Kulturea  IV. urtea // 153. zenbakia

Liburuak maileguan ixteko sistemeak 1.500 lanpostu hondatuko ditu, liburu-saltzaileen berbetan


Bizkaie!

Eusko Jaurlaritzeak eskola-liburuak maileguan emoteko sistemea martxan jarteak euskal testu-liburuen produkzinoa arriskuan jarriko leukela nabarmendu dau EAEko Liburu-saltzaileen Elkarteak. Euren ustez, sistema barriak galbidera eroango leuke sektorea eta horren ordez, 'liburu-txekea' sistemea proposatu dabe.

Euskal liburu-saltzaile nagusiek ohar bateratua preparau dabe PSE-EEk 2005eko zemendiaren 23an aurkeztutako zuzenketaeren inguruko eretxia emoteko. Liburu-saltzaileen ustez, sistema barri horregaz 1.500 lanpostu galduko dabez, hau da, egun dagozanen % 30.

Liburu-saltzaileek zehaztu dabenez, ez dagoz eskola-liburuak doban emotearen kontra, horren aurrean, mailegu sistemeak sektore horri ekarriko deutsozan ondorio larriez ohartarazo gura dabea.

Horrezaz ganera, euren ustez, mailegu sistemeak liburuaren eta ikaslearen arteko hartu-emonak aldatuko ditu, irakasleak be bere irakasteko modua aldatu beharko dau, hezkuntzaren kalidadearen kaltetan.

Beraz, ekimenak liburuaren munduagaz zerikusia daben sektore guztiei eragingo deutse, besteak beste, argitaratzaile, banatzaile, idazle eta ilustratzaileei, beti be liburu-saltzaileen eretxiz. Ganera, Euskal Herriko produkzino kulturala, batez be euskerazko liburuena, dezente murriztuko dala salatu dabe.

Azaldu dabenez, egun EAEko hiru probintzietan testu-liburuen salmentak liburu denden diru-sarreren % 40 dira. Esangura horretan, liburu-saltzaileek uste dabe sistema barriak lau aldiz murriztuko dituala aukerak, hau da, urtero saltzen dan liburu kopurua, aurrerantzean, lau urtetan salduko dala esan dau Gipuzkoako Liburu-Saltzaileen Elkarteko presidenteak.