Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 152. zenbakia

‘Da Vinci's Code’-ren turistak


Begiluzea

Mona Lisaren irribarrea sekula ez da hain misteriotsua izan. 'Da Vinci’s Code' liburua agertu zanetik hona, 'Lerro arrosa', 'Grial Santua' edo 'Siongo Prioretza'-ren moduko berbak eta esakuneak Paris egunean-egunean bisitetan daben milaka turista iparramerikarren ahotan eta ibilbidean sartzen dira. Louvreko Museotik Saint Sulpice eleizaraino, Paris iparramerikarrek idolatraturiko 'best-seller' honetatik zeharreko bidaia bihurtu da.

Igazko udatik milaka turista, gehienak estadubatuarrak eta britainiarrak, aldra batean abiatzen dira Sain Germain-eko auzoan dagoan eleiza honetara. Honako hau obelisko bitxi baten bila joateko bisita errituala da; izan be, Dan Brown-en liburuari men egin ezkero, bertan eleiza katolikoak gizaldi eta gizaldietan gordetako sekretua ei dago. Baina obeliskoa parrokiako abade batek XVIII. mendean eregitako eguzki egutegi bat baino ez da, bisitari askok liburuak dinoanari kasu egin gurago badabe be.

Louvre-ko kontraesanak

Senaz bestaldean, 'Da Vinci's Code' liburua aitatze hutsa heresiatzat edo fabulatzat baino ez da hartzen. Louvre-ko Musoean Leonardo Da Vinciren margolanak dagoz eta liburuaren arabera koadrootan mendetako kode sekretuak gordeten dira. Hainbeste itaun eta eskabideren ostean, museoko prentsa atalak ez dauela fikzino lanen ganeko aitamenik egiten adierazo behar izan dau.

Museoko galeria nagusiko funtzionarioak ez dira hain zorrotzak eta liburuan deskribidutako eszenatokien kokapena seinaletan dabe arazo larregi barik. Da Vinciren Hatxen Birginearen eta Caravaggioren Birjinearen Heriotzearen artean hil egiten dabe Louvreko kontserbatzailea liburuaren lehenengo atalean. Eta museoko funtzionarioek, euren izena esan barik, errealidade eta fikzinoaren arteko kontraesanak be agirian iminten dabez. Euren esanetan, Caravaggioren margolana lar pisutsua da persona bakar batek altxau ahal izateko. Eta Hatxetako Birjinearena ezin da arrakalatu belaunaren kolpe batez, egurrezko ohol gogorren ganean eginda dagoalako.

110 euroko bisita gidatuak

Ellen MacBreen-ek mundu osoan liburua erosi daben hamabost miloe personetariko bat da, eta Parisko Louvre-n Brown-en liburuaren ganeko bisita tematikoak antolatzen hasi zan lehenengoetarikoa. Estadu Batuetan liburu honen 7 miloe ale baino gehiago saldu dira eta bisitariak 110 euro pagetako prest dagoz, museoko gidariek Leonardo Da Vinci eta Siongo Prioretzearen arteko hartu-emonen ganean esango ez leukiena entzun ahal izateko. Gidari oportunista honek dinoan lez, liburuak hainbat eztabaida zabaltzeko bide emon dau, kristinautasunaren, feminismoaren edo Errenazimenduko pinturea ulertzeko moduen ganean.

Louvreko Museoan ikusgai dagozan Da Vinciren lanen aurrean, 'androgino' berbea Florentziako jakintsuaren margolana interpretetako giltzea da. Liburua irakurri daben personek askoz be gehiago jakin gura dabe tenplarioen, birjin baltzen edo lerro arrosen ganean, eta 110 euroko edo handik gorako zerbitzuak pagetako prest dagoz. Egia esan, pagotxa eta mauka itzela fikzinoaren kontura benetako dirua atara gura daben guztientzat.