton daukagun
Artxandapeko errekalde hau
dantzan jarri daigun.

Auzo hau gerra baino lehen
herria izan genuen
zubiz handiko jauntxoek gero
harrapatu eben.
Orain hau Bilboren aihen
ala aldrebes ete den
Bilbo Deustuko auzoa ei da
eta kontuz hemen.

Tomate historikoak
lur honek emonikoak
gaur dena etxez jantzita gorde
zaizala Jainkoak.
Batzuk lujo handikoak
zazpi-zortzi miloikoak
eperdi baltzik ez leike eduki
horko lapikoak.

Blokeak boga ta boga
miloi ederrak kolkora
frontoi bat bazen hementxe eta
bera hankaz gora.
Ia etxetik kanpora
ezin lei urten inora
laster arnasa hartzeko txanda
hartu beharko da.

Deustun horra Erribera
arratoi denen bilera
Artxandan gose baziren hemen
edozer libre da.
Hor dabiz gora ta bera
jango leukie norbera
laster sartuko jatzuz kolkora
edo platerera.

Ez bakarrik arratoiak
hemen gauza egokiak
badira eundik gora taberna
eta jaitokiak.
Errondari ibilkoiak
solte brageta botoiak
diru freskorik badago ez dau
parkatzen sasoiak.

Hasteko horra Movidic
Travoltakumez josirik
hara doazen hankak ez dira
egongo geldirik.
Bein gauerdia jausirik
ez dago sano bizirik
kutxilazo bat nai ez badozu
zabiltza isilik.

Ezkondu eta ezkongai
hor daukazue Holliday
kantu ta dantza soinu ta putza
goizalderarte jai.
Gero baztartxotan ai-ai!
enberazurik ez dot nai
hortzak alkarri garibtu eta
arimak ere bai.

Amaitzera noa lana
bildurrez hasi dodana
Bilbo ta Deustuk merezi eben
entzun daben dana.
Guzurra ei da labana
egia barriz bolkana
inondik ezer kexarik bada
bialdu neugana.

Deustu, jai giroak zer gozau emongo deusku!

Xabier Paia

Badator jaien sasoia. Jente askorentzat, Deustuko jaiak udabarri eta udako jaien egutegiaren abiapuntua dira. Hortik aurrera, jairik jai ibili gura dabenek herririk herri ibili beharko dabe. Hain zuzen be, horrela ibili zan Xabier Amuriza bertsolaria 1978tik 1981era bitartean. Txapeldunak denpora tarte horretan hainbat herri bisitatu eban, baita herri bakotxari bertso-sorta bana egin be.

Herriak herri, 1979ko martiaren 30ean Deusturi jarritako bertsoak dakardaz Bizkaieko pantailara. Bertso danak ez, baina Amurizaren sortatik hautatutako bertso honeek ondo espliketan deuskue zelangoa zan orduko Deustu, baita bertsolariak zeinen ondo ezagutu eban be.