Casanova
Veneziako 'Casanova' maitale asegatx eta ospetsuaren ganeko film honek ikusleak entreteniduteko bestelako helbururik ez dauka eta, egia esan, horretan nahiko fin dabilela adierazo beharra dago. Honako hau pertsonaia karismadunen, alkarrizketa distiratsuen eta egoera barregarrien komedia bat da. Edozelan be, hainbat unetan indarge agiri da, makal, batez be pelikulearen lehenengo zatian.
Zorionez, aktoreak berehalakoan konturatzen dira eskuartean daukien beharraz, eta ez da harritzekoa Heath Ledger-en jario eta etorria, ez eta Frantzeska interpretaukeran Sienna Miller erakargarriak erakusten dauen bizitasuna be. Baina, benetan ondo be ondo pasau dabenak Oliver Platt, Jeremy Irons eta Lena Olin izan dira, eszenarik barregarri eta bihurrienetan esku hartzeko aukerea euki dabe eta.
Azkenik, ezin da albo batera itxi 'Casanova' egiteko erabilitako diseinu ikaragarria: argazki lan bikaina, jantzi ikusgarriak, Venezia irudikatzeko edertasuna eta dan-dana girotzeko musika gozagarria. Horregaitik besterik ez bada be, merezidu dau asmo handi bako luzemetraia arin hau ikustea.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Lasse Hallström.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 108 minutu.
Antzezleak: Heath Ledger (Giacomo Casanova), Sienna Miller (Francesca Bruni), Jeremy Irons (Pucci gotzaina), Oliver Platt (Paprizzio), Lena Olin (Andrea Bruni), Omid Djalili (Lupo), Stephen Greif (Donato), Natalie Dormer (Victoria), Ken Stott (Dalfonso), Helen McCrory (Casanovaren ama), Charlie Cox (Giovanni).
- Gidoia: Jeffrey Hatcher eta Kimberly Simi; Kimberly Simi eta Michael Cristofer-en argumentu batean oinarrituta.
- Argazkia: Oliver Stapleton.
- Muntaia: Andrew Mondshein.