Bertsotan  IV. urtea // 152. zenbakia

M-aren zortzikoa


Bertsolaritzearen aberasgarri

Ez, oraindino ez dogu emakumeen mundua bertsotan ezagutu. Emakumeak agertu dira plazan, baina plazeak gizonezkoena izaten jarraitzen dau. Gizonezkoek pentsautako jarduna da gaur egungoa be, bertsolarien izakeran, eta kantaeran, gizonezkoentzako gorde izan diran balioak dira estimauenak: kantaera sendoa, eskuak atzean lotuta, jarrera agresibo eta lotsabakoa... Gaietan be gizonezkoen erreferentzia mundua izan da iturri, eta orain gai emeak sartzen hasi bagara be, oraindino emakumeak bai, baina emakumeen munduko gai gitxi agertu da plazan. Eta horra sartu dan emakumea balio horretara makurtu behar izan da, aurrera egin gura izan badau behintzat. Ez dinot nik bakarrik, emakume bertsolariek (35 urtetik beherakoak danak) igaz egindako topaketa batean ataratako ondorioa da. Tabladura igotakoan euren balio femeninoak behean itxi eta gizonezkoenak marketan ibili dirala. Eurak konturatu izana handia da. Ez daukat dudarik bertsolaritzea asko aberastu dauela emakumea sartzeak, eta gehiago esango dot, gizartean bertsolaritzeak irabazi dauen prestigioan faktore garrantzitsua da emakumezkoen presentzia. Presentzia ez bakarrik kantuan, baita bestelako arduretan be: gaiak jarten, epailetza lanetan, Bertsozale Elkarteko ardura eta eragiletza postuetan, bertso-eskoletako ardura eta irakasle lanetan... Modu naturalean ari dira lekua egiten, modu naturalean hartu doguz besteok (egia esanda, ez dot imaginetan beste modu batera), eta emakumearen ikuspegia bermatzerainoko baldintzak sortu dira, berez. Baina lana dago egiteko. Bertso-eskoletan ia mutikoak beste badabiz neskatoak, zer pasetan da oraindino plazara salto egiterakoan? Zer, ama izateko sasoian dabilen bertsolariagaz? Ez da gauza bera Aitor Mendiluze aita izatea ala Oihane Perea ama izatea. Gizartean barruratuta doguzan rolak eragin handiegia daukie. Noz entzungo dogu hilekoaren inguruan arilkatutako gaia? Noz bertsolariak etxeko lanak egiten?

Galdera batzuk dira. Eta emakumeek eurak emongo dabe erantzuna. Eurak aberastu behar dabe oraindik eta gehiago bertsogintzea eta bertsolaritzea. Euren balioez aberastu, euren barruko gaien ganean kantatuz eta kantauazoz. Bertsolari arrak be nor izatearen bilaketan ari diran garaiotan, emeek be topau behar dabe euren esentzia, presentziaz haratago. Bertso-eskoletan egin beharreko lana da, baina asko lagunduko dau gaur egun plazan ari diranek egiten dabizan hausnarketeak, eta ekinak, gaztetxoek erreferentziak behar dabezalako, eta lehenago horrek huts egin dauen modu berean, gerora erabagigarria izan daitekelako. Plazan kantetan ari diranen artean badago ama izan danik, izekoak beste batzuk, bardin gai-jartzaileen artean; laster eskola atariko kafetegian bertso saioa antolatuko dogu, eta ama izan gura ez dauenak be kantauko dau bertan. Orain artean emearen zortzikoak entzun doguz. Orain zortziko emeak entzuteko irrikitan nago. Animo neskak!

Iñaki Aurrekoetxea

Asteko egun seinalatuan
arrazoi hanka bikoa:
emakumea eta bertsoa
ez dala gai topikoa.
Plazan lekua egin deutsie,
sarritan sinbolikoa,
egunak egun, neurriak neurri,
ez dogu entzun nahikoa...
bertsolaritzan aztergai bada
M-aren zortzikoa.

‘Martiaren (edo martxoaren) zortzikoa’ irakurri dozuenok, mesedez, emon atzerantza pausu batzuk eta irakurri (edo kantau) bertsoa barriro, baina oraingoan azken puntua ‘emearen zortzikoa’ irakurrita.

Eskerrik asko parte hartzeagaitik. Lehenengo irakurraldia nahikoa izan dozuenoi, zorionak, ez dalako erreza hanka biko honen arrazoiak atrapetea. Ez dot martiaren zortzikoaz idatzi gura, ezpadaze emearen zortzikoaz. Egunak atxakia emon deust horretarako, baina ez dot panfleto sinbolikorik eskaini gura. Gaur egungo errealidadeari argazki txiki bat atarako deutsat eta gizartean horren irudi ona irabazi dauen bertsolaritzan emakumeak bete dauen eta bete beharko leuken lekuaz gogoetea plazaratu.

Emakumeak bertsolaritzan ez dira askok uste bezain oraintsu sartu. XIX eta XX. mendeko erostarien artean ba ei ziran bertsotan egiten eben emakumeak, eta emakume bertso-jartzaile asko izan ziran. Hori bai, jentaurreko jarduna gizonezkoen monopolioa zan, eta horregaitik zan plazako bertsolaritzea gizonezkoen esparru. Gaur egun bestelako egoerea bizi dogu: emakumea plazan sartu da, eta zailtasunak zailtasun, lekua egin dabe bertsolaritzan. Azken Txapelketa Nagusian parte hartu daben 38 bertsolarietatik 10 emakumeak dira (finalean bigarrena ez da urrun ibili), gai-jartzaile taldeko zortzikotean erdia, epaile taldean bederatzitik bi baino ez... Zer esanik ez, zenbakiek ez dabe normaltasunik adierazoten, baina esan geinke bertsoaren munduan modu naturalean ari da emakumea gero eta esparru zabalagoa beteten. Egia da azken urteetan kupo bat beteteko konpromisoagaitik deitu izan dirala sarritxu emakumeak tabladura, baina horrek be alde ona izan dau, bertsolari batzuri jentaurreko jardunean esperientzia polita batzea ekarri deutselako. Kupoarena hor dago, baina orain, eta bertsolari gazteen belaunaldi barriari begiratuta, nahastauta topauko dozuz neskak eta mutilak, eta kasu batzutan, Bizkaiko azken eskolarteko finalean kasu, neskak kopuruz eta kalidadez gehiago dirala. Zer esan gura dau honek, emakumeen mundua agertu dala plazan?