Zinea  IV. urtea // 153. zenbakia

Mrs. Henderson presents


Londres, 1937an. Laura Henderson (Judi Dench) andre diruduna eta eukitsuari gizona hil barri jako. Eta orain, bat-batean, konturatu da ez daukala zeregin garrantzitsurik. Lady Conway lagunak esan deutsonez, hobby bat behar dau. Diamanteak erosi edo ongintzan jardun beharrean, antzoki bat erostea erabagi dau. Baina ez daki zelan zuzendu eta horretarako ikuskizunaren negozioaren profesional bat kontratetan dau: Vivian Van Damm (Bob Hoskins). Zuzendari honek hainbat barrikuntza sartuko dauz Ingalaterrako antzezpen moduan, besteak beste eszenatokian neska gazteak biluzik imintea.

'Mrs. Henderson presents' filma ez da bape bereizten atsegin izatea beste helbururik ez daukien komedia gazi-gozo eta komertzial askotatik. Film biguna da, apatza, baina batez be indargea eta monotonoa.

Judi Dench handiak nortasun gogorreko andre temati baizen bihozbera baten antzezpen ona egiten dau; edozelan be, pelikula honetan ez dago benetako gatazkarik, trameak ez dauka sendotasunik eta, Bob Hoskins kenduta, ganerako aktoreen jarduna ez da apartekoa. Horren guztiorren ondorioz, filmak behea jo eta gogaikarri bihurtzen da.

Edozelan be, pelikulea egokiro hasi eta errez ikusten da; Martin Sherman-ek idatzitako alkarrizketak distiratsuak dira, baina lehenengo laurenetik aurrera gidoia makaldu eta ahultzen doa, garrantzizkoak ez diran geltokietan geratuz, gorago aitatu dogun lez, seguru antzean benetako oralekurik ez daukalako.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Stephen Frears.
- Herrialdea: Erresuma Batua.
- Iraupena: 102 minutu.
- Antzezleak: Judi Dench (Laura Henderson), Bob Hoskins (Vivian Van Damm), Will Young (Bertie), Christopher Guest (Lord Cromer), Kelly Reilly (Maureen), Thelma Barlow (Lady Conway), Anna Brewster (Doris), Rosalind Halstead (Frances), Sahar Solemani (Vera), Natalia Tena (Peggy).
- Gidoia: Martin Sherman.
- Argazkia: Andrew Dunn.
- Muntaia: Lucia Zuchetti.