Euskaldunok munduan  IV. urtea // 153. zenbakia

Gaztekutxak 188 gipuzkoar gazteri ingelez ikastaroak eskeiniko deutsez Irlanda, Kanada, Ingalaterra eta AEBetan


Bizkaie!

Kutxa aurrezki kutxa gipuzkoarraren gazte-bulegoa den Gaztekutxak uztailan atzerrian egiteko ikastaroen eskaintza-sorta zabal bat jarri du gipuzkoar gazteen eskura. Honako programa honen bitartez, Gaztekutxak lurraldeko neska-mutilei munduko hainbat txokotan ingelesa ikasteko aukera eman nahi die, 188 plaza hain zuzen ere Irlanda, Kanada, Ingalaterra eta EE.BBetan.

Komunikatu batean azaltzen denaren arabera, "betiere, kalitate- eta konfiantza-berme handieneko ikastaroak izango dira. Azken batean, horixe izaten baita gisa honetako ekimenetan familiek izaten duten kezka nagusia", diote Kutxatik.

Zehatz-mehatz, ondokoak dira Gaztekutxak ingelesa ikasteko eskaintzen dituen tokiak eta plaza-kopuruak: Irlandan, Dublinen (25 plaza), Birr-en (15 plaza) eta Greystones-en (28 plaza); Ingalaterran, Londresen (30 plaza), Worthing-en (35 plaza), Farnham-en (15 plaza) eta Deal-en (20 plaza); Kanadan Vancouver-en (10 plaza); eta, azkenik, Estatu Batuetan, Connecticut-en (10 plaza).

Ikastaro guztiek lau asteko iraupena daukate, eta guztiak ere uztailean egingo dira. Ingalaterrako Worthing-eko ikastaro-eskaintza abuztuan ere egin ahal izango da. Egonaldiari dagokionez, toki batzuetan familietan egoteko aukera izango da, eta, beste batzuetan, berriz, ikasleen egoitzetan hartuko dute ostatu.

Gaztekutxa Txartelaren titular diren gazteek %5eko beherapena izango dute ikastaroaren prezioan, eta, gainera, atzerrian kutxazainak erabiltzeko aukera ere izango dute. Kutxaren zeinahi bulegotan eman ahal izango da ikastaro hauetarako izena. Izena ematean, kopuru osoaren %20 ordaindu beharko da, eta gainerako %80a, bidaiaren hasieran, epeka ordaintzeko aukera ere ematen delarik: lau zatitan ordaindu ahal izango da, inolako interes-tasarik gabe.

Gaztekutxak atzerrian ingelesa ikasteko eskaintzen dituen ikastaroak teknikoki aurrera eramateko erantzukizuna Gantourren bizkar geratuko da, horixe baita kutxaren bidaia-agentzia. Eta, hain zuzen, Gantour Bidaiak agentzia izango da bai ekainean bai ikasleak beren bidaietan abiatu aurretik gazteak eta beren familiak bilera batera deituko dituena. Bertan, bidaietako tutoreak aurkeztuko dituzte, eta bakoitzari dagozkion agiriak emango dizkiote.

Kutxaren gazte-bulegoko webgunean, www.gaztekutxa.net helbdiean dago ikusgai ikastaro bakoitzari buruzko informazio zehatz eta osotuagoa.