Bertsotan  II. urtea // 21. zenbakia - 2003ko martiaren 1a

Santutxu dantzan


Santutxu dantzan

Doinua: Dantzari Dantzako Aitte San Migel

1
Mende erdi da Karmelo elizan
sortu ebela Gaztedi,
zuok atara kontuak baina
nahiko iruditzen jat neuri.
Nahiz ta ordutik pasau dabezan
hamaika mila komeri,
gauza fuerte bat kontau behar dot
arnas hartu ta eseri.

2
Egia esan Gaztedi legez
ez dago hainbeste talde,
Euskal Herria dantzan jarri dau
puntaz punta, aldez alde.
Orain fraileek eta udalak,
zergaitik eureri galde,
lokaletatik bota nahi dabe:
fuera, hanka, ospa, alde!!

3
Fraileen laguntzaz sortu zan orain
berrogei ta hamabi urte,
gazteei lokala emon eutsien
“San” Aita Txanton bitarte.
Santutxuko hainbat neska mutilek
hartzen eban dantzan parte,
gazte hareek zahartu arren taldeak
gazte iraun dau gaur arte.

4
Umeei dantzan irakasten hor
dabil Gaztedi jo ta ke,
beraz lokalak botatea da
ehun umerentzako kalte.
Hauteskundeak datoz ta emongo
dot dohain eslogan bat be:
'Euskal kultura maite badozu
bozka Azkuna alkate'

5
Azkunaz ez dot gehiau esango,
edozer leike espero,
Baina fraileez bai: zer uste dau ba
jainkoak? (egon balego!)
Ta Aita Txantonek bere kutxatik
burua altxatuz gero?
Karmelon itzal bat suma leike,
Rouco jaunarena edo.

6
Sorta honen funtsa kaka guzti hau
gogor salatzean datza,
ez dogu galtzen geure bidean
jarraitzeko esperantza.
Eta jainkoak gazte jentea
ez dauenez maite antza,
ba infernura jeitsiko gara
bertan egiteko dantza.

Josu Martinez

Bilboko Santutxu auzoan dantzeak badauka bere historia. Gaztedi Dantza Taldea 1951. urtean sortu zan, eta berrogeita hamar urte luzetan Karmelo eleizako lokaletatik auzoko hainbat eta hainbat neska-mutil pasau da euskal dantza tradizionalakaz gozetako. Orain, eleizeak eta Bilboko udalak, Gaztedik eta Sorgintxulo Gaztetxeak erabilten dituen lokalak zahar-etxea egiteko erabiliko dituela-eta, horreek zarratzeko agindua emon deutsie. Josu Martinezen bertsoek egoera hau salatzen dabe.

Josu Martinez santutxuar gazte geldiezina da. Hamasei urte baino ez, ikasketez ganera (batxilergo lehen mailan dabil Gabriel Aresti institutoan) bertsoaren eta musikearen munduak ezagutzen ari da eta ez pentsau handi geratzen jakozanik. Musika ikasketak egiten ditu eta Gaztedi Dantza Taldeko musikaria da. Bertsolari legez lehenengo urratsak emoten dabil. Santutxu eta Gaztainondo bertso-eskoletako ikaslea da eta igaz Bizkaiko eskolarteko txapela irabazi eban 14-16 adin-tartean. Bertsoak jarten be gustora dabil eta gogo horren fruitu da ondoko sortea. Lehen esandako moduan, Gaztedik derrigor alde egin behar dau Karmeloko lokaletatik eta Josuk, zelan ez, dantza doinua lagun, bertso honeen bidez egiten dau bere salaketea.

Iñaki Aurrekoetxea