Josune Bereziartu: 'gero eta gehiago maitatzen dot mendia'
Josune Bereziartu 1972ko urtarrilaren 19an jaio zan Lazkaon eta txikitatik kirola izan da bere pasinoa. Futbolean jokatzen eban baina hamazpi urtegaz eskaletan hasi eta azkar hasi zan nabarmentzen. Kirol eskaladako Espainiako Txapelketa bost urtetan jarraian irabazi ondoren, nazinoarte mailako txapelketetan parte hartzen hasi zan eta 99an, berbarako, Munduko Kopako proba bat irabazi eban. Josune izan zan munduan lehenengoa 8c gradua gainditzen, munduan lehena eta bakarra 8c+ eskaletan eta bakarra 9a gradua gainditzen.
Azken aldian, gizonezkoen mailako errekorrak gainditu ditu eta munduko eskalatzaile onena dala esan daiteke.
Orain gitxi Bilbon izan da Euskaltel Emakumeen Mendiko Taldearen aurkezpenean eta Emakumeen Mendiko I. Jardunaldietan parte hartzen. Hitzordu hori aprobetxau dogu Josunegaz bat giteko.
1.- Eskaladan 9a+ gradua lortu dauen munduko emakume bakarra zara. Eskaladan adituak ez diranentzat, nolako zailtasuna da hori? Munduko eskalatzaile onena zarela jakiteak zer sentiarazoten deutse?
Oso gatxa da eskaletan ez dauen bateren bati adierazotea zailtasun hori. Mundu osoan eskaladan gehienez egin dan zailtasuna da eta, beraz, upealako errekor edota marka lez deskribiduko neuke. Pentsaizu eskalada mueta horretan dagozan heldulekuak benetan txikiak dira ze eskaletan dauen batek be ez leukez ikusi edo topauko, harrituta geldituko litzateke ikustean zein heldulekuetara heltzen zaran, berbarako, Bimbaluna ibilbidean.
Bigarren galdereari erantzunez, onena izatea konpromiso eta erantzukizun handia da niretzako, baina ohituta nago, urte asko daroadaz goi mailan, gogor eskaletan eta hor goian, punta-puntan egoteak eskalau dodan ibilbide guztien ondorio bat da, ez bakarrik azkeneko ibilbiderarena.
2.- Gizonezkoen eskaladako errekorra gainditu dozu eta oraintsura arte gizonezkoen kirola izan dan horretan sekulako iraultza ekarri dozu... Non dago zure mugea?
Urteak badoaz aurrera eta uste dot oso gatxa egingo jatala mugarri hori gainditzea; baina nere izakerea beti izan da inkonformistea; pausuak emoten jarraitu nahi dot, gero eta bide gatxenetan saiatuz, hori argi eta garbi daukat, baina jakitea non dagoan nere mugea...denporeak esango dau.
3.- Hamazpi urtegaz hasi zinan eskalatzen. Nola? Zerk eraginda? Maila gorenera heltzeko prozesuan nolako gorabeherak bizi izan dituzu?
Ondo esan dozu nik beti kirolari amorratua izan nazala, baina betidanik taldeko kirolak egiten nebazan: futbola, saskibaloia...; egun batean, barriz, 17 bat urtegaz, telebistan dokumental bat ikusten negoala (bi neska eskaletan egozan Frantziako toki zoragarri batean) nere koinatuari, Tomasi esan neutson eskaletan eroateko. Ordutik gaur arte 15 urte pasau dira...
Ibilbidean, jakina, momentu oso txarrak edozein kirolarik bezela baina kriston momentu zoragarriak be bizi izan dodaz. Txarto zabiltzanean, moral aldetik baju eta holako egoeretan, momentu eder horreetan pentsetan jarduten zara. Betidanik jakin izan dot kirol honek ez daukala mugarik eta pausoka-pausoka gaur arte ailegau naz.
4.- Elastizitatea, indarra, konzentraziorako gaitasuna...; zer gehiago behar da eskalatzaile ona izateko? Buruak, alde psikologikoak nolako garrantzia dauka?
Gaitasun fisiko oso ona behar da gehienbat, kirol eskaladan horixe da ardatza baina, jakina, motor indartsua be nahitaezkoa da, hain zuzen burua. Gaitasun mental handia behar da mugatik hur zagozanean, pausu bat aurrerago joateko, bai entrenetan eta bai eskaletan. Ausardia puntu bat behar da.
5.- Eskalada lagungarri egin zaizu eguneroko bizimoduari eta arazoei aurre egiteko?
Jakina, kirolean gora egiteko disziplinea, buruargia, konstantzia eta seriotasuna behar dira eta bizimodu normalerako be ezaugarri onak dira aitatutakoak. Kirola egitea jarrera edo filosofia ona da baina perspektibea sekula galdu barik.
6.- Hamabost urte daroazuz eskaladan eta gero eta gehiago kostako jatzu erronkak bilatu eta motibetea...
Bai,egia da, lehengo galderetan beti 'kirol' berbea aitatu dot askotan. Baina niretzako eta eskalatzaile askorentzako kirol eskaladea, kirol bat baino gehiago da. Mendian egiten da, eta mendia gero eta garrantzitsuagoa da niretzako. Gero eta gehiago maitatzen dot mendia eta hain zuzen be hori motibazino handia da. Kirol eskaladea hormatzarretara edo mendi alpinoetara eroatea gero eta gehiago egin behar dodala dakit. Arlo honetan, zailtasuna beste arlo batean agertzen da eta arrisku-abentureagaz nahasten da. Uste dot hau izango dala nere eboluzinoa eskaladearen munduan.
7.- ‘Erori eta berriz hasi’ ikusentzunezkoa aurkezten zabilz azken aldian. Erorketak onak dira ikasteko ala bildurra hartzen da?
Kirol eskaladea eta erorketak batera doaz. Baina bizimodu arruntean be holan ibilten gara, kolpe asko eta asko, erorketa pilo bat edo momentu txar asko dira gure bizitzako osogaiak. Eskalatzailea ez dan batek nire arrakastea edota kriston balentrien barri baino ez dau izaten baina horra heltzeko, aurretik erorketa, haserrealdi eta makalaldi asko dagoz eta danetatik zeozer ikasi eta altzau behar zara nahitaez...
8.- Euskal Herrian beti egon dira eskalatzaile onak baina gero eta zaletasun handiagoa dago eta emakumeak ere gero eta gehiago dabiltza. Zein da adin egokia eskalatzen hasteko?
Bai, egia da, orain arrakasta asko daukan kirola da eta mundu honetara neskak hurretzen be hasita dagoz. Oso pozgarria da hau niretzako. Kirol honetan hasteko ez dago edade zehatzik, edozein edadetan hasi daiteke, bai oso txikitatik edota helduagoa zaranean, ez dago iezelako arazorik. Orain rokodromoak dagoz gure herrietan eta leku aproposena da hasteko; hori bai, hasibarriak mendira eroango neukez ezer baino lehen. Eskaletan hasteko edade bat aitatzearren, 12 urtegaz hastea egokia izan daitekeela pentsetan dot.
9.- Eskaletako Atxarte ala Balzola? Yosemite ala Japonia?
Munduan zehar ibilita ikusi dot leku bakotxak badaukala bere xarma berezia, gatxena leku bakotxaren xarma puntu hori topetea da. Baltzolan ordu asko sartu dodaz, leku espeziala, zoragarria da; Japonia, barriz eskaletako ez da onena baina batzen badeutsazu hango kulturea eta parajeak ba kristona da. Yosemite aldiz ikono bat da eskalatzaileentzako, nahiz eta han ez egon hormarik gatxenak, eskaladearen historia da. Eta Atxarteri buruz esango neuke inguruko tokirik onenetarikoa dala eta luzerako ibilbide oso politak eta onak dagozala eta gainera euskaldunontzat gure Yosemite partikularra izan zan sasoi baten...
10.- Oraintsu Josune Bereziartu, Edurne Pasaban, Rakel Pérez eta Sonia Casas kide dituan Euskaltel Emakumeen Mendiko Taldearen aurkezpena egin dozue Bilbon. Zeintzuk dira helburuak?
Helburu garrantzisuena mendian gabiltzan neskak laguntzea eta babestea da, emakume mendizaleak sustatzea. Edurne Pasaban, Rakel Pérez, Sonia Casas eta ni neu hor gagoz eta benetan ohore handia da niretzako.
11.- Kirolgi programa edo oraintsu Euskaltelek sortutako Emakumeen Mendiko Proiektu Onenaren Bekari esker, eskaladatik bizizea errazagoa izango ete da?
Eskaladatik bizitea lartxu esatea izan daiteke baina Euskaltelek antolatutako mendiko proiektu onenaren lehiaketa edo bekeari esker zeure eskalada eta proiektuak aurrera eroatea errazagoa izango da bai. 2005ean mendiko edozein jardueratan egindako ekintzakaz lotuta, Euskal Herrian erroldatutako emakumeek bialdutako proposamenak balorau eta proiektu irabazleak 1200 euroko saria jasoko dau. Edozelan be, egia da EUSKALTEL eta KIROLGI fundazinoek ondo hartu gaituela neska kirolariak eta azkenean emoitzak eta lorpenak ikusten dira.
Koldo Isusi Zuazo