Zinea  II. urtea // 21. zenbakia - 2003ko martiaren 1a

Piano-jolea


Joseba Terreros

- Zuzendaria: Roman Polanski.
- Herrialdeak: Frantzia, Alemania, Britainia Handia, Polonia, Holanda.
- Iraupena: 148 min.
- Interpretazinoa: Adrien Brody (Wladyslaw Szpilman), Thomas Kretschmann (Capitán Wilm Hosenfeld), Daniel Caltagirone (Majorek), Frank Finlay (aita), Maureen Lipman (ama), Emilia Fox (Dorota).
- Gidoia: Ronald Harwood; Wladyslaw Szpilman-en 'Varsoviako ghettoko piano-jolea' izeneko nobelan oinarritua.

Amerikan egindako ibilbide luzearen ostean, oraingoan Roman Polanski zuzendari bikainak bere jaioterrira begiratu gura izan dau, aspaldiko amesa egia bihurtzeko: Varsoviako ghetto judutarraren sasoi zitala filmau eta umetako gomutak gogora ekarri.

Ez eban gura, dana dala, kutsu autobiografikorik; ondorioz, proiektua atzeratu egin zan, baina azkenean bere eskuetara ailegau ziran ospe handiko Wladyslaw Szpil-man piano-jole judutarraren memoriak. Poloniako uriburuko irratian Txopinen obra bat interpretetan dabilela, bizia salbetako odisea hasiko da. Hori guztia, sufrimentu, irain eta pobreziarik gorrienean. Erresistentzia fisiko eta psikikoaren muga-mugan, ghettotik hainbat ezkutalekutara pasauko da, familia osoa kontzentrazino-esparru batera daroela ikusi bitartean.

Emoitzea film klasikoa da, Europako ukutu batzuk berreskuratzen dituana, une latz horreetako egia batzuk azaltzeko. Manikeismo eta sektarismo lar barik egiten dau, poloniar onak eta txarrak, judutar maltzur eta zintzoak nahiz bihotz oneko alemanen bat edo beste erakutsiz. Bere herriari egindako omenaldia da, begirada nostalgikoa eta gizatasunez beterikoa, gorabehera politikoez harantzago joateko guraria. Horregaitik, filma ikuslea apur bat urrun mantentzeko moduko estetika hotz baten arabera egituratzen da, larregi sufridu barik, hausnarketatik hurrago, negar-anpuluetatik baino.

Txopinen notakaz hasi eta amaitzen da pelikulea. Bien bitartean, hilketa arbitrarioen basatikeriak eta bonbardaketa izugarrien gogorrak batzuen okerkeria eta besteen larritasuna dakarguz burura. Oso eszena gordinak be ikusten dira, kasu baterako familiaren aurrean leihotik botaten daben agure ezinduarena; beste batzuetan hunkiberatasuna agiri-agirian dago eta beste hainbatetan lirismoz beteriko uneak be izaten dira, maitasunerako zirrikituak ixten dituenak, heriotzearen espiritua hur-hurrean ibilita be.

Filma modu kronologikoan eta antolatuan emoten deusku, istorioari lehentasuna emonez, kontetako era eta itxurearen aurretik. Errealismo horrek mailarik gorena lortzen dau Szpil-man-en bakardade unerik gogorrenetan, ez daukanean berba egiteko inor, ez eta jateko ezer be. Egia esan, Adrien Brody-k ezin bikainago beteten ditu zoramenetik paraje dagozan miseria eta izugarrikeriaren une horreek.

Pelikula zintzoa, hungikarria eta ona da, 'Schindler-en Zerrendea' lako filmetatik paraje dagoana; 'Piano-joleak' gizatasun apur bat ipinten deutso aurreko mendeko sarraskirik gordin eta gogorrenari. Ez da harritzekoa, beraz, Cannes-en Urrezko Lehoia eta oraintsu Frantses Akademiako Zesar sari nagusia irabazi izana. Nahiko izango ete da oskarra irabazteko?