Euskerea berbagai  IV. urtea // 153. zenbakia

Ereduen ganeko eztabaidea gori-gori (III)


Eskola eta ikastola bakotxa azken helburu horreetara hurreratzeko modua, baina, ezin leiteke bardina izan. Bakotxak abiatzen dan testuingurutik bidea egin beharko dau eta. Testuinguru honetan, nazinoarteko hezkuntza-sistemen emoitzak-eta alderatzean, sistema horreen bardintasunak eta desbardintasunak gitxitan aitatzen dira. Alde horreen artean, hezkuntza-sistema bakotxak jakintza-arlo batzuk eta hainbat gaitasun lehenesteko, eta ikastetxeek euren baliabideak euren hezkuntza-proiektuaren zerbitzura jarteko daukien autonomia aitatuko neukez.

Holan, azken helburuak, komunak, baina horreetara ailegetako bideak, ostera, desbardinak. Bi hanka, halanda be, beste bi falta dira; batetik, ikastetxe bakotxak egitasmoa garatzeko behar dauen autonomiak, tarteko helburuak lortzen dirala ziurtatzeko eta hezkuntza-sarea edozein dala, desbardintasunak orekatzen laguntzeko, kanpoko ebaluazino sistemea eratzea eta administrazinoaren sostengua behar dauz; bestetik, prozesu hori aurrera eroateko curriculum diseinuak barritu, irakasleen oinarrizko prestakuntzan era iraunkorrean pausoak emon, material barriak atara eta abar egin beharko dira. Horra hor, bada, geure hezkuntza-sistemea etorkizunagaz lotzeko oinarrizko abiaburuak.

Halanda be, egun batetik bestera aldaketak gauzatzea gatxa da hezkuntza munduan, horretarako baldintzak sortu egin behar diralako. Halanda ze, aldi berean estrategia bi bultzatzea zentzuzkoa izan leiteke. Egun indarrean dagozan hizkuntza-ereduak epe ertainean mantendu leitekez, egungo arrakalak (lanbide-heziketan, goi ikasketetan eta abarretan) estaltzeko ahaleginak areagotuz. Bien bitartean, eta epe ertainean planteamentu barria gorpuzteko, hala nahi daben ikastolakaz, eskola publikoakaz eta pribatuko bestelako ikastetxeakaz eratutako talde-pilotua osotu leiteke. Horreek guztiak egin beharreko bide barrian bide-egile suertatu leitekez, ganerakoentzat jarraibideak-eta eskainiz, sistema osoa baldintza eta erespide barrietara egokitzen joateko denporea eta aukerak eskainiz.

Amaitzeko, gitxiengo batek darabilen gitxiagotutako hizkuntza baten indarbarritzeaz berbetan gabizenean, gizartean eraldaketa esanguratsuak jasoteaz ari gara. Holakoak, ostera, ez dira epe laburrean pasetan, horretarako adostasun zabala, denporea, kemena eta ahalegin iraunkorra behar dira-eta. Gauzak holan, hizkuntza-ereduak dirala-eta, darabilgun eztabaidea gaurko eta bihar-etziko herritarren hezkuntza preminei erantzutearen zerbitzura jarri behar da, hori ahalbidetzeko hezkuntzeak izango dituan helburuak birdefiniduz, jarraibideak eguneratuz, administrazinoak hezkuntza sistema osoaren -ez bereak diran ikastetxeena bakarrik- ardurea daukala jokatuz eta abar.

Kontuz, baina, itolarria eragin barik, hasieran azkarregi doazenak maratoiaren azkenera beti ez diralako heltzen eta guk heltzeko pausoak ondo emon nahi doguz.

(Hurrengoa: Hizkuntzen eta bioaniztasunaren arteko buztardurea?)

Erramun Osa

Orain dala gitxi ginoan hizkuntza-ereduen egungo eztabaidan bildur bi agiri dirala. Euskerearen biziraupena ahalbidetzetik edaten dau batak, gaztelerea makaltzen dagoan ustetik eta erdaldun diran irakasle batzuk mantentzetik besteak. Hagatik, batzuentzat etorkizuneko aterabidea D eredu indartua izango litzateke, besteen kasuan, ostera, B eredu murriztua eratu beharko geunke. Baina, eztabaidea beste bat da, nik uste. Bildurrak eta aurreretxiak astindu egin behar dira. Zeintzuk dira bizi osorako hezkuntza planteamenduen jiran, derrigorrezko irakaskuntzea amaitzen dauen gazte batek gaztelaniari, euskereari, ingelesari eta laugarren hizkuntza bati buruz (gure kasuan, frantsesa) eskuratu beharko leukezan gaitasunak? Hori da funtsezko eztabaidea, euskal gizartean lortu beharreko adostasun barriaren oinarria.

Gauzak holan dirala, derrigorrezko hezkuntza-sistemeak hizkuntzen ganean daukazan azken helburuak komunak izatearen aldeko naz. Inguruabar horretan, euskearagaz eta gaztelaniagaz egun daukaguzan helburuak apaltzearen aldeko ez naz ni, nahiz eta jakin derrigorrezko irakaskuntzea amaitzean, gazte guzti-guztiek, arrazoi asko eta desbardinengaitik, hizkuntza-maila bera ez dabela lortuko, baina, helburuek trakzino-indarra izateko be balio dabe. Era berean, gizarte baldintzak aldatu ahala, seguru nago gure gazteen hizkuntz gaitasunak hazi egingo dirana.