Antxina-barri  IV. urtea // 153. zenbakia

Bete bako asmoa

Jesus Galindezen bizitza


1936ko Gerrea

Gerrea hasi eta berehala, Galindez demokraziaren alde eta altzautakoen kontra burrukan hasi zan. Lehenengo, EAJk preso eta desagertutakoen kasuak argitzeko Madrilen antolatutako bulegoan hasi zan lanean. Urrian, Eusko Jaurlaritzea eratzerakoan, bulego hori erakundearen ordezkaritza lanak beteten hasi zan. Irujo jeltzaleak Justizia Ministro kargua hartu eta Galindez haren aginduetara jarri zan, Kartzeletako Zuzendaritza Orokorreko Abogadu Aholkulari legez. Gerrea aurrera joan ahala eta fronteak gero eta gitxiago izanda be, ez eban bere lana itxi eta gerrearen azken egunetan Brigada Vasco-Pirenaican bete ebazan lege aholkularitza lanak.

Gerra ostekoak

Gerrea amaitzear egoanean, Frantzia aldera egin eban alde Galindezek. Baina Frantzian gero eta erbesteratu gehiago egozala eta, Gobernua hainbat arazo jarten hasi zan. Beraz, ez zan euskaldunentzako leku aproposena eta, euretariko askok eta Jaurlaritzeak berak be holan esanda, alde egin behar izan eben. Leku aproposena Atlantikoaren beste aldean egoan: Ameriketan.

Frantziatik Dominikar Errepublikara jo eban Galindezek beste hainbat euskaldunegaz batera, herrialde haretan diktadore zan Leonidas Trujillok be holan eskatuta.

Bertara heldu eta Galindez unibersidadean irakasle lanak egiten hasi zan. Gobernuak berak be aholkua eskatzen eutson eta Nekazaritza sailerako be lanean izan zan aldi batean. Bitartean, Eusko Jaurlaritzearen ordezkari ardurea eroian Galindezek eta tartean Estadu Batuetako zerbitzu sekretuekaz be egiten eban lan.

Baina Galíndez gero eta arduratuago egoan Dominikar Errepublikan ikusten ebazan bizi baldintza okerren ganean eta bere desadostasuna gero eta argiago erakusten eban. Egoera honetan, Trujilloren ganeko liburua idazten hasi zan. Diktadorearen inguruko hainbat zehaztasun batu eta, batez be, herrialdean bizi zan egoerea salatu ebazan.

Hartutako bide honek ez eutson kalterik baino ekarri eta ikusiz Trujillo agintaria gero eta haserreago egoala beragaz, 1946an Jaurlaritzeak New Yorken eukan ordezkaritzara alde egitea erabagi eban. Uriburu horretan desagertu zan handik hamar urtera martiaren 12an. Danen begiradak Trujillorengana bueltau ziran.

Hil eta gero bere gorpua Amurriora eroatea eskatu eban Galindezek baina ez eban bere asmoa beteta ikusiko. Ezta desagertu eta 50 urte geroago be.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria


Sarrerea

Gaurko honetan Jesus Galindez dakargu pantailara. Martiaren 12an bete ziran 50 urte New Yorkeko metro sarrera batean azkenengo biderrez ikusi ebenetik. Baina Jesus Galindez Suarezen historia lehenago hasi zan, 1915eko urriaren 12an Amurrion jaio zanean.

Lehenego urteak Madrilen

Gazterik, zortzi urtegaz, ama hil jakon eta Galindez sendia Madrilera joan zan. Zortzi urte egon zan Madrileko Chamartin auzoan Jesusen Lagundiak eukan ikastetxean. Bertan Zuzenbideko ikasketak egiten egon zan Madrilen ziran beste euskal ikasle batzukaz eta Eusko Ikasle Batza ikasle sindikatuko kide egin zan. Handik, abertzaletasun ideiatara hurreratu zan. Pentsaera honek aitarengandik urrunduko eban Galindez. Euskal abertzaletasun ideietarako hurrekotasunak 1932an EAJ alderdiko kide egitera eroan eban.

Urtebete geroago, hamazortzi urtegaz, Madrilen idatzitako lehenengo bi liburuak argitaratu ebazan: ‘M. N. y M. L. Tierra de Ayala, su Señorío y su Fuero’ eta ‘Ideas políticas de Saavedra Fajardo’.

1936ko bagilaren 20an Zuzenbidean lizentziau zan Zuzenbide Zibileko Katedran eta irakasle laguntzaile lanak beteten hasi zan. Baina beste kasu askotan pasau zan moduan, Galindezen ibilbidea be gerreak ebagi eban.