Alemania etorkizuneko autoaren bila
Begiluzea
Txikia, isila eta energia alternatiboek mobidurikoa; horixe da ikertzaileen burutan etorkizunari begira dagoan auto eredua. Eta, ganera, urrutikoa ez dan etorkizun batean gauzatu gura dabe ideia hau. Alemaniako ekonomiari erreparauta, automobilen enpresea I+Gn gehien inbertiduten dauenetariko bat da, eta, antza danez, euren laborategietan errealidade bihurtu daiteke orain arte ekologisten utopia bat besterik izan ez dana. Ingurumena lohitu eta kutsatzen dauen berebilaren ordezko ibilgailu barria bidean dago.
Motor konbentzionalaren desagerpena hurren
Seguru antzean arrankaukeran kurrun apal bat entzungo da, baina ke hodiak honezkero ez dau substantzia toxikorik botako. Emisinoak 'zero' izango dira. Horrek diesel motorrak desagertu dirala esan gura izango dau, eta, gaur egun, ibili beharreko tarte ertain bat falta izan arren, ikerketa zentroetan hasita dago erlojuaren kontrako lasterketa hau. Alemaniako produktoreek hidrogenoa hartzen dabe etorkizuneko erregai nagusitzat; ez dau bape kutsatzen eta hondakin modura ura besterik ez dau botaten. Daborduko erregai honen eraginkortasuna probeteari ekin deutsie, baina 2020ra arte ezin izango dala seriean produzidu uste dabe. Edozelan be, bien bitartean gero eta argiago dago tarteko urtenbide baten alde egingo dabena, petrolioaren prezioaren gorakadeari aurre egin guran.
Gaur-gaurkoz alternatiba hibridoak topetako beharra nahiko aurreratuta dago. Franz-Josef Paefgen-ek, Volkswagen (VW) taldeko ikerketa buruak esandakoaren arabera, autoak mobidu eragiteko teknologia barriek eta erregai barriztaileek euren aurrekontu osoaren % 35 beteten dabe. Paefgen-ek azaldu dau VWk gaur egungo teknologien balizko loturea aztertu eta ondorioztatu ebala Europako erregai kontsumoaren % 50 substantzia alternatiboen bitartez bete eitekeala. Ganera, % 50 horretatik beste erdia karbono dioxidoaren emisinoak murrizten dabezan bioerregaiek ordeztu leikie.
Ibili beharreko bidea
Oraindino gasolina bako autoa ikusteko dexente falta ei da, baina gaur egun hainbat aukera daukaguz. Motor hibridoak, etapa biko trakzinoa daukanak, diesela edo gasolina elektrizidadeagaz batzen dauz edo bioerregaiakaz. Alemaniako produktoreek motorrak preparau gura dabez erregaiak energia alternatiboen bitartez % 10ean ordezteko. Baina hori ez da guztia. Bernd Gottschalk-ek, Autogintza Alkarteko Buruak, adierazo dau 'petrolioaren industriako bazkideakaz erregai sintetikoak eskuratzeko alkarlanean egindako ikerlanak haizearen alde dabilz'. Dan-dana ondo joan ezkero, Gottschalk-ek uste dau CO2 % 90 inguru murriztu leitekeala.
Bestalde, 'Flexi-Fuel' izeneko erregaiaz dabilzan ibilgailuek itzelezko arrakastea lortu dabe Suedian; teknologia horrek berebilei aukerea emoten deutse gasolinaz edo etanolez ibilteko, eta, ganera, herrialde honetan 300 gasolindegi berezi baino gehiago dagoz. Alemanian, ostera, mueta honetako lehenengo gasolindegia abenduan zabaldu da.
Argi dago desafioa etorkizuneko automobila lortzea dana; arrazoiak asko be asko dira, baina, kalkuluen arabera, datozen 15 urteotan munduko autoen parkea bikoiztu egingo dala aurreikusten da; horrenbestez, gaur egungo motorrak aldatzen ez badira, planeta honetan ezin izango dogu arnasarik hartu.