Behar egin ebana ETA izan zan
IƱaki Atxutegi
Igor Angulo eta Roberto Sanchezen ETAkideen heriotzak dirala eta ezker abertzaleak deitutako greba eguna ez zan izan, hain zuzen, oso arrakastatsua. Holako kasutan beti pasetan dan lez zenbakien gerrea mahai ganean dago, muturretara joaten dira bai batzuk zein besteak.
Batzuek esan dabe grebea ez dala igarri eta besteek esan deuskue Euskadi osoa gelditu egin zala. Inguruan ikusitakoaren arabera, oso gitxi izan ziran greba deialdiari kasu egin eutsenak. Grebeari jarraipena egin behar eutsen askok normaltasun osoz behar egin eben. Periodikuetan be ikusi da Santurtziko Herriko tabernea zabalik. Horrek zer pentsau emon beharko leuke Ezker abertzalearen barruan.
Eretxi-emoile batzuek esan izan dabe Ezker abertzalea derrigortuta egoala holako greba deialdi bat egitera. Barruko tensinoak askatzeko modua ei da. Grebarako deialdia ezker abertzalearen erantzun klasiko eta tipikoa zan jazoera larrien aurrean. Baina zorionez ala zoritxarrez, argi geratu da denpora eta egoerak aldatu egin dirala Euskadin. Frankismo sasoiko militantzia orain urteak akabo zan.
Gaur egun beste modu batean hartzen ditu jazoerak euskal gizarteak. Politikea beste modu batean hartzen dogu. Ez dot uste nik kaleko euskaldunak politikeari kasurik egiten ez deutsonik, kontrakoa baizik. Inguruko gizarteakaz konparauta politikagintzea barru-barruan daroagu uritarrok. Baina badagoz prozedura eta baliabide batzuk gero eta gitxiago gustetan jakuzanak. Indarkeriaren kontrako jarrerea ia erabatekoa da gure artean eta jarrera bortitzak salatu egiten doguz.
Era berean, greba orokorrak, sarri askotan bape borondatezkoak ez diranak, zeozelako presino moduan hartzen doguz. Horrxegaitik gero eta jarraipen gitxiago daukie deialdi horreek. Hau jakinda ez da harritzekoa izan ETAk lehergailuak imintea greba deialdiari 'laguntzeko'. Grebearen biharamonean ez da horrenbeste berbarik egin deialdiaren jarraipenaren ganean, lehergailuen ganean baino. Ez nintzateke harrituko leherketak imintea ondo pentsautako kontua izatea grebearen porrotaren ganean berbarik ez egiteko.
Edozelan be, argi baino argiago dago iraganeko tresnak sobran dagozala gure herrian. Euskaldunok ez dabe onartzen lehengo denporetako tresna politikoak. Orain, hausnarketearen sasoia da ezker abertzalearentzat. Iraganeko tresnak antzuak dirala ikusita ausartuko ete dira aurrera begiratu eta beste tresna batzuei bide emoten?