Zinea  IV. urtea // 153. zenbakia

Syriana


‘Syriana’ pelikulan Estadu Batuetako petrolio enpresen eta administrazinoaren jardun politiko zikin eta lohien barri emoten daben hainbat kontakizun buztartzen dira, istorio bakarra osotzeko. Era berean, filmak Pertsiar Kolkoko herrialde arabiarren agintarien ustelkeria be erakusten dau, bai eta, egoera horretaz aprobetxauta, fanatiko islamiarrek suizidak erreklutetako erabilten dabezan bideak be.

Gaghan-ek lan bakarrean batu gura izan dauz gaurkotasun handikoak bai baina sano korapilatsuak diran hainbat gai eta, horretarako, politika energetikoa eta geopolitikea baizen errebesa dan egiturea erabili dau. Ondorioz, filmaren narrazinoa larregi ilundu eta zaildu dau, ikus-entzuleen agiriko apatia eta interes faltea eragiteraino. Ez dago pelikulearen ildoa jarraitzerik, ez dago istorioaren tensinoari eusterik, dan-dana askatzen ez dan troinu gogorra eta trinkoa dala emoten dau, eta horrek, gureztala, ikus-entzuleak abroziduten dauz.

Eskerrak Stephen Gaghan-ek luxuzko aktore zerrendea batzea jadetsi dauena. George Clooney-k, bikain jardun ez badau be, behar ona egin dau; gauza bera esan daiteke Matt Damon-ez. Christopher Plummer-ek eta Chris Cooper-ek ezin hobeto bete dabe euren beharra eta Amanda Peet, Jeffrey Wright, Alexander Siddig eta William Hurt-en ekarpenak be aitagarriak dira. Guztiagaz be, Estadu Batuen politika ustela salatzeko ahaleginak ahalegin, pelikula hau ez da bape ona, ikusmin handia sortu eta esnob askoren aldeko kritikak jasoagaitik be.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Stephen Gaghan.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 126 minutu.
- Antzezleak: George Clooney (Bob Barnes), Matt Damon (Bryan Woodman), Jeffrey Wright (Bennett Holiday), Chris Cooper (Jimmy Pope), William Hurt (Stan Goff), Mazhar Munir (Wasim), Tim Blake Nelson (Danny Dalton), Amanda Peet (Julie Woodman), Christopher Plummer (Dean Whiting), Alexander Siddig (Nasir printsea).
- Gidoaia: Stephen Gaghan, Robert Baer-en "See no evil" liburuan oinarrituta.
- Argazkia: Robert Elswit.
- Muntaia: Tim Squyres.