Transamerica
‘Transamerica’ zinemagintza independentearen barruan egindako film atsegin eta apala da, ikus-entzuleak liluratu ez, baina tarte on bat pasetako eta transexualidadearen ganeko gaiaren inguruan hausnartzeko aukera interesgarria opesten dau.
Pelikula honek dramea eta komedia egokiro nahastau eta behar besteko apaltasun eta soiltasunez jokatzen dau, neurri-neurrian. Egia da, baina, hainbat unetan genero bien arteko zelan edo halango desorekea dagoana (Bree-ren amaren jokabidea lar histrionikoa da), baina kontakizuna gusto onez eta errespetuz eginda dago, eta, ondorioz, normalean luzemetraia independente honeetatik igesi dabilzan ikusleek be atseginez ikusi leikie. Ganera, kontakizunaren ildoa erritmo bizi eta egokian atonduta dago eta ez dauka gorabehera handirik, jakingarritasunari uneoro eusten deutso eta.
Felicity Huffman-en antzezpena zoragarria da pelikula honen beste kinagarri nagusietariko bat; ez da erraza izan behar andrazkoa izan gura dauen transexual baten narrutan imintea, baina, hori albo batera lagata, Huffman-ek distiratsu jarduten dau bere personaiaren sexua lar garrantzitsua ez dan eszenetan be, sentimentuak agirian imini behar dauzenean, hain zuzen. Era beratan, gazte hezigatxaren papela beteten dauen Kevin Zegers-en antzezpena be on-ona da eta ez dira atzean geratzen Fionnula Flanagan-en edo Graham Greene-ren ekarpenak.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoia: Duncan Tucker.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 103 minutu.
Antzezleak: Felicity Huffman (Bree), Kevin Zegers (Toby), Fionnula Flanagan (Elizabeth), Elizabeth Peña (Margaret), Graham Greene (Calvin), Burt Young (Murray), Carrie Preston (Sydney), Venita Evans (Arletty), Jon Budinoff (Alex), Raynor Scheine (Bobby Jensen).
- Argazkia: Stephen Kazmierski.
- Muntaia: Pam Wise.