Musikea  IV. urtea // 153. zenbakia

Ortots diskoetxe barriaren lehenengo lan biak kalean


Bizkaie!

Herriko Burdina web ataria (www.herrikoburdina.net) ezaguna da metal musikearen jarraitzaileen artean, izan be, gaiagaz lotutako azken albisteez gan, hainbat talderen inguruko informazino osotua (biografia, diskografia, taldekideak, hartu-emonetarako datuak...), kontzertuen agendea, diskoen iruzkinak eta alkarrizketak batzen ditu, besteak beste. Atari digitalari lotuta, proiektu barri batek ikusi dau argia oraintsu: Ortots Burdin Hotsak zigilua. Euskal Herriko metal taldeen autoprodukzinoak lagunduko ditu diskoetxe barriak.

Ortotsek disko bi kaleratu ditu honezkero. Lehenengoak, 'Altzairu goria-k, 15 talderen lanak batzen ditu, heavy metal, death metal, trash metal eta black metal estiloak jorratuz. Azken Garrasia, Ipar Haizea, Sorgerth, Odd Heathenish, The Name, Mortinatum, Omendark, The Howl, Sugaar, Mendeku Itxua, Waldeheim eta Suffering Down dira diskoan agertzen diran talde horreetako batzuk. Bigarren erreferentzia Denial taldearen lehenengo lana da, Phobia. Euskeraz abestutako death metal melodikoa egiten dau Arrasateko (Gipuzkoa) seikoteak, tekladuez eta bibolinez lagunduta. Denial 2000n sortu eben Desire of Death taldeko hiru kidek. Ondoren, beste hiru gehitu jakezan. Igazko udan bederatzi kanta grabau zituen Zarauzko Fidelenea estudioan, Mikel Kazalisegaz (Estigia, Kuraia, Anestesia, Negu Gorriak). Gero, Euskadi Gaztea maketa lehiaketara aurkeztu eta finalerako sailkatu ziran.