Euskal kulturea AEBetako ziberespazioan: www.basque.us
Iratxe Ormatza
John Ysursak euskal estadubatuarra dogu basques.us orriaren egilea, NABOko (AEBetako euskal alkarteen federazineoa) kultura sustatzailea dana. Izan be, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, NABOk egun erdiko lanpostua sortu dau, eta 2005eko urrian Isursa izentau eben lanpostua beteteko. Historian doktorea da eta San Diegoko Unibersidadeko (Kalifornia) irakaslea da Jon Isursa.
NABOn euskerea eta euskal kulturea sustatzea da eginkizun nagusia. Horretarako, AEBetako eta Euskal Herriko instituzinoen arteko hartu-emonak jorratuko dauz, batez be, Eusko Jaurlaritzeagaz. Era berean, AEBetako alkartearen barruan dagozan euskal etxeetan ekimenak eta ekintzak era eraginkorrean burutzeko egingo dau behar.
Esangura horretan, Isursak web orrialdea zabaldu dau. Bertan hainbat eta hainbat ekimenen barri emoten dau eta euskal etxeakaz daukazan eta izango dauzen hartu-emonak azaldu dauz. Euskal etxeen arteko hartu-emonak indartu beharra dagoala ikusita, esteka bat sortu dau, alkarren barri emon eta laguntzeko. Euskal etxeetan, gazteei begira beren-beregi zeozer egin behar dala ikusi dau, gazteak be euskaldunak sentidu daitezan. Egitasmoen artean dauka, euskal etxeetan gazte sustatzaile bat izentetea, gazteei zuzendutako ekimenak egiteko: gazteek egina, gazteentzat.
Hemendik gitxira euskal etxeei begira 'Astero' astekaria e-mailez plazaratuko dau. Bertan Euskal Herriari eta diasporari buruzko albisteak landuko dauz era berezian. Izan be, ez dau gura astekaria bete albisteez. Galbahetik pasau gura dauz albisteak, eta beraren eretxiz, garrantzitsuenak diranak zabaldu.
Web orrialdean euskereari eta euskal kultureari buruzko informazinoa bere emoten dau. Informazinoaz gan, euskeraz, dantzan, kantuan-eta ikasteko estekak jarri dauz. Euskal Herria berbabidea da orrian, eta informazino ugari emoten dau: bertsolaritzea, bertsoak entzungai, euren ingelesezko bersinoak irakurteko aukerea, Euskal Herriko historiaren ganeko informazioa...
Orrialde zabala eta aldi berean trinkoa da Isursak egin dauena. Helburua argi dauka, eta garbi adierazo dau: euskal tradizinoa, euskalduna izatea belaunaldi barrietara zabaldu behar dala, beti be, gozamenaren bidetik.