Euskerea berbagai  IV. urtea // 152. zenbakia

Odol gaiztorik ez


Bizkaiko odol-emoileen alkarteak argitaratutako papeltxo baten hasieran
azaltzen zan:

Begiko odol-emailea...
Estimado donante...

Dana dala, papel hori ‘perlaz’ josita egoan. Eskuratzerik badozue...

Neuk antologia horretako adibide batzuk baino ez dodaz plazaratu artikuluan. Zeuena tartean.

‘Gaurkoari gehiago begitu behar jakola uste dot. Eta transfusinoarena be alde batera itxi bazendu, asko be hobeto, hori askoz be serioagoa dalako. Zeure artikuluaren azken lerroan dinozun moduan, neuk bai 'leidu eta flipau' zure disparateakaz. Euskalgintzan ezer aurreratzen dogu halakoak eginaz, ala? Ezezkoan nago.’

Gaurkoari be erreparetan deutsagu, ostantzean begitu TravelClub enpreseari buruz orain aste batzuk idatzitakoa. Antologia berbak, ostera, ezin dau berehalako gaurkotasunik euki. Eta tranfusinoarena, barre egiteko aitatu neban, argi danez, hozkia emoten eustalako xiringa bat begitik paraje ikuste hutsak. Larregiko umorea bazan, parkatu begie mindutako irakurleek. Edozelan be, serioa izan leiteke holan behar danean, baina ez ukatu barrerik barrean. Eta ‘leidu eta flipau’ esaerearena, Bilbao Urban Circuiteko testuarentzat bazan be, egia da ganerako disparateei aplikau leikiela. Gauza bat garbi itxi gura dot, ostera: horreek ez dira ‘neure’ disparateak, euren arduradunenak baino. Eta disparate horreek, ezelako dudarik barik, salatu beharrekoak dira neure eretxirako.

Azkenik, erantzuteko testu hau askoz be laburragoa egingo neukeen euskalgintzea aitatu ez bazendu. ‘Euskalgintzan ezer aurreratzen dogu halakoak eginaz, ala? Ezezkoan nago.’ Euskalgileek barre egiteko eskubidea daukie. Barre egin dagiela negar ez egitearren. Hala ta guztiz be, ze preziotan egin behar dogu aurrera: gogoetarik egin barik? Egiten dana bere horretan onartuta? Autokritikoak izan barik?

Nik argi daukat euskalgintzan ez dogula aurrera egingo ‘Begiko odol-emaile’ ‘Estimado cliente’ berben ordain legez jarrita. Are gitxiago, hori jarri eta ganera defendiduteko arrazoiak topau guran ibilita, defendiduezina defendidu guran. Beraz, neu be ezezkoan nago.

Holan eta guztiz be, barriro dinot neure helburua ez zala inori odol txarrik egitea. Euskerea dan berbagai serioan barre apur bat baino ez neban sortu gura. Inork egindako itzulpen xelebreen kontura izan dala? Ba bai.

Gurako neuke antologiarik ez egotea, artikuluak euskalgintzearen ondoizateaz egiteko. Zer egingo jako ba!

Xabier Paia

Amagoia L. de Larruzea Zarate Gernika-Lumoko Odol-emoileen Alkarteburu eta Dosanbiz-Bizkaiko Odol-emoileen Elkarteko Idazkariari:

Ikusten danez, ‘Zelan esaten da…’ artikuluak odola berotu eutsun, baina borborka eukita be ez jatan gustauko odol txarrik egitea. Ni odol onekoa naz eta odolak burura jo baino arinago, ahaleginduko naz zeure odol jauzia baretzen, odol jausirik egon ez daiten. Horretarako, ostera, zeure testua zati bitan banandu dot:

‘Disparateak disparate,’Begiko odol emaile’ zeuk emondako adibidearen jatorrira jo eta noizkoa izango eta 2001eko datakoa izan da! Urrun, ezta? Ez dinot nik holako asko ez diranik baina, urteak urte, 2006an gagozala hain urruneko adibidea emonik barregarri jarri dozu eta horreri be puntu batean disparatealakoa deritxot.’

Neuk ez nekian nozkoa zan zeuen itzulpen disparatea; eskerrik asko zehaztasunagaitik. Ez neutson dateari erreparau. Edozelan be, orain bost urteko disparatea izanda be, ondino disparatea da. Maria Antonieta Maria Antonia izan beharko zan, Mantxako kanala Mahukakoa eta ondino horreen jatorria kuriosoa egiten jaku.

Neure testuaren asmo nagusia 'Itzu'l itzultzaileen posta zerrendearen barri emotea zan eta zerrendan dagoan ‘Antologia del Disparate’ mezu-sorteagaz barre egitea. 'Itzul'-en zeregina itzulpenen ganeko dudak argitzea da, baina bere datu baseko bilaketen atalean ‘Antologia del disparate’ jarri ezkero, hizkuntzen zubi-lanean dabizanek topautako itzulpen disparate edo deskalabru ugari agertuko dira. Eta adibide asko barregarriak dira. Zeuena kasu. Hau da zeuen itzulpen hutsari buruzko testua: