Kulturea  IV. urtea // 153. zenbakia

'Cien momentos para la libertad. Memorias de un secretario de Jose Antonio Agirre (1936-1949)' liburua plazan


Bizkaie!

Jose Antonio Durañonaren 'Cien momentos para la libertad. Memorias de un secretario de Jose Antonio Agirre (1936-1949)' liburua argitaratuz, Sabino Arana Kultur Elkargoak 'Hamaika oroimen askatasunerantz' bildumeari ekin deutso; horren asmoa da, Euskadik bizirik irauteko eta haren askatasunaren alde dana emon eben euskal abertzale askok bizi izandako esperientziak berreskuratzea, gaur egun, halan da be, holakoak oraindino ezezagunak baitira euskal gizartearentzat.

Ez dira aitzindari eta buruzagi nagusiak, horreen jarraitzaileak baino. Heroitasun eta sakrifizio orrialdeak idatzi ebezan, oraindino argitaratu bakoak baina erabagigarriak euskal nazinoa eregiteko prozesuan.

Durañonak kontaketa zintzo baten freskotasuna emoten dauen jazoera-kateamendu bat eskaintzen dau eta sendotasuna emoten deutso berak ipuina bailitzan deskribiduten dauen hamarkada bati. Horra: Gurs-eko kontzentrazino-esparrua; langabezia; bizirik irauteko mantenu-beharra, oso laguntza urriz arindua; gerrearen indarkeria; informazino-zerbitzuak; alemanen okupazino-denporako estutasunak; euskaldun nabarmen batzuen adierazpenak eta traizinoak; gaur egun Cervantes Institutuaren egoitza dan Pariseko Avenue Marceauko ordezkaritzearen lana; Francoren aliatuek Bigarren Mundu gerrea galtzearen ondoriozko itxaropenak...

Liburuak bere horretan itxi dau Durañonak erabilitako grafia, gure hurreko lehenaldiaren sasoi batean idatzi ohi zan moduaren adierazgarri bat baino ez dan ezkero, eta zenbait gutun, agiri eta datu be badakartza, Agirre lehendakariak Parisen, Durañona haren idazkaria izan zan garaian egindako lana hobeto azaltzen laguntzen daben eranskinetan.

Argitalpenetan lehenengoa Jose Antonio Durañonaren liburu hau da. Oroipen-liburu bat baino gehiago giro-kronika luze bat da, Durañonak berak gorazarre egiten deutson belaunaldi baten sasoiari buruzkoa, hain zuzen; milaka familiak egoera ezin larriagoetan bizirik irauteko eta ideia demokratikoak defendidutea ez beste ezein deliturengatik sufridu ebezan zailtasunak kontetan ditu. Testuinguru horretan, Agirre lehendakariaren figurea nabarmentzen da; erbestaldi luze baten protagonistea izango da eta bolada haretan Durañona haren idazkari izan zan hiru urtean. Burura jatorkozan bizipenak zein orduko jazoera-pasarteak topauko ditu irakurleak liburuko orrialdeotan; belaunaldi barrientzako gutuna balitz lez, jazoera hareez eta, batez be, persona zehatz batzuen jokabideaz dauen irudipena azaltzen dau eta egileak.