Euskerea berbagai  II. urtea // 21. zenbakia - 2003ko martiaren 1a

Gazteak euskal hiztun dira?


Erramun Osa

Euskerearen ezagutzea gehitzeari jagokonez, hezkuntza arautuan egin dira ahaleginik gehienak, halan da be, hasiera baten, belaunaldi gazteenen euskalduntzea ahalbidetuta euskerearen kinka larria gainditzea aurreikusten bazan be, hogeita bost urtez beheko edade taldeetan jazo dan biztanleen urritze progresiboak1 belaunaldi gazteenen garrantzia erlatibizau eta biztanleria-piramidean dauen eragina apaltzea ekarri dau. Horrek, besteak beste, euskerearen ezagutzearen abiadurea moteltzea eragin dau. Belaunaldi gazteenen artean, euskerearen erabilereari gehitzeari jagokonez, ez da inondik inora ezagutzan izan dan bilakaerearen proportzinoan jazo. Uri eta gune erdaldunetan, gazteen euskerearen erabilerea erabat anekdotikoa da. Kontuak kontu, badira nahiko arrazoi horretarako, hezkuntzearen zein hizkuntza politikearen ildoak finkatzean –ezinbestean– kontuan hartu beharko geunkezanak.

Horreen artean, hizkuntzearen ezagutza eznahikoa aitatu beharko geunke, halako zein bestelako egoeretan erraz eta era egokian jarduteko muga nabariak ezarri ohi dituana; halakoetan, hiztunak erraztasun handiagoz darabilen hizkuntzea erabilteko joerea izaten dau. Haur eta gazteek erabilten daben hizkuntza aldaeretan, bestalde, eragin handikoa da –batzuetan erabagigarria– irakasle eta osterantzeko profesionalek erabilten daben eredua. Hartara, irakasleek euskera 'ona' erabili eta euskerea 'ondo' irakatsi daien, hasierako eta etenbako prestakuntzan (euskerearen eredu ona eskuratzen lagundu ez eze, hizkuntzen irakaskuntzeagaz zerikusia daben oinarri teorikoak zein esperientzien trukatzeak bideratuz...) ahalegin handiagoak egin behar dira, bidebatez, irakasleen formazinoa ahalbidetzera bideratutako egitarauak (Irale, Garatu...) oinarri-oinarrian birplanteatuz.

Zer dira hizkuntzak alkarreraginean ari diran hiztun barik, eta zer hiztunak, daben hizkuntzea erabilteko aukera, erabilera eremu barik?

Hizkuntzearen ezagupena ez eze dakigun hori eskolatik kanpo erabilteko doguzan aukera urriek euskereagazko atxikimendua ahuldu, gaitasunean atzera egiten erraztu eta erdaren aldeko joerea indartzea be badakarre. Testuinguru horretan sakonduz, euskerea, oro har, ez da hiztun taldearentzat beharrezko hizkuntzea, hartara, beharrezkoa ez dan hizkuntzea –ekonomia linguistiko zein bestelako erispideen pean– atzera aurrera desagertu egiten da.

Gazte belaunaldiek, erdarei funtzino komunikatiboa emoten deutsie eta euskereari, barriz, funtzino sinbolikoa eta politikoa. Iparraldean, berbarako, galdutako eta atzeraka doan mundu bati lotuta ikusten dabe euskerea. Uniformizazinoak eta mundializazinoak hizkuntza 'nagusiak' –ingelesa, batez be, baina ez hizkuntza hori soil-soilik– ikastera bultzatzen dabenean, euskerea hiztunentzat behar-beharrezkoa dan hizkuntzea bilakatzea lortzen ez badogu, astiro-astiro, funtzino sinboliko eta politiko hori be makalduz joango da eta euskerea albo batera lagako dan balio erantsibako kontua izango da. Beraz, euskerea komunikazinorako tresna eragingarria eta hiztunentzat behar-beharrezkoa zein hiztun gaientzat hizkuntza erakargarria bihurtu behar da.

