Zinea  II. urtea // 21. zenbakia - 2003ko martiaren 1a

About Schmidt


Joseba Terreros

- Zuzendaria: Alexander Payne.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 125 min.
- Interpretazinoa: Jack Nicholson (Warren Schmidt), Kathy Bates (Roberta Hertzel), Hope Davis (Jeannie Schmidt), Dermot Mulroney (Randall Hertzel), June Squibb (Helen Schmidt).
- Gidoia: Alexander Payne & Jim Taylor; Louis Begley-en nobelan oinarriturikoa.

Edozein film egiteko atxakia emoten daben aktoreak izaten dira. Jakina danez, Jack Nicholson horreetariko bat da eta batzuetan beraren interpretazinoak lar histrionikoak diran arren, beste batzuetan pantaila osoa beteteko moduko jarduna darabil. Hori berori ikusi geinke Alexander Payne-ren satira honetan, gaur egungo mendebaldeko gizartearen erretratu zorrotzean, hatan be.

'About Schmidt' filmak existentzia aprobetxau ez dauen gizon baten bizimoduaren zatiak erakusten deuskuz. Bere lehengo lankideakaz edo familiagaz dituan hartu-emonetan fartsa antzeko bat igarten da, itxureak maminak baino garrantzi handiagoa hartzen dauen bizimodu triste eta bakartia. Pertsonaia batzuen ahotik pelikulan entzuten diran berbaldi hutsalak sentimentu bako fatxadak besterik ez dira, kasu baterako Warren-en jubilazino jaian edo alabearen ezteguan egindakoak; biak be sinisgarritasun izpi bako berba hutsak dira, itxureari eusteko helburua besterik ez dabenak.

Protagonisteak ohikeriazko patu hori aldatu eta bere bizimoduaren kartzelatik askatzeko eginahalak egingo ditu. Halan, detailerik xumeenak izango dira espiritua asebeteko deutsienak: kanpin baten bikote bitxi bategaz izandako topaketea edo izar azpian hildako andreagaz izango dauen monologoa. Baina, batez be azkenengo minutuak azpimarratu behar dira; horreetan, Warren-ek argi izpi bat ikusi eta honakoa dino: beranduegi izango ete da?

Edozelan be, 'About Schmidt' pelikula argitzat jo leiteke; ikuslearen adimenari barre egiten ez deutson film horreetariko bat da; bidaia baten antzera hasi eta amaitzen da, baina akabukerea sekula ez da behin betikoa. Ez da ezelan be gutariko inork bizi gura leukean filma, baina bai askok eta askok bizi dabena. Horregaitik, Payne-ren filma ikusteko esperientzia nork bere buruagaz berba egiteko eremu txiki bat izan leiteke; seguru asko geure buruari sarritan itauntzen ez deutsaguzan galderei erantzuteko aukerea emongo deusku, bai eta erantzunak topetan ahalegintzeko bidea be. Schmidt jaunak ez dauka erantzunik, beharbada belu hasi zalako topetan. Dana dala, horregaz konturatzea, leku hobera joateko abiapuntua izan leiteke. Eta hori guztiori ez da gitxi, birizik gagozan seinale.