Ikasle etorkinen ia % 50 gaztelaniazko A ereduan dabil
Bizkaie!
Gaur egun, 13.600 dira EAEko ikastetxeetan ikasten ari diran etorkinak, hau da, 20 ikasletik bat etorkina da.
EAEko ikastetxeetara heltzen diran ikasle etorkinen kopuruak, eten barik gora egiten jarraitzen dau: 2006ko lehenengo 6 asteetan 620 ikasle etorkin etorri dira EAEko ikastetxeetara.
Euskal Autonomia Erkidegoan 13.600 ikasle etorkin zenbatuta dagoza 2006ko zezeilean, 2005ko ikasturte amaieran EAEn ikasten ari ziran etorkinak baino 2.084 gehiago. Gaur egun, 7.489 dira Bizkaian matrikulautako etorkinak, 3.365 Gipuzkoan eta 2.745 Araban.
2001ean EAEko ikasleen artean etorkinak 2.720 ziren (ikasle guztien % 1) eta bost urteko beranduago, 2006an, 13.600 dira (ikasle guztien % 5). Ia-ia EAEko ikastetxeetan ikasgela bakotxeko etorkin bana dago: 20 ikasletik bat etorkina da.
Sare publikoko ikastetxeetan eta itunpekoetan aukeran diran hiru hizkuntza ereduen arteko banaketeari erreparauta, nabarmena da gaur egun derrigorrezko hezkuntzan matrikulauta dagoan ikasle etorkinen gehiengo zabala euskalduntzean bermerik txikiena emoten daben ereduetan ikasten ari dala.
Erdiak (% 49,6k) A ereduan ikasten dau, ia heren batek (% 27,8) B ereduan eta ikasle etorkinen % 22,6 bakarrik dago D ereduan matrikulauta.
Hiru lurraldeetako datuak bateratuta, 6.700 ikasletik gora dira A ereduan ikasten daben etorkinen seme-alabak, 3.750etik gora B ereduan ikasten dabenak, eta 3.000 pasatxo D ereduan dabilzanak.
Gauzak holan dirala, gaztelaniaren presentzia ira erabatekoa edota oso garrantzitsua dan ereduen aukerea nabarmena da etorkinen artean, nahiz eta Eusko Jaurlaritzearen Hezkuntza Sailetik etorkinen artean be eredu euskaldunen aldeko apustua indartzeko helburua izan.
Gurera etorritako etorkin askoren ama hizkuntza gaztelania dala ahaztu barik (latinoamerikarren kasua), ikasle etorkinen hizkuntza ereduen araberako banaketan, EAEko lurraldeen egoerearen ispilu be badala esan daiteke, lurralde bakotxean euskereak gaur egun dauen presentzia eta zabalkundearen ispilu, hain zuzen.
Kontuak kontu, A ereduaren aldeko jokerea Araban da nabarmena. Lurralde horretan ikasle etorkinen % 75ek ikasten dau euskerea ikasgai dauen ereduan, eta % 4,75 besterik ez dagoz D ereduan matrikulauta.
Bizkaian be A ereduak aurrea hartzen deutse ganerako biei (% 54,9), baina lurralde honetan B eta D ereduak askoz parekatuago agertzen dira: ikasle etorkinen % 22,6 da B ereduan ikasten dabilena eta % 22,5 D ereduandabilena.
Gipuzkoan euskaldunen batez bestekoa beste bi lurraldeetan baino handiagoa dan neurrian, etorkinen ereduen araberako banaketearen datuak be beste bietan baino hobeak dira, euskerearen ikuspuntutik. Beste herrialdeetatik etorritakoen seme-alaben euskalduntzea bermatzetik oso urrun oraindino, baina Gipuzkoa da A eredua etorkinen artean nagusitzen ez dan lurralde bakarra. Gipuzkoan B ereduan kokatzen dira etorkin gehienak (% 45) eta jarraian D eredua dator, etorkinen % 37,3gaz. A ereduan matrikulautakoak % 17,7 dira.