Era berean, ikasleak urteetan txikiak diranean, eskolearen ordainsari propioek badabe euren eragina ikasleen jardunean. Edadean aurrera egin ahala, eskolan gora (goiko kurtsoetara) egin ahala, geroz eta zabalagoa dan gizartearen ordainsariei2 begira jarten dira ikasleak, horren ondorioz, oso aldats gora egiten jako eskoleari bertoko ikasle zaharrakan eragitea3 –nahiz eta halako euskera-maila bat dagoeneko eskuratua izan– , eta gazte horreek, gelatik atara orduko, euren artean euskeraz egiten segidu daien bermatutea edo bultzatzea. Saio batzuk gorabehera, 'gizarteak agintzen dauen' hizkuntza baten, bestean egin edo (abagunearen edo momentuaren arabera) bietara jo ohi dabe ikasleek. Testuinguru horretan sakonduz, gizartearen maila desbardinetan baloretan eta aintzat hartzen ez dan hizkuntzea, luzaro barik, hiztunek albo batera ixteko eta onarpen zabalagoa dauen hizkuntzea gailentzeko joerea indartu egiten dauela hartu beharko geunke kontuan.

Gazteen artean euskereak izan dauen bilakaerearen kontrapuntu legez, erabilten dan hizkuntza eredua jarri beharko geunke

Hizkuntza ereduak euskerearen aldaerakaz, tokian tokiko aldaerakaz konparetan badoguz, gero eta deslotuago agertzen da, eta horrek eskolaz kanpoko hizkuntzearen erabileran eragiten dau. Era berean, euskerea zuzen erabilteko dagoan gehiegizko presinoa arindu behar dala begitantzen jat. Izan be, gazte berbeta aberatsa eta freskoa sortzeko behar dan askatasun giroa galarazo dau hainbatetan hizkuntzearen ganeko gehiegizko kontrolak, baita hizkuntzea kontrol barik garatu eitekean esparruetan be. Bestalde, gazteen artean euskerearen erabilerea indartzeko bestelako aldaerak (argota, hitanoa...) sailkatzea eta kontuan hartzea sano garrantzitsua da. Izan be, euskera egokia eta une egokian erabilteko gai ez dan hiztunak ez dau komunikazinorik lortuko, ez dau hizkuntza erabiliz gozauko, eta, azken baten, euskerea bazterrean itxita beste hizkuntza bat erabiliko dau.

Beraz, artikulu honen izenburuak airean lagatako itaunari BAI erantzun ahal izateko, hau da, gazteen artean euskerearen erabilerea indartzea lortzeko, besteak beste, gai honeek guztiak bideratzeko urratsak egin beharko geunkez.





(1) EAEn, 1982-83 ikasturtean, 523.622 ikasle ebilzan irakaskuntza ez unibersitarioan ikasten, 1999-2000 ikasturtean, ostera, 310.283 ikasle. Hamazortzi urteko epean ikasle kopurua % 40,75 jaitsi da.
(2) Astialdiko arau sozialak, lan merkatuaren eskakizunak, kale-bizitza arrunt, normal, egunerokoan gailendurik dagozan konbentzinoak, e.a.
(3) Egoera hori askozaz larriagoa izatea bultzatzen daben dinamikak badagoz hezkuntzan. Izan be, ikasleak ikaste-prozesuan aurrera egin ahala, euren esku hartzea murrizten daben metodologiek indar handiagoa hartu ohi dabela ganeratu beharko geunke. Zikloek nahiz etapek aurrera egin ahala, dakiena azalpenen bidez transmitiduten eta eduki horreek ikasleek buruz ikasi daiezan ahalegintzen diran profesional multzoa indartzen joan ohi da. Profesional honeek metodologiak erabarritzen eta eguneratzen atzeratuenak dira eta erabilten dituen estrategiekaz edukiak zein gaitasunak garatzea ezinezko egin ez eze, gehien-gehienetan, ikasleen esku-hartzea hutsaren hurrengo izatea eta jasotzaile jarrera pasibora bultzatzea ez besterik lortzen dabe. Honek guztionek, euskerearen ezagutzea baldintzatu ez eze euskerea erabilteko jarrerea be apaltzen dau.