Popularren konbentzinoa: gaixotasun zaharrak osatu ezinda
Iñaki Atxutegi
Aro barria noiz etorriko zain gagozala Espainiako Alderdi Popularrak Konbentzinoa antolau dau. Jaialdi erraldoia, benetan. Militanteak, kamarak, txalo zaparradak eta bonbonkeria alde guztietatik.
Ez da inor falta izan: Aznar, Fraga, Acebes, Zaplana… Buruzagi popularrek behin eta barriro adierazo dabe bide onetik doazela eta boterea barriro berreskuratzeko prest dagozala. Komunikabideek aho batez esan deuskue PPren diskurtsoa gogorra izan dala. Hain zuzen be, ez dabe ezelako akatsik onartzen azken urte honeetan egindako lanari jagokonez. Esandakoa entzun eta gero gehiengo osoa atarateko asmoa daukiela emoten dau, euren diskurtsoak ez deutsolako biderik zabaltzen beste inogaz koalizinoa egiteari.
Jose Maria Aznarrek esandakoak egunotako euzsteko bakarra ekarri dau. Bere esanetan gobernu popularrak ez eban negoziazinorik egin ETA erakundeagaz agintean egon zan bitartean. Hain zuzen be, Zurichen izandako alkarrizketan indarkeria bertan behera ixteko eskatu eutsen ETAkoei trukean ezer eskaini barik.
Hara, badakigu oposizinoa egin behar izateak gehiegikerietara eroaten dituala politikoak. Baina uste dot nik egia ez dana esatea oposizino lana egitea baino gehiago dala.
Gogoratu daigun Uriarte gotzaina bitartekari lanetan ibili zala garai haretan. Gogoratu daigun jentaurrean onartu ebala Aznarrek Euskal Nazino Askapenerako Mobimentua (berba honeekaz) interlokutore lez. Gogoratu ETAko preso batzuk hurreratzeko mobimentu apalak egin izan zirala. Honeek ez ete ziran alkarrizketak errazteko keinuak?
Ez dot uste nik Aznar ETAren aurrean politikoki amore emoteko prest egoanik, Zapaterok egingo ez dauen lez. Pake gosea danok daukagu, jakina, baina ez dago edozein pake onartuko dauen politikaririk. Eta pakea etorriko danean, mundu guztiak gura izango dau politikoki ahalik eta gitxien emon edo galtzea. Hau politikearen gakoa da.
Euskal arazo korapilatsu horretatik eta, batez be, horren ondoriorik mingarrienei urre gorria atarateko prest dago Alderdi Popularra. Zalantza barik, Gobernu sozialisteak agertzen dituan ahuldadeak aprobetxau egin behar ditu PPk Espainia saldu egiten dauela adierazoz. Orain hamar bat urte gauza bera egin eben. Eta arrakastea haundigaz, ganera.
Bien bitartean, uritar inuxente batek bere buruari itaunduko deutso: baina popularrek ez dakie zer dan erantzukizuna indarkeriagaz amaitzeko aukerea dagoanean? Hara, Espainiako estaduan homosexualak eta heterosexualak ezkondu egiten dira holan gura badabe, baina gaur egungo Espainian erantzukizun politikoa eta alderdi popularra ezkondu ezinda dabilz